Marcosen agiriek markatu dute altxamendu zapatistaren 19. urteurrena

Komandanteordeak Enrique Peña Nieto presidentearen aurkako oposizio «zibil eta baketsua» iragarri du

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Atzo hemeretzi urte, EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista Chiapasen (Mexiko hego-ekialdean) altxatu zen, indigenen eskubideen alde borroka egiteko asmoz. Urtero bezala, aurten ere altxamenduaren urteurrena ospatu dute zapatistek, baina aspaldi ez bezalako jendetza bildu, eta aurrekariak bildu dira aurtengo ospakizunotan. 40.000 pertsona inguruk bat egin zuten Chiapasko hainbat komunitatetan abenduaren 21ean, maien egutegi aldaketa zela-eta EZLNk antolatutako martxa isiletan, komunitate indigenen beharrak bete gabe daudela gogorarazteko. Herenegun, berriz, EZLNko Marcos komandanteordeak sinatutako hiru komunikatueman ziren argitara, «datozen egunotan» zapatismoak bultzatutako hainbat ekinaldi «zibil eta baketsu» aurkeztuko direla iragarriz.

San Andresko Itunak gogoan

Ekinaldiokin, Enrique Peña Nietorekin boterera itzuli berri den PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren aurkako oposizioa egingo du zapatismoak. Eskaera ere egin dio Mexikoko presidente berriari: Ernesto Zedillo alderdikideak EZLNrekin sinatu zituen San Andresko Itunak bete ditzala. Itun horiek indigenen eskubideak eta kultura Mexikoko Konstituzioan onartzea eta jasotzea aurrikusten zuten, baina ez da oraindik halakorik gertatu.

Peña Nietok Gobernazio ministro izendatu duenak, Miguel Angel Osorio Chongek, hauxe esan zuen abenduaren 21eko manifestazioen karietara: «Zapatistek ez gaituzte ondo ezagutzen». Marcosek igandeko komunikatuetako batean erantzun dio esanez zapatistek oso ondo ezagutzen dituztela Mexikoko Gobernuko kide berriak. Horietako zenbaiten inguruko datuak eman ditu segidan.

PRI ez da EZLNko buruaren kritiken jomuga bakarra, ordea. «Militarki, politikoki, sozialki eta ideologikoki» zapatismoaren aurka egitea leporatu dio Nietoren aurkari nagusi Andres Manuel Lopez Obradorri. Hedabide handien aurkako kritikak ere egin ditu, zapatisten ideiak isilarazten aritu direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.