Hasi dira AEBetako Gobernuko kide izan daitezkeenen izenak zabaltzen. Marco Rubio Floridako senatari errepublikanoa izan da azaleratzen lehenengoetarikoa. Ez du Donald Trumpek iragarri, ezta Rubiok berak berretsi ere, baina hainbat komunikabidek zabaldu dute buruzagi errepublikanoak hura aukeratu duela Estatu idazkari kargurako, diplomazia lanak egiteko, alegia.
Trumpen oso gertukoa da Rubio —presidenteordegai izateko aukeren artean zen senatariaren izena—, eta, hura bezala, Txinarekiko politikak gogortzearen aldekoa da, baita Iran, Venezuela eta Kubaren kontrako neurri gogorragoak bultzatzearen aldekoa ere.
Kubatik ihesi joandako migratzaileen semea da Rubio, eta 2010etik senatari. Gaur egun AEBetako Senatuko Atzerri Informaziorako Batzorde Bereziko burua da, baita erakunde horretako Atzerriarekiko Harremanetarako Batzordeko kidea ere. Txinarekiko kritikoa ez ezik, Israelen defendatzailea ere bada. Adibide bat ematearren, iaz gerraren aurkako ekintzaile batek Palestinan hildako zibilei buruz galdetu zionean, halaxe erantzun zuen Rubiok: «Horiek Hamasen erantzukizuna dira, erabat».
Ukrainako gerrari dagokionez ere bat egin izan du Trumpen diskurtsoarekin. Gerra «blokeo egoera batera» heldu dela uste du Rubiok, eta hura amaitzeko Ukrainari presio egitearen aldekoa da, hura negoziazio mahaian eseri eta akordio bat lortzeko, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bilakatu beharrik gabe.
Beste izen bat ere zabaldu dute AEBetako komunikabideek, EPA Ingurumena Babesteko Agentziako buru izan daitekeenarena: Lee Zeldin, New Yorkeko Ordezkarien Ganberako kide ohia. Trumpek berak esan duen moduan, «Amerika lehenesten duten politiken defendatzaile sutsua» da Zeldin. Ordezkari ohiak sare sozialetan nabarmendu du AEBek energia alorrean zuten «nagusitasuna berreskuratuko» dutela, baita ibilgailuen industria «berpiztu» ere; hori guztia «aire eta ur garbia izateko eskubidea bermatuz».