Ghanako autoritateek Marburg birusarekin kontaktuan egondako ehun bat pertsona identifikatu dituzte. Aurrez, birus horrekin kutsaturiko bi kasu atzeman zituzten Ashango eskualdean uztailaren 7an, eta Dakarko Pasteur Institutuan egindako probek berretsi dute Marburg birusa zutela.
Patrick Kuma-Aboagye Ghanako Osasun Zerbitzuetako zuzendariak jakinarazi duenez, OME Osasunaren Mundu Erakundeak baiezkoa eman zuen lehen bi kasuak aztertzeko, eta Dakarko Pasteur Institutuan egin dute hori. Probak egin eta gero, Marburg birusa dela identifikatu dute. Ghanan antzeman den lehen aldia izan bada ere, Afrikan egon dira birusaren aldizkako agerraldiak lehenago: Ginean, Angolan, Kenyan, Ugandan, Hegoafrikan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan atzeman dira hainbat kasu azken urteetan.
Ghanako Osasun Zerbitzuak jakinarazi du Ebola birusaren antzekoa dela, eta honek ere ez du sendatzeko tratamendurik. Marburg birusa infektatutako odolaren eta gorputzeko likido eta ehunen bitartez kutsatzen da. Sintomei dagokienez, buruko eta giharretako mina eta odol gonbitoak eragiten ditu.
98 lagun berrogeialdian
Patrick Kuma-Aboagyek esan duenez, aztertu dituzten bi gaixoek sintoma horiek izan zituzten, eta orain 98 bat pertsona jarri dituzte berrogeialdian kutsatuekin kontaktuan egoteagatik.
Oraingoz beste kasurik agertu ez bada ere, zuzendariak jakinarazi du martxan dituztela «kutsatzeak murrizteko neurriak martxan», eta, beste kasuren bat izatekotan, osasun sistemak «aintzakotzat» hartuko duela. Horretaz gain, boluntarioen lana azpimarratu du: «Komunitateko ekintzak indartzen dituzte boluntarioek, eta ohikoak ez diren jokaeren berri ematen dute».