Mapetan ez dagoen herria

Dalai-lamari harrera egin dio Barack Obamak, Etxe Zurian. Pekin errezeloz mintzatu da bisitaz. HRWek salatu berri du «bihozgabea» dela Tibet barruan ahots disidenteen kontrako jazarpena

Mapetan ez dagoen herria.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Barack Obamak dalai-lamari harrera egin zion atzo Etxe Zurian. Mapen aretoan. AEBetako presidentearen egoitza ofizialeko etxabean dago sala hori, eta izenak izana badu: II. Mundu Gerran segurtasun handiko gela zen, eta hantxe elkartzen ziren agintari gorenak gerraren garapena aztertu eta taktika militarrak eta mugimendu estrategikoak zehazteko. Garai hartako mapetako mugak zeharo aldatu dira, eta badira orduko atlasetatik desagerrarazi dituzten herriak: II. Mundu Gerra amaitu eta bost urtera inbaditu zuen Tibet Txinak.

Dalai-lamari gela horretan harrera egiteak, eta ez mendebaldeko hegaleko bulego obalean, protokoloari erantzuten dio, diplomaziari, hitzak eta keinuak neurtzeari eta irudiak eta adierazpenak saihesteari.

Ez da aurreneko aldia presidenteak «budisten buruzagi espiritualari» ongietorria egiten diola, baina, aurrekoan bezala oraingoan ere, bisitak errezeloak piztu ditu Txinan. Jadanik munduko potentzia ekonomiko nagusia bada ere, sailkapen zerrenda horretan haren aurretik egon zen herrialdeak zeresan handia dauka politikoki Pekinentzat. Eta Obama Obama da. Lu Kang Atzerri departamentuko eledunak bezperatik ohartarazi zuen kontu hartuko zutela «bilera pribatu» horretaz: «Gure jarrera irmoaren berri eman diogu; espero dugu Washingtonek Txina bakarren politika auzitan jarri ez izana».

AEBetako presidenteak hirutan egin dio harrera dalai-lamari; azkenekoa, 2014ko otsailean. Eta, orduan ere, kritikak isilarazteko, zehaztu zuen «buruzagi espiritual eta kultural» gisa egiten ziola ongietorria, «nazioartean errespetatua zena». Pekinentzat, baina, harago doa izendapena: «Erlijioaren izenean ekintza separatistak sustatu dituen erbesteratu politikoa da».

Aspalditik defendatzen ditu dalai-lamak autonomiaren aldeko tesiak, baina, hala ere, beldur da Pekin: «Espero dugu mezu okerrik ez bidaltzea Txina zatitu nahi dutenei». Harago ere joan da: «Txina barruko auzietan ezin da inor sartu, ez dagokion lekuan sartzea litzateke».

Lurralde batasuna

Lurralde batasuna auzitan jartzea ez da, ordea, zeharkatu ezin daitekeen marra gorri bakarra. Txinak tibetarren identitate ikur guztiak ditu debekatuak; tartean, dalai-lamaren irudia bera.

Human Rights Watch erakundeak salatu berri du jazarpena areagotzen ari dela eta inoiz ez bezalakoa dela landa eremuetan eta herrixketan. Bihozgabea: egonkortasuna mantentzeko kanpainaren harira tibetarrak atxilotu egiten ditu Txinak, eta jazarri egiten zaie txostenak datu eta testigantza ikaragarriak ematen ditu. Tibeteko Eskualde Autonomoan, eta Sichuan, Qinghai eta Gansu eskualdeetan —tibetarrak nagusi dira hiru eskualde horietan— 479 lagun atxilotu zituzten 2013 eta 2015 artean. Horietatik 153 kartzelatu egin zituzten, batez beste, 5,7 urteko kartzela zigorra jasota.

Sophie Richardson HRWeko Txinarako zuzendariak adierazi du eremu horiek direla gobernuaren lehentasuna. Pekinek 21.000 funtzionario eta 10.000 polizia bidali ditu eremu horietara; tartean, monasterioak. Atxilotutakoen profila aldatu egin dela ere zehaztu du Richardsonek: «Disidentzia zabaldu egin da, eta, lehen monjeak atxilotzen zituzten; egun, herritar soilak, tokiko agintariak, ekintzaileak, eta idazleak eta abeslariak atxilotzen dituzte. Fenomeno berria da».

Pekinentzat, gai labainen zerrenda bera ere luzatu da. Ordenagailuan testu bat edo sakelakoan irudi bat izatea aski arrazoi da pertsona bat kartzelatzeko, betiere, tibetarren identitatearekin zerikusia badute, izan testu sakratu izan iraultzaile bat izan dalai-lamaren irudi bat.

Kangding herriko lama batek azaldu du fedea bihotzean gorde behar dutela: «Monasterioetan edo etxeetan ezin dugu dalai-lamaren irudia izan, baina denok aurkitzen dugu toki sekreturen batean zirrikitu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.