Mapa irauli zuen eguna

Bihar beteko da mende laurden Jugoslaviaren desegite prozesua hasi zenetik. Esloveniako eta Kroaziako parlamentuek 1991ko ekainaren 25ean egindako independentzia aldarrikapenak izan ziren abiapuntua. Europak II. Mundu Gerraz geroztik ezagututako gerrarik latzenak sortu ziren prozesu horretan.

Mapa irauli zuen eguna.
mikel rodriguez
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gaur, ametsak baimenduta daude. Bihar, bertze egun bat izanen da». Bihar beteko dira 25 urte Milan Kucanek solas horiek erran zituenetik Esloveniako herritarrei eginiko hitzaldia bukatzeko. Egun horretan, Esloveniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen, eta gauza bera egin zuen Kroaziakoak ere egun berean. Jugoslaviaren desegite prozesua hasi zen, baina gaur egungo mapa osatu arte hamazazpi urte igaro ziren. Bitarte horretan, baina, Europak II. Mundu Gerraz geroztik ezagutu dituen gerrarik handienak piztu ziren. Garbiketa etnikoak, setioak, hirien bonbardaketak, exekuzio masiboak... 1991-2001 artean, gutxienez 140.000 lagun hil zituzten Europako mapa irauli zuten gerra horietan.

ESLOVENIA

Eredua ezarri zuen

Jugoslaviako Federazioaren batasuna 1974ko konstituzioak pitzatu zuela erran ohi da. Deszentralizazioan sakondu zuen konstituzio hark, eta 1980ko hamarkadan Jugoslavian krisi ekonomiko larria sortu zenean, joera nazionalistak azkartu ziren. Esloveniak zuen bizi maila aberatsena, eta indar nazionalistak kexu agertu ziren zegokiena baino gehiago ordaintzen ziolakoan gobernu federalari. Horrekin batera, Kroazian eta Serbiako Kosovo probintzian etnien arteko liskarrak ugaritu ziren. Horren eraginez, Eslovenian independentismoak bi mezu nagusitan oinarritu zuen diskurtsoa: Jugoslavia zama ekonomiko bat zen, eta gatazka etnikoetan murgilaraz zezakeen Eslovenia.

Hala, 1990eko apirilean alderdi independentisten koalizioak gehiengo osoa lortu, eta abendurako deitu zuten erreferendumera. Emaitza argia izan zen: %94ko parte hartzearekin, %88k babestu zuten independentzia. Jugoslaviako Gobernuak, baina, ez zuen onartu prozesua, eta Mendebaldea ere ez zegoen estatu independente bat onartzeko prest.

Independentzia aldarrikatu eta biharamunean bertan hasi zuen Jugoslaviako armadak Eslovenia kontrolpean hartzeko operazioa. Erasoaldi mugatu bat antolatu zuen, eta independentistek eustea lortu zuten. Hamar egunen buruan bukatu zen gerra, ehun hildako inguru utzi ondoren. Esloveniak lortu zuen EEE Europako Ekonomia Erkidegoa bitartekaritza batean inplikatzea, eta, praktikan, Jugoslaviak independentzia onartu zion. Urrirako erretiratu zituen indar guztiak, eta 1992an Esloveniako Errepublika nazioartean onartu zuten.

Estatu berriak Mendebaldean integratzeko pausoak hasi zituen orduan. Kapitalismoranzko erreforma independentzia aldarrikatu aitzinetik hasi zuen. 1993an Nazioarteko Diru Funtsari batu zitzaion, eta 2003an Esloveniako herritarrek erreferendum bidez erabaki zuten NATOn eta EB Europako Batasunean sartzea. 2007an, berriz, eurogunean sartu zen Eslovenia —lehenbiziko herrialde komunista ohia—. EBk integrazio eredutzat aurkeztu izan du Eslovenia, baina nazioarteko krisi ekonomikoaz geroztik errepublika gaztearen arazoak bistaratu dira: langabezia—1993an gorengo historikora ailegatu zen %15,5ekin; 2008an gutxiengo historikora %6rekin, eta gaur egun %12an dago—, sektore publikoaren murriztea—2012an eta 2013an protesta jendetsuak izan ziren austeritate politiken kontra— eta ustelkeria —Janez Jansa lehen ministro ohiari bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2013an—.

KROAZIA

Lehenbiziko gerra handia

Esloveniak independentziarako bide zuzena zeramala ikusita, errepublika aberatsenetan bigarrena ere saiatu zen harekin joaten. Kroaziak, baina, bertzelako ezaugarriak zituen: Serbiaren ondoren biztanle gehien zeukan errepublika zen, kostalde luzea zuen, eta etnikoki ez zuen Esloveniaren homogeneotasunik; serbiarrak herritarren %12 ziren —%2 Eslovenian—, eta zenbait eremutan, gainera, gehiengoa.

1990eko apirilean HDZ Kroaziako Batasun Demokratikoa eskuindar nazionalistak gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak, Franjo Tudman liderraren erretorika nazionalista gogorrarekin. 1991ko maiatzean egin zuen erreferenduma Kroaziak: %83ko parte hartzearekin, %93 agertu ziren independentziaren alde, baina ordurako serbiarren eremuen gaineko kontrolik ez zuen Zagrebek.

Esloveniaren arrakastaren arrimura, Alemaniaren ekinbidez Kroaziak ere lortu zuen nazioartean onartua izatea. Jugoslaviak, baina, gerra irekiko operazio bat hasita erantzun zuen, 1991ko urrian. 1992an, NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin armada Kroaziatik erretiratu zen. Hortik aitzinera, gerra Kroaziaren eta haren barneko Krajinako Errepublika Serbiarraren artekoa izan zen. Mendebaldearen laguntza segurtatuta, Ekaitza operazioarekin Kroaziak Krajinako errepublika deuseztatu zuen, 1995ean.

Bakea ezarri ondoren, Kroaziak Esloveniaren pausoei jarraitu nahi zien, baina, hark ez bezala, 15.000 hildako inguru eta ehunka mila desplazatu eragin zituen gerra baten ondorioei aurre egin behar zien. 2003an eskatu zuen EBn sartzea, baina 2013ra arte ez zuen lortu. Gerra kriminal izateaz leporatutakoak atxilotzeko behar bertzeko ahalegina ez egitea leporatu zion EBk, eta Esloveniak EBrako eta NATOrako sarrera blokeatu zion, mugan zuten auzi bategatik. NATOn 2009an sartu zen. Azken hamarkadan Europako turismo gune nagusietako bat bihurtu da herrialdea. Ekonomia egoera zailean du, eta %16an dauka langabezia tasa. Muturreko joera nazionalistak azkarrak dira oraindik, eta Serbiarekiko harremanak ere maiz ozpintzen dira gerrako auziengatik. Iaz, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen ez Kroaziak, ez Serbiak ez zutela genozidio ekintzarik egin gerran.

MAZEDONIA

Izena, izateko traba

Mazedoniak 1991ko irailaren 8an egin zuen independentziarako erreferenduma: %75eko parte hartzearekin, %96 alde. Esloveniaren eta Kroaziaren kasuetan ez bezala, Mazedoniaren nahiak ez zuen sortu Jugoslaviaren bortxazko erantzunik. Hala ere, tentsio etnikoak piztu ziren, gutxiengo albaniarrak eskubide nazionalak onartzea aldarrikatu baitzuen. Tentsioa 2001ean lehertu zen; NLA Nazioa Askatzeko Armada matxinatu, eta hamar hilabeteko gatazkan 250 lagun inguru hil zituzten. Akordio batekin bukatu zen gatazka, baina tarteka liskar gogorrak izan dira: iaz, errate baterako, zortzi polizia eta hamalau gerrillari albaniar hil ziren borroka batean.

Nazioartean, EBra eta NATOra hurbiltzeko ahalegina egin du Mazedoniak, baina beti traba berarekin egin du topo: Greziarekin. Greziak Mazedonia izeneko eskualdea du iparraldean, eta Jugoslavia ohiko errepublikari betoa paratzen dio izen berbera erabil ez dezan, Atenas beldur baita lurraldetasun gatazka bat sortuko ote dion. Mazedoniak ekonomia apala du —358 euroko batez bertzeko soldata, Europako txikienetan zortzigarrena—, eta iaztik egoera politiko ezegonkorrean murgilduta dago, Nikola Gruevski lehen ministroaren eta oposizioaren arteko liskarren ondorioz.

BOSNIA ETA HERZEGOVINA

Gerrak erabat suntsituta

Esloveniak eta Kroaziak independentziara egin ahala, tentsioa handitu zen Bosnian, osaera etnikoa are konplexuagoa baitzuen: %43 bosniakak ziren —musulman jatorridun eslaviarrak—, %31 serbiarrak eta %17 kroaziarrak. Gobernuak independentziarako erreferenduma egin zuen 1992ko martxoan, eta %64ko parte hartzearekin, %99k egin zuten alde—SDS Alderdi Demokratiko Serbiarrak boikoterako deia egin zuen—. Apirilean independentzia aldarrikatu zuen Bosniak, etaEEEk onartu egin zuen. Serbiarren miliziek setioa ezarri zioten Sarajevori, eta gerra hasi zen.

Jugoslaviako gerra handiena eta bortitzena izan zen. Serbiarrek bosniaken aurka egindako gehiegikerien ondorioz Mendebaldeko iritzi publikoak gatazkaren inguruan zuen ikuspuntua aldatzen hasi zen, eta, horren eraginez, Mendebaldeak urrats bat gehiago egin zuen: militarki esku hartu, NATOren bidez. Bosniako serbiarren indarrei gibelera eginarazi zien NATOk, eta, urte bukaeran, hiru errepublika nagusietako presidenteak Daytonen (AEB) jarrarazi zituzten potentziek, statu quo berria ezartzeko.

Ordutik, Bosnia eta Herzegovina bi lurralde autonomotan banatuta dago, eta horien osaera etnikoa gerrako garbiketen ondorio da, hein handi batean. Alde batetik, bosniakek eta kroaziarrek federazio bat osatzen dute, lurraldearen %51 eta biztanleen %60 ingururekin; bertzetik, Serbiar Errepublika dago, lurraldearen %49 eta biztanleen %40rekin. Praktikan, Bosnia zatitutako herrialde bat da, eta zatiketa horrek eragina du politikan ere: bosniakek eta kroaziarrek EBn sartu nahi dute, baina serbiarrak mesfidati dira, eta sarri independentziarako erreferendum bat egiteko asmoa agertu izan dute. Bosniak otsailean egin zuen EBko kide izateko eskaera ofiziala. Arazo ekonomiko larriak dituen herrialdea da —Europako langabezia tasa handiena du, %42koa—.

MONTENEGRO

Independentzia baketsua

Montenegro Serbiarekin bat eginda borrokatu zen 1990eko gerretan, batasunaren alde. 2002ko martxoan batasunak Jugoslavia izena utzi, eta Serbiako eta Montenegroko Estatu Batasuna izena hartu zuen. Montenegroren independentzian pertsonaia batek izan du garrantzi erabakigarria: Milo Djukanovic gaur egungo lehen ministroak.

1991tik hamasei urtean izan da lehen ministro, eta bertze lautan presidente. 1996an Slobodan Milosevic Serbiako presidentearekin zuen aliantza hautsi, eta Montenegron kapitalismoranzko erreformak bizkortzea sustatu zuen. 2006an deitu zuen independentziarako erreferendumera. EBk estatu berria onartzeko gutxienez %55eko langa ezarri zien baietzaren aldekoei, eta %86ko parte hartzearekin, %55,5ek babestu zuten independentzia. Serbiak ez zion trabarik paratu.

700.000 biztanle baino gutxiago dituen etnia aniztun herrialdea da Montenegro. Djukanovicek jarraitzen du lider sendoa izaten, eta Mendebaldean integratzeko bidean paratua du herrialdea: NATOk aliantza militarrean sartzea eskaini zion iazko abenduan, eta EBko kide izateko zerrendan dago. 2013an, Europako Parlamentuak Montenegrori eskatu zion «gehiago» egiteko «prentsa askatasunaren eta emakumeen eskubideen defentsan», eta «krimen antolatuaren eta ustelkeriaren aurka».

SERBIA

Nazioartean tokia bilatzen

Serbia, Jugoslaviaren bihotza, Jugoslaviako etnia nagusiaren jatorrizko aberria, 2006tik da estatu independente bere horretan. Montenegrok independentzia aldarrikatu eta berehala, Serbiak Jugoslaviaren oinordeko estatu bakar izendatu zuen bere burua. Mendebaldeak eta gerretan murgildu ziren bertze errepublikek Serbia daukate 1990eko hamarkadako hondamendiaren erantzuletzat, eta urtetan paria izaera eman diote nazioartean. Errusia izan du eta du lagun nagusi, baina aliantza horrek ez ditu asebete Serbiako sektore politiko guztiak. Boris Tadic presidenteak EBn integratzeko erabaki irmoa hartu zuen, eta batasunak 2012an onartu zion Serbiari hautagai izaera. Baldintzak paratuak dizkio, ordea: gerra kriminaltzat jotakoak atxilotu eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku uztea, eta Kosovorekin bakeak egitea. Egoera ekonomiko txarra du errepublikak, eta europazaleek EBn paratuta dauzkate hori moldatzeko itxaropenak. Ez dirudi, ordea, bertze errepublikei jarraituko dienik NATOko kide bilakatzeko asmoan; serbiar nazionalismoaren gurariak indarrez eteteaz gain, aliantza militarrak Serbia bera bonbardatu zuen 1999an, eta ehunka zibil hil eta kalte handiak eragin zituen. Zauri irekia da oraindik herrialdean.

KOSOVO

Estatusa erabat finkatzeke

Kosovoren independentzia adierazpenak nazioartea astindu zuen 2008an. NBEko herrialde gehienek onartzen badute ere, ez dago kontsentsurik, eta kontsentsu gabezia hori traba bat da Kosovoko elite politikoaren nahia asebetetzeko: EBko kide izatea. Batasuneko bortz estatuk ez diote independentzia onartzen, eta ezta, noski, Serbiak ere. Jugoslavian probintzia autonomo izaera zuen Kosovok, eta Serbiak bere probintzia historikotzat dauka albaniar etniako herritarren gehiengo zabala daukan lurralde hori. Hala ere, denbora igaro ahala ekintza bururatuak ari dira nagusitzen, eta EBk Serbia parez pare eserarazia du Kosovoko ordezkariekin, nahiz eta Belgradek behin eta berriz dioen ez duela marra gorria pasatuko. Udalerri Serbiarren Elkarte bat sortzea hitzartua dute, nahiz eta oraindik proiektu hutsa izan. Ekonomikoki, Europako lurralderik pobreena da Kosovo. Bosnia eta Herzegovinaren ondoren langabezia tasa handiena dauka, nazioartearen erabateko dependentzia du, eta ustelkeria indizeetan gorengo mailatan ageri da sailkaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.