Maoriek Zeelanda Berria gurutzatu dute, euren eskubideen defentsan

Zeelanda Berriko Gobernuak indigenen eskubideak mugatu nahi ditu. Haserrea piztu du maorien artean eta parlamentua inguratu dute milaka lagunek.

Manifestariak, martxaren bukaeran izandako hitzaldiak entzuten. EFE
Manifestariak, martxaren bukaeran izandako hitzaldiak entzuten. EFE
Kerman Garralda
2024ko azaroaren 19a
10:00
Entzun

Zeelanda Berriko ipar uhartea gurutzatu du maorien martxak, eta gaur iritsi da Wellington hiriburura. Zehazki, parlamentuaren atarian bukatu dute protesta. Gobernuari indigenen eskubideak birdefinitzen dituen lege proiektua bertan behera uzteko eskatu diote.

Duela bederatzi egun hasi zuten ibilaldia, Cape Reinga lurmuturrean. Poliziaren arabera, bidean geroz eta jende gehiago batu da protestara, eta, amaieran, 35.000 lagun zenbatu dituzte. Public Service Association sindikatuak, berriz, 55.000 pertsona zenbatu ditu. Tartean izan da, besteak beste, Nga Wai Hono i te Po maorien erregina. Tribu indigenen banderak eta gobernuaren asmoen aurkako leloak eskuan, Kill the bill – lege proposamena hil, ingelesez– oihukatu dute. Bukatzeko, Eru Kapa-Higi martxaren sustatzaileak eta Te Pati Maori eta Alderdi Berdeko buruzagiek hitza hartu dute. Thamata Paul parlamentariak esan du «zerbait hobea» merezi dutela, eta elkarrekin egonda parlamentuak ez dituela «zapalduko».

«Konstituzioaren erreformaren eguna iritsiko da, baina fede onez egin behar da, eta gure nazioaren oinarriak erabat aitortuz»

NGA WAI HONO I TE POKKMaorien erregina

Protestetan ez da istilurik izan, nahiz eta poliziak pertsona bat atxilotu duen «jarrera desegokiagatik». Hogei lagun artatu behar izan dituztela ere zehaztu du Poliziak, egunetako ibilaldiaren nekeak jota, eta bat ospitalera eraman behar izan dute.

200 urte, sinaduratik

Waitangiko Tratatua edo maorien eta britainiarren arteko akordioa 1840. urtean sinatu zuten. Independentzia lortu berritan eta indigenak gehiengoa zirela, adostu zuten lurrak indigenenak izango zirela baina agintea britainiarren esku geldituko zela. Indarrean dago oraindik, nahiz eta ia bi mende hauetan autoktonoen eta kolonoen oreka irauli egin den.

Akordioa eztabaidagai izan da lehen egunetik, alde bakoitzak era batera interpretatu izan duelako. Ika-mikak bukatzeko, azken 50 urteetako gobernuek, maorien ordezkariek eta auzitegiek akordioa sakondu dute, «betiere, maoriek pairatzen dituzten desparekotasun ekonomikoak eta sozialak berdintzeko asmoarekin». Egun, bost milioi biztanle baino gehiago ditu Zeelanda Berriak, eta indigenak gutxiengoak dira; halere, maorien arabera, «diskriminazio orokorra jasaten dute», baita «pobreziaren, espetxeratzearen, gaixotasunen eta etxeko abusuen neurriz kanpoko tasak» ere.

Gobernu koalizioan dagoen ACT alderdiarentzat, baina, kontrakoa jazo da. David Seymour alderdiko buruzagiaren hitzetan, azken urteetan egindako aldaketen eraginez, tratatua «desitxuratu» egin da, eta maoriak ez diren zeelandaberritarrekiko «diskriminatzailea» bilakatu da. Tratua berrikusteko lege proiektua martxan jarri berri du gobernuak.

Ez dirudi proiektuak aurrera egingo duenik. Aurreko astean pasatu zuen lehen galbahea, protesta artean: Te Pati Maori alderdiko Hana-Rawhiti Maipi-Clarke parlamentariak, lege proiektua apurtu, eta haka bat hasi zuen; alderdikideek jarraitu egin zioten, eta, azkenean, eztabaida eten egin behar izan zuten. Eurak gabe berrekin zioten. Oraindik beste bi bozketa gainditu beharko ditu lege bihurtu aurretik. Eta ACT alderdia bakarrik utzi dute bazkideek. Zeelanda Berriko gobernua osatzen duten beste bi alderdiek iragarri dute datozen eztabaidetan ez dutela asmoa babestuko.

Aldaketak

Duela urtebete egin ziren Zeelanda Berriko parlamentua osatzeko hauteskundeak. Alderdi nazionalistak lortu zituen boto gehien, baina ez zituen agintzeko nahikoa aulki lortu. NZF eta ACT alderdiekin osatu zuen koalizioa azkenean, baina horien babesa eskuratzeko akordioa aldatzea erabaki zuten 2023. urte amaieran. Maoriek badute euren ordezkaritza, sei parlamentarirekin.

Tuheitia Paki maorien erregea zena aurtengo abuztuan hil zen. Nga Wai Hono i te Pok hartu du haren lekua. Esan du «prest dagoela nazioari eta batasun nazionalari buruzko elkarrizketa bat zuzentzen laguntzeko», eta azpimarratu du ez duela aldebakarreko prozesu bat onartuko. «Konstituzioaren erreformaren eguna iritsiko da, baina fede onez egin behar da, eta gure nazioaren oinarriak erabat aitortuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.