Manos Limpias iaioa da politikaren judizializazioan

Atutxa, Knorr eta Bilbaoren aurkako auzia bultzatu zuen duela hogei urte. Maiz, froga eta oinarri ahulekin aurkeztu ditu arerio politikoen aurkako salaketak.

Atutxa, Bilbao, Knorr
Atutxa, Bilbao eta Knorr 2005eko urrian, Bilbon, epaiketa amaitutakoan. JOSE SIMAL / EFE
Maddi Iztueta - Joxerra Senar
2024ko apirilaren 25a
21:09
Entzun

Aspaldikoa da Manos Limpiasek politika baldintzatzeko auzitara jotzeko estrategia. Euskal Herrian, oso ezagun egin zen Juan Mari Atutxaren, Gorka Knorren eta Kontxi Bilbaoren aurkako auzian. 2003an, talde ultraeskuindarrak salaketa aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiko hiru kide horien aurka, legez kanporatutako Abertzale Sozialistak legebiltzarkide taldea desegiteko agindua ez betetzeagatik.

Nahiz eta EAEko Auzitegi Nagusiak errugabetu, Manos Limpiasek, bereari eutsi, eta Gorenera jo zuen. Fiskaltzak delitu zantzurik ikusten ez bazuen ere, Gorenak herri akusazioarekin soilik egin zuen aurrera, —urtebete lehenago Emilio Botin Santanderreko presidentea epaitzeko erabilitako argudioaren kontrako irizpidea erabiliz—, eta hiru politikariak zigortu zituen. Irizpide aldaketa hark doktrina juridikoa ezarri zuen. Dena den, bederatzi urte geroago Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman zien Juan Mari Atutxari, Gorka Knorri eta Kontxi Bilbaori, eta epaia baliogabetu behar izan zuen.

Adibide gehiago

Euskal Herritik at, adibide ugari daude. Besteak beste, talde ultraeskuindarrak salaketak aurkeztu ditu Podemoseko idazkari nagusi ohi (2014-2021) Pablo Iglesiasen eta Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonesen aurka. Hori bai, aurkeztu dituzten akusazioetako gehienak ibilbide laburreko prozesu judizialak izan dira. Horien artean, esaterako, duela zenbait hilabete Sanchezen aurka jarritakoa, JxC Junts Per Catalunyarekin amnistia legearen harira egindako akordioagatik.

Ia kasu guztietan, Espainiako alderdi ezkertiarreko kideen aurka jo du talde ultraeskuindarrak, egotzitako delituak frogatzeko oinarri eta froga ahulekin. Halere, sona mediatiko handia izan dute horietako batzuek: adibidez, Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro ohi Irene Monterorenak (2020-2023).

Voxen eta beste talde ultraeskuindar batzuen babesarekin, pedofiliarekin lotutako zenbait delitu egotzi zizkioten Monterori, joan den urtean. Adingabekoen heziketa sexualaren inguruan egindako adierazpen batzuen harira aurkeztu zuten Monteroren aurkako salaketa. Halere, Espainiako Auzitegi Gorenak iazko martxoan ebatzi zuen Berdintasun ministro ohiaren hitzaldian ez zegoela delitu horiek leporatzeko motiborik.

Ibilbide luze bat

Ibilbide laburra egin ohi dute talde ultraeskuindarrak aurkezten dituen salaketek, baina bestelakoa da sasi-sindikatuaren ibilbidea. Miguel Bernadek sortu zuen Manos Limpias, 1995ean, duela ia 30 urte, bere ibilbide politikoa eten ondoren; Fronte Nazionaleko idazkari nagusia izan zen, eta bi aldiz aurkeztu zen Europako Batzordeko hauteskundeetara, 1987an eta 1989an.

Sortu zuenean, «funtzionarioek funtzionarioentzat» antolatutako sindikatutzat jo zuen Bernadek; ordutik, talde ultraeskuindarraren helburu nagusia «ustelkeriaren aurka borrokatzea» izan da. Baina, hain justu borroka hori egiteko moduagatik, Bernaden aurkako zigor auzibide bat jarri zuen abian Espainiako Auzitegi Nazionalak. Manos Limpiasen sortzailea 2016. urtean atxilotu zuten lehenbizikoz: batetik, egotzi zioten zenbait bankuri eta enpresari «estortsioa» egitea; eta, bestetik, Noos kasuan Cristina Borboikoaren aurkako akusazioa bertan behera uztearen truke «dirua lortzen» saiatzea.

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Bernadentzat, eta Auzitegi Nazionalak lau urtera mugatu zuen. Azkenean, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen Manos Limpiaseko buruaren aurkako zigorrak, argudiatuta ez zeudela «nahikoa froga» halako zigor bat indarrean jartzeko. Hortaz, Bernadek zortzi hilabete igaro zituen espetxean.

Zigorrak zigor, talde ultraeskuindarrak ez du 30 urtean bere ibilbidea eten, eta dozenaka salaketa jarri ditu Espainiako pasaia politikoko kideen eta haien senideen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.