Peru

Manifestaldiak Peruko demokraziaren aurkako «eraso argiak» direla dio Dina Boluartek

Protesta handiak egongo dira gaur Perun. Presidenteak 2026raino agintzeko nahia helarazi du, duela hilabete batzuk hauteskundeak 2024ko apirilera aurreratu arren. Hirugarren protesta deialdia da Dina Boluartek Pedro Castilloren kargua hartu zuenetik, aurreko abenduan.

Manifrestarien eta poliziaren arteko talka, urtarrileko protestetan Liman. STR / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 19a
14:37
Entzun

Dina Boluarte Peruko presidentearen aurkako protestek Limako kaleak beteko dituzte gaur ere. Boluartek hauteskundeen aurrerapena ezeztatu du, eta bere agintaldia 2026raino luzatu. Erabaki horrek manifestaldiak piztu ditu. 2022ko abenduan Pedro Castillo estatuburu kargutik kendu eta presidente kargua hartu zuenetik, protesta handiak izan ditu herrialdeak eta bereiziki hiriburuak, Lima hartzeko ekinaldia deiturikoak. «Estatuaren eta Peruko demokraziaren aurkako eraso handia da manifestazioen deialdia. Ez dugu horrelako mugimendurik onartuko», esan du Boluartek. Manifestaldi sorta handien hirugarren deialdia da gaurko ezarrita dagoena. Aurrekoak 2022ko abenduan eta aurtengo martxoaren hasieran izan ziren.

Gaurko protestetan, Liman, herrialde osoko milaka pertsona elkartuko dira. Protestari gehienak Piura, Cusco, Arequipa, Cajamarca eta Amazoniako eskualdeetatik doazen indigena herriak izan ohi dira. Askok duela astebete hasi zuten ibilaldia hiriburura bidean, gaur bertan egoteko. Hala ere, protestak ez dituzte soilik Liman egingo. Espero da askotariko manifestazioak izatea herrialdeko hainbat lekutan, hiriburuko manifestarien helburu berberarengatik borrokan.

8.000 poliziak ikuskatuko dituzte hiriburuko protestak, eta beste 3.000 ordezko egongo dira. Protestariei dinamika baketsu baten alde jotzeko eskatu die presidenteak: «Perutarrek herrialde baketsu bat nahi dute, kaosik gabe eztabaida sustatzen duena. Mehatxu eta presio politikorik gabe bizi nahi dugu, ez dira-eta garaiak horrelako gauzak jasateko».

Orain arteko manifestaldietan, abenduaz geroztik, 77 lagun hil dituzte: haietatik 49, poliziak botatako jaurtigai edota negar gasen ondorioz. Boluartek ukatu egin zuen heriotza horien erantzukizuna duela. Adierazi du gobernuak «suhiltzaile lana» egin duela, bostehun manifestaldi baino gehiago deuseztatuz.

Castillo, kartzelan

Kartzelan jarraitzen du Castillok. Auzitegi Goreneko Cesar San Martin epaileak haren defentsaren apelazioa ezeztatu zuen. Horren ondoren, fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen Castillorentzat. Epailearen ustez, presidente ohiak atxilotuta jarraitu beharko luke haren kasua ikertzen den bitartean. Manifestaldien helburuetako bat bihurtu da presidente ohia aske uztea lortzea ere.

Parlamentua desegin eta salbuespen gobernu bat osatzeagatik atxilotu zuten Castillo, estatu kolpea leporatuta. Mexikoko enbaxadara asilo politiko bila zihoala, bidean atxilotu zuten. Aurreko ostegunean, entzunaldi judizial batean, Castillok adierazi zuen «konplot baten» biktima izan dela. «Ez nago atxilotuta, bahituta baizik», gehitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.