Aurreikuspenak bete dira, eta, apartheida bukatu eta Hegoafrikan demokrazia ezarri zutenetik 30 urte bete diren honetan, ANC Afrikako Kongresu Nazionalak ez du gehiengo osorik edukiko, aurrenekoz. Bai, Nelson Mandela zenaren alderdiak irabazi ditu Asanblea Nazionalerako hauteskundeak, aise, baina, gobernatzen jarraitu ahal izateko, besteekin negoziatu beharko du aurrerantzean. Asteazkenean egin zituzten bozak, eta hauteskunde batzordeak atzo eman zituen emaitzak. ANCk botoen %40 bildu ditu. Bigarren izan da DA Aliantza Demokratikoa (%22), hirugarren MK Nazioaren Lantza (%14), eta laugarren EFF Askatasun Ekonomikoaren Aldeko Borrokalariak (%9).
ANCren presidente eta 2018tik estatuburu den Cyril Ramaphosak emaitzak onartu zituen. «Gustatu ala ez gustatu, herriak hitz egin du. Haien ahotsak entzun ditugu, eta beren desirak errespetatu behar ditugu», adierazi zuen hauteskunde batzordeak emaitzak emateko egindako ekitaldian. Asanbleak laurehun eserleku ditu, eta ANCk 159 lortu ditu; hau da, 2019ko bozetan baino 71 gutxiago.
Azkeneko hogei urteotan babesa galduz joan da Mandelaren alderdia, pixkanaka izan bada ere. Kritikoek leporatu izan diote bere legatuan oinarritu dela bizirik irauteko. Ez da gai izan aurre egiteko herrialdeak dituen arazo sozioekonomikoei. Langabezia tasa, esate baterako, %30etik gorakoa da, eta herritarren arteko desberdintasun ekonomikoak, gero eta nabariagoak. Horri guztiari gehitu behar zaizkie azken urteotan azaleratu diren alderdi barruko borrokak eta ustelkeria kasuak.
Ikusi gehiago
«Hegoafrikako herritarrek nahi dute beren liderrek elkarrekin lan egitea, haien arteko desberdintasunak alde batera utzita», adierazi zuen Ramaphosak. Eta herritarrak aipatuta, parte hartzeak zazpi puntu egin du behera 2019koarekin konparatuta: %65ekoa izan zen orduan, eta %58koa orain.
Negoziazioak
Ikusteko dago ANCk norekin negoziatuko duen. Alderdiko idazkari nagusi Fikile Mbalulak iragarri zuen atzo, prentsa agerraldi batean, edozein alderdirekin hitz egiteko prest daudela. ANCk esku artean zuen aukeretako bat zen EFF marxistarekin koalizio bat osatzea —Johannesburgon, adibidez, aliantza bat osatu zuten, iaz—, baina emaitzak ez dira nahikoak. Izan ere, bi alderdien botoak batuta, ez lukete, gutxigatik bada ere, %50a gaindituko.
DA zurien alderdia izan da oposizioko indar nagusia azkeneko hogei urteotan, eta, emaitzen berri eduki ondoren, bere lider John Steenhuisek azpimarratu zuen MK eta EFF gobernuan ez sartzea izango duela helburu, baita erdigunean konstituzioa jarriko duen balizko akordio bat egitea ere.
MK da, hain zuzen, Jacob Zuma herrialdeko presidente izandakoak (2009-2018) eta ANCko buru ohiak (2007-2017) iaz sorturiko alderdi bat. Hain zuzen, ANCren ustelkeria kasuen erantzule egiten dute Zuma. Ezin izan da bozetara aurkeztu. Auzitegi Konstituzionalak egotzi dio, argudiatuta 2021ean hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri ziotela. ANCren bozkatzaile izandako batzuek Zuma babestu dute, eta presidente ohiaren alderdiak nabarmendu du ez diola muzin egiten ANCrekin lankidetzan aritzeari, betiere Ramaphosak lidergoan jarraitzen ez badu.