Malvinetako emaitza errespetatzeko eskatu dio Cameronek Argentinari

Erresuma Batuari lotuta jarraitzearen alde eman dute botoa Atlantikoko artxipelagoko herritarren %99,8k

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Nahiz eta Falklands uharteak [Malvinak] kilometro anitzetara egon, britainiarrak dira burutik hasi eta oinetaraino, eta hala jarraitu nahi dute». David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa pozik agertu da Malvina uharteetako erreferendumarekin, parte hartu duten ia herritar denek Erresuma Batuaren lurralde izaten jarraitzearen alde botoa eman baitute ezusterik gabe. Cameronen ustez, ErresumaBatuak «autodeterminazioan sinesten» duela erakutsi izana da erreferendumaren gauza garrantzitsuena. Argentinari eskatu dio emaitza errespetatzeko. Buenos Airesek ez du adierazpenik egin, baina erreferenduma egin aitzinetik Cristina Fernandez presidenteak adierazia zuen ez ziotela inongo baliorik emanen, «legez kanpokoa» delakoan.

Baietzak alde handiz irabaziko zuela espero zen, eta hala izan da: %99,8 alde agertu da; 1.517 bototik, soilik hiruk eman dute ezezkoa. «Ez dakit nortzuk diren, eta nahiago dut ez jakin», adierazi du Jan Cheek Malvinetako Batzar Legegileko kideak hiru horiei buruz. Parte hartzea %92 ingurukoa izan da. 3.000 biztanle inguru ditu uharteak, baina botoa emateko eskubidea 1.600 inguruk zuten, gainerako gehienak Erresuma Batuko militarrak direlako.

Erreferenduma, NBEra

Argentinaz gain, «mundu osoko» herrialdeek ere emaitza onartzea espero duela erran du Cameronek, bereziki Latinoamerikako herrialdeei hitz egin die, ia aho batez Argentina babesten baitute. Argentinak NBE Nazio Batuen Erakundeko deskolonizazio batzordera eraman nahi du auzia. Malvinetako Batzar Legegileak, ordea, ukatu egin du Erresuma Batuaren kolonia bat direla, eta aldarrikatu du euren kabuz erabaki dutela Londresi lotuta jarraitzea. Mike Summers batzarkidea AEBetara joan da erreferendumaren emaitza NBEn aurkeztera. AEBek adierazi dute «kontuan hartuko» dutela emaitza, baina beren jarrera ofiziala ez dela aldatu: «Londresen de facto-ko administrazioa onartzen dugu, baina subiranotasunaren inguruan inorekin lerratu gabe».

Erresuma Batuak 1833an kanporatu zuen Argentina irletatik, eta Europatik eramandako kolonoak ezarri. Argentinak ordutik aldarrikatu dio artxipelagoa. 1982an, Argentinako diktadura militarrak uharteak inbaditzea erabaki zuen. Bi hilabeteko gerra izan zen, eta mila lagun inguru hil ziren; 600dik goiti, Argentinako soldaduak. Ordutik, Erresuma Batuak areagotu egin du presentzia militarra. Petrolio hobiak aurkitu dituzte inguruko itsasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.