Maltako kazetariaren hilketa agindu zuen susmagarria aske utzi dute

Fenech bermepean atera da, eta horrek herritarak haserrearazi ditu: hamar egunean seigarrenez kalera atera dira manifestatzera. Hedabideek zabaldu dute lehen ministroak dimisioa emango duela

Yorgen Fenech enpresaria —eskuinean— Valleta hiriburuan, atzo, bermepean aske utzi zutenean. DOMENIC AQUILINA / EFE.
Ander Perez Zala - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Maltak lurrikara politikoa bizi du. Daphne Caruana Galizia kazetariaren hilketa argitzeko ikerketak aurrera egin ahala, dimisioa ematera behartuta ikusi dute beren burua gobernuko hainbat agintarik, tartean bi ministrok eta kabineteburuak, eta herritarrak atzo Joseph Muscat lehen ministroak noiz dimitituko zain geratu ziren. Egun berean, Muscatek uko egin zion Yorgen Fenech enpresariari informazioaren truke immunitatea emateari; hura da Caruana Galiziaren heriotzaren susmagarri nagusia. Azkenean, bermepean aske geratu zen, herritarren harridurarako.

Kazetaria 2017ko urriaren 17an hil zuten, 53 urte zituela, bonba-auto bat leherrarazita. Hainbat enpresariren eta Maltako politikariren arteko harremanak ikertzen ari zen, ustelkeria kasuekin lotura zutelakoan.

Poliziak asteon jakinarazi du pauso garrantzitsuak eman dituela kazetariaren hilketa nork agindu zuen azaleratzeko, eta ikerketak aurrera egin ahala, bata bestearen atzetik iritsi dira gobernuko kideen kargu uzteak: lehen ministroaren lagun eta kabineteburu Keith Schembrirena, eta Konrad Mizzi Turismoaren ministroarena eta Chris Cardona Ekonomiakoarena —azken hori ikerketak iraun bitartean—.

The Times of Malta egunkaria atzo haratago joan zen, eta jakinarazi zuen Muscatek bere kargua uzteko erabakia hartu zuela. Gobernuburua George Vella Maltako presidentearekin bildu zen atzo goizean, eta kargua uzteko asmoa aurreratu zion, hedabide horren arabera. Hortaz, Chris Fearne lehen ministrordea prest legoke kargu hori jardunean hartzeko, datorren urtarrilean buruzagi berria aukeratzen duten arte. Lerro hauek idazteko orduan, Muscatak ez zuen ezagutarazi bere planen berri.

Herenegun gauean, Maltako lehen ministroa zazpi orduz bildu zen bere gobernuko kideekin, eta bilkuraren amaieran adierazi zien agintean jarraituko zuela kazetariaren hilketa argitzeko ikerketa amaitu artean.

Fenech enpresaria iragan astean atxilotu zuten, bere yatean Maltatik ihes egitear zela. Horren aurretik, hilketaren bultzatzaile izatea egotzi zion Poliziak, Melvin Theuma bitartekaria atxilotu eta informazioaren truke indultua eskaini ostean. Galdeketan, Fenechek kabineteburu ohia lotu zuen hilketarekin. Reuters berri agentziaren arabera, enpresariak 150.000 euro ordaindu zizkien hiru gizoni kazetaria hil zezaten; horietako bi atxilotuta daude, eta inputatuta.

Ikerketaren aurrerapausoak jakin ahala, herritarrek euren haserea erakutsi dute herrialdean egindako protestetan; gobernuaren kontrako presioa areagotuz joan da kalean. Valleta hiriburuan, protesta jarraitua izan da parlamentuaren aurrean, Muscaten dimisioa eta hilketaren inguruko egia argitu dadila eskatzeko.

Republikka gizarte zibileko plataforma da protestak bultzatu dituzten eragileetako bat, eta atzo iluntzerako ere mobilizaziora deitu zuen. Plataformako presidente Vicki Ann Cremonak ohartarazi zuen Muscaten balizko dimisioa «lehenengo urratsa» besterik ez dela: «Gehiago dago garbitzeko».

'Panamako paperak'

Caruana Galiziak Maltako agintarien ustelkeria aferak ikertu eta zabaldu zituen, uharteko prentsan eta Interneteko bere gunearen bitartez. Fenech zen ikertuetako bat.

2016tik aurrera, Panamako paperek 200.000 erakunde, kartel, fundazio eta funtsen izenak publiko egin zituzten, eta horien artean zeuden ustez kazetariaren hilketa agindu zuen enpresariaren izen-abizenak. Dubaiko 17 Black izeneko kontu ezkutuen jabea da, eta Electrogas zentral elektrikoaren konpainiaren akzioduna ere bai. Panamako paperen arabera, dimisioa eman zuten bi ministroek Electrogas enpresa baliatu zuten euren enpresa batzuen funtsak Dubain gordailatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.