Maltak hartu ditu 'Alex' ontziko 54 migratzaileak, trukea adostuta

Italiarekin hitzartu du ondoren 55 migratzaile eramatea hara. Sea-Eye GKEaren 'Alan Kurdi' ontzia itsasoan dago zain, 65 migratzailerekin

Open Arms ontziko migratzaileak, Italiako kostazainekin. FRANCESCO RUTA / EFE.
Andoni Imaz
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Migratzaileak erreskatatu dituzten bi itsasontzi daude Mediterraneoan, noiz lehorreratuko zain. Atzo goizean, Mediterranea GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuen 54 iheslari erreskatatu zituela Erdialdeko Mediterraneoan, Libiako kostaren parean. Maltak haiek hartzea onartu zuen. Handik ordu gutxira, beste 65 iheslari erreskatatu zituen Sea-Eye GKEaren Alan Kurdi ontziak. Libiatik 35 miliara, txalupa pneumatiko bat atzeman zuen uretan, 06:00 aldera. Hasieran, ihesari eman zion txalupak, kostazainen ontzia zelakoan. GKEak jakinarazi zuen Tripoliri, Erromari, Valletari eta Bremeni (Alemania) eman ziela erreskatearen berri, 08:00 inguruan.

Migratzaileen txalupa ostegunean itsasoratu zen. Nahikoa erregai zuen atzeman zutenean, baina ez zuen GPS kokatze sistemarik, eta iheslariek hamar litro ur besterik ez zuten edateko. «GPSrik gabeko sakelakorik gabe edo nabigazio ezagutza oinarrizkorik gabe, gazte horiek ziurrenik ez ziren inora iritsiko eta desagertu egingo ziren», adierazi zuen Gordon Isler Alan Kurdi ontziko operazio buruak. Ontzia 2018 amaieratik ari da Mediterraneoan salbamendu lanetan. 2015ean Turkiako uretan itota agertu zen umearengatik jarri zioten Alan Kurdi izena.

Harena baino azkarrago bideratu zen Mediterranea GKEaren Alex ontziaren kasua. Maltako armadak eramango ditu lehorrera Libiako kostan erreskatatutako 54 migratzaileak, Italiak haren uretan sartzea debekatu ondotik. Maltako Gobernuak jakinarazi zuen Italiakoarekin adostu zuela plana; trukean, egun han dauden 55 migratzaile Italiara eramango dituzte. Italiak, berriz, ez du trukeaz ezer esan.

Alex ontziko migratzaileen artean, zortzi haur eta haurdunaldia nahiko aurreratua duten lau emakume daude. Maltak goizean eman zion ontziari uhartean lehorreratzeko baimena, baina GKEak esan zuen itsasontzia ez zela Maltara iristeko gai, «ontziaren ezaugarriengatik eta hango pertsonen egoera psikofisikoarengatik». Halere, uharteko agintariei jakinarazi zien prest zeudela kostazainek migratzaileak ontzitik jaso eta lehorrera eraman zitzaten, eta hori adostu zuten azkenean.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak azaldu zuen Maltak hartuko dituela Alex ontziko migratzaileak, eta aukera baliatu zuen GKEa ohartarazteko: ontzia Italiako urtean sartuko balitz, «egundoko desobedientzia kasu larria» litzatekeela esan zuen.

Salviniren aurkako salaketa

40 migratzailerekin baimenik gabe Italian lehorreratzea erabaki zuen joan den astean Sea Watch 3 ontziko Carola Rackete kapitainak. Atxilotu egin zuten, baina justiziak haren alde egin zuen ondoren, «bere egitekoa bete zuela» iritzita. Orain, Sea Watch GKEak salaketa jarriko du Salviniren aurka, difamazioengatik. Alessandro Gamberini GKEko abokatuak atzo eman zuen haien asmoen berri. Ministroak erakunde «kriminaltzat» jo zuen Sea Watch, eta hori ez dela egia erantzun zion abokatuak. Salvinik Racketeren aurkako «difamazio kanpaina publikoa» egin duela salatu zuen Gamberinik, asteotan sare sozialetan zabaldu dituen mezuengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.