Malin Keitaren garaipena onartu du Cissek emaitzak atera orduko

Sumaila Cissek Maliko hauteskundeetako porrota onartu du, eta pertsonalki zoriondu du Ibrahim Bubakar Keita presidente berriaBehar duenerako, Frantziaren babesa eskaini dio Hollandek presidente berriari

2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Sumaila Cissek Maliko hauteskundeetan izandako porrota onartu zuen eta Ibrahim Bubakar Keita presidente berriaren etxera joan zen bere familiarekin batera garaipenagatik zoriontzera: «Zoriontzera joan naiz, eta zorte ona opa diot Maliko presidente gisa». Facebook sare sozialaren bitartez adierazi zuen astelehen gauean hauteskundeetako porrota, oraindik botoen zati handi bat kontatzeko badago ere. Behin betiko emaitzak gaur edo bihar ematea espero da. Uztailaren 28an egindako lehen itzulian Sumaila Cissek iruzurra izan zela salatu zuen. Nazioarteko ikuskariek prozesua «garbia eta gardena» izan dela esan dute.

Kontaketako iturri batzuen arabera, botoen bi heren zenbatuta %45eko parte hartzea izan da, eta Keitak «gehiengo zabala» eskuratuko luke. Hauteskundeetako lehen itzulian, botoen %39,79 eskuratuak zituen; Cissek baino 20 puntu gehiago, horrek botoen %19,74 eskuratu baitzuen. Cissek, URD Errepublikagatik eta Demokraziagatik Batasuna alderdiaren hautagaiak Mali zoriondu zuen «behingoz, gatazka guztien ondotik, instituzioetan lortutako egonkortasunagatik».

1994 eta 2000 artean herrialdeko lehen ministro izan eta gero,Politikari esperientziadun eta herrialdea jasaten ari den egonkortasun eza konpontzeko gizon indartsu gisa aurkeztu zen Keita hauteskunde kanpainan. 2012ko iraultza tuaregak, estatu kolpe militarrak eta herrialdearen iparraldean Al-Qaedari lotutako talde jihadisten presentziak Bamakoren historiako krisirik latzena eragin du azken urte eta erdian, eta gobernu berriak horri egin beharko dio aurre.

Presidente berriak trantsizio prozesua, eta pobrezian murgildutako eta 500.000 lekualdatu dituen herrialdearen egonkortasuna kudeatu beharko ditu. Cisseren erretiroak gatazka eragotzi du, eta Maliri nazioarteko komunitateak herrialdea berreraikitzeko promestutako 4.000 milioi dolar eskuratzea bermatu dio. Europako diplomaziako buru Catherine Ashtonek argi adierazi zuen Malik «konstituziora itzultzeko prozesu garrantzitsua» itxi duela. Keita 2002ko eta 2007ko hauteskundeetara aurkeztu zen, baina ez zuen babes nahikorik lortu.

Frantziaren babesa

Frantziako presidente François Hollandek Keita zoriondu zuen Maliko hauteskundeetako garaipenagatik, eta Frantziaren babesa berretsi du. Hauteskundeetako «gardentasuna eta normaltasuna» goraipatu, eta «bakearen eta demokraziaren arrakasta» nabarmendu du.

Islamistak herrialdearen iparraldean sartzeak, eremua kolokan jarri zuen. Hori argudiatuta, urtarrilean Frantziako tropek esku hartu zuten. Al-Qaedaren sarea Bamakora heltzea saihestu zuten Frantziar soldaduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.