Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek

Militar talde bat gobernuaren aurka altxatu da, eta Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko inguratu dituzte. Ecowasek eta Frantziak babesa adierazi diote gobernuari.

Militarrak Bamakoko kleetan, herritarren babespean. MOUSSA KALAPO / EFE
Iosu Alberdi Atxurra
2020ko abuztuaren 18a
21:56
Entzun

Militar talde bat Maliko Gobernuaren aurka altxatu da, estatu kolpea emateko saiakera batean. Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko bereganatu dituzte, eta, taldeak adierazi duenez, Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa haien esku daude. Altxamenduan parte hartu duten militarretako baten esanetan, Katiko base militarrera eraman dituzte, Bamakotik hamabost kilometrora.

Altxamendua goizeko lehen orduan hasi da. Militarrek Katiko base militarra hartu dute, eta, handik armak hartu ostean, Bamakorako bidea hartu dute. Hainbat testiguren arabera, tiro hotsak entzun dira hori gertatu bitartean. Besteak beste, Defentsa Ministerioa, Armadako Agintaritza eta ORTM telebista publikoaren egoitza inguratu dituzte.

Journal du Mali egunkariak Twitter bidez zabaldu du Abdulaye Daffe Ekonomia ministroa bahitu dutela «gizon armatu batzuek», 08:00 aldera. Hedabide berak adierazi  du Asanblea Nazionaleko presidente Musa Tiembine ere bahitu dutela, etxean zegoela. Beste hainbat goi kargudun ere atxilotu dituztela ere zabaldu da, tartean Defentsa eta Atzerri ministroak.

Agintarien lehen hitzak ez dira iritsi arratsaldera arte. Orduan, ustez Cise lehen ministroak sinatutako agiri bat argitaratu dute. Testuan, «armak isiltzeko» exijitu die altxamenduan parte hartu dutenei, eta «elkarrizketa» eskatu: «Ez dago gure Mali maitearen gainetik egon daitekeen arrazoirik nazio osoarentzat kaltegarriak izan daitezkeen ekintzak aurrera eramateko».

Gerora iritsi da, ordea, militarren mezua. Presidentea eta lehen ministroa bera atxiki dituztela adierazi dute. Hala baieztatu du BBCk ere, gobernuko bozeramaile baten bitartez.

Bamakon manifestari ugari atera dira kalera, kolpea babestera. Izan ere, azken hilabeteetan indarra hartu dute Keitaren dimisioa eskatzeko mobilizazioek. Horietako batean, uztailaren 10ekoan, hamalau lagun hil ziren, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Hala, manifestazioen bultzatzaileek ekintzak areagotzeko deia egin zuten atzo.

Gobernuari babesa nazioartetik

Nazioarteko erreakzioak, ordea, bestelakoak izan dira. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak «matxinada» hitz erabili du geratutakoa gaitzesteko, eta kuarteletara itzultzeko eskatu die militarrei. Hala, altxamenduaren aurka «beharrezko neurriak» hartzeko prest agertu da.

Frantziako Atzerri ministro Jean Yves le Drianek ere antzeko mezua bidali du, konstituzioari men egiteko eskatuz. Hala, «babes osoa» adierazi dio «Maliren burujabetzari». Izan ere, egun, Frantziak 5.100 militar ditu Sahelen, horietako asko Malin. Frantziako Gobernuaren esanetan, Emmanuel Macron presidenteak Maliko presidente Keitarekin hitz egin du arratsaldean, baita Boli Kostako eta Nigeriako presidenteekin ere.

AEBek Sahelen duten goi mandatari J. Peter Phamek ere bide beretik jo du, eta adierazi AEBak «konstituziotik at gerta litekeen edozein gobernu aldaketaren aurka» agertuko direla.

Maliko egoera ezegonkorra da azken hilabeteetan. Keitaren dimisioa eskatzeko protestek ez ezik, talde jihadistek eta herrialdeko talde etnikoen arteko liskarrek gora egin dute herrialdearen zati handi batean. NBEren txosten baten arabera, gainera, Keitaren gobernuko eta armadako hainbat goi mandatarik Arjeleko bake akordioak oztopatu dituzte, eta horiei zigorrak ezartzeko aukera plazaratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.