Maliko armadak Azawaden 52 zibil hil dituela salatu du MNLAk

Joan den urriaren 22an beste bederatzi zibilen hilketen arduraduntzat jo zuten armada matxinoek

2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
MNLAk Azawadeko Askapen Mugimendu Nazionalak salatu du Maliko armadak 52 hildako eragin dituen sarraskia egin duela. Adierazi dute Mopti hiritik gertu jazo dela sarraskia, tuaregek eremu independentetzat hartutako guneko mugatik oso hurbil, Maliko gobernu zentralaren kontrolpean.

MNLAk bere webgunean argitaratutako komunikatu batean adierazi duenez, joan den urriaren 25ean gertatu zen, Maliko armadako destakamentu bat tuaregen kanpamendu batean agertu zenean. «Maliko armadaren diziplinarik eza agerian uzten du beste behin ere krimen nardagarri honek» eta «Azawadeko biztanleen biziak arriskuan jartzen dituzte». Era berean, gehitu dute gisa honetako sarraskiek MNLArengan ezinegona sortzen dutela, eta hainbat jendarme bidali dituztela bertara gertakariak argitzeko.

Ez da lehendabiziko aldia MNLAk gisa honetako salaketa bat egiten duena. Izan ere, joan den urriaren 22an matxinoek beste bederatzi zibilen hilketaren erantzuletzat jo zituzten soldadu maliarrak, eta irailaren 8an ere 16 pertsona erail zituzten, MNLAko matxinoak zirelakoan. Erratu egin zirela jakin zen gerora.

Apirilean aldarrikatu zuen MLNAk Mali iparraldeko Azawad eskualdearen independentzia, baina milizia islamistek boterea kendu zieten gutxira. AB Afrikako Batasunak hasieratik agertu zion Maliko Gobernuari Azawaden agintea indarrez berreskuratzen laguntzeko asmoa, eta duela aste bi NBE Nazio Batuen Erakundeak 45 eguneko epea eman zien AB eta ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitateari esku hartze militarra prestatzeko. ECOWASek adierazi zuen 3.000 militar bidaltzeko gertu dagoela.

NBEko partaide diren hainbat estatuk auziarekiko duten jarrera argitu dute azkenaldian. Alemaniak esan du ez duela parte hartuko. Frantzia, ordea, prest agertu da Malik lurralde osoa kontrola dezan edozein ekintza motari babesa emateko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.