Maliko armada MNLArekin borrokan ari da Kidal inguruan

François Hollanderi bakearen saria eman dio Unescok, Frantzia militarki esku hartzera eraman zuelako

Erredakzioa
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak kontrolatu ditu Kidal hiria eta Mali iparraldeko eremu gehienak otsailetik, Maliko armadaren eta Frantziako tropen ihesi Ansar Dine eta Mujao talde islamistetako ekintzaileek Azawad utzi zutenetik. Herenegun, baina, herrialdearen iparraldea berreskuratzeko saioa hasi zuen Maliko armadak, eta MNLA mugimendu independentistako soldaduak Kidal hiriaren ingurura erretiratu dira.

Anefis hiriaren kontrola hartu du Maliko armadak, Kidaletik 150 kilometrora, eta artilleriako unitateekin tuaregen hiri nagusira hurbiltzen ari da, borroken eraginez MNLAko soldaduek atzera egin ahala. Azawadeko independentisten presidenteorde Mahamadu Djeri Maigak adierazi du tiro aurrena Maliko soldaduek egin dutela: «Gatazka gerra bidez konpontzea erabaki dute, eta ondorioei aurre egin beharko diete».

Frantziak armak utzi eta Bamakorekin konponbidea bilatzeko eskatu dio MNLAri. Atzo, hain zuzen, Unescok Felix Houphouet-Boigny saria eman zion François Hollande presidenteari, Malin militarki esku hartzea erabaki zuelako. Bakearen aldeko saria gerra bat hasteagatik jasotzea «deigarria» dela onartu zuen Hollandek.

Duela egun gutxi, uztailaren 28an egitekoak diren Maliko presidentetza hauteskundeak baimentzea hitzartu zuen MNLAk Azawaden Batasunerako Kontseilu Gorenarekin. Iparraldeko lurretan hauteskundeak egitea onetsi zuten, baina Maliko armadako indarrek ez zutela barruti hori zapalduko ere zehaztu zuten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.