Malik eta MNLA gerrillak bakerako lehen akordioa egin dute Azawaden

Su-eten bat sinatu dute, eta armada Kidal hirira itzuliko da, baina estatus politikoa hauteskundeen ondoren eztabaidatuko duteMaliko presidentetzarako bozak Azawaden ere egitea onartu dute independentistek

mikel rodriguez
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Maliren menpeko Azawad lurraldean matxinada lehertu eta urte eta erdira, lehenbiziko akordioa egin dute gobernuak eta MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak. Su-etena sinatu dute bi aldeek, eta Maliko armada eta administrazio zibila MNLAren esku dagoen azken hiri handira itzuliko dira uztailaren 28a baino lehen: Kidalera. Egun horretan egitekoak dira presidentetzarako hauteskundeak Malin, eta Azawadeko herritarrek ere parte hartzea onartu du MNLAk. Lurralde zabal horren estatus politikoa, berriz, hauteskundeetatik sortuko den gobernuarekin negoziatuko dute. Iazko urtarrilean matxinatu zen MNLA.

Maliko Gobernuaz eta MNLAz gain, HCUA Azawaden Batasunerako Kontseilu Gorenak ere sinatu du akordioa. Hiru aldeek bi aste eman dituzte Burkina Fason negoziatzen, hango presidentearen, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta EB Europako Batasunaren bitartekaritzarekin. Tentsio giroan negoziatu dute, Maliko armadak akordiorik lortu ezean Kidal indarrez hartzeko mehatxua egina baitzuen, eta borrokak ere izan dituzte hil honetan bertan milizianoekin.

MNLAk eta HCUAk Maliko presidentetzarako hauteskundeak Azawaden ere egitea onartuko dute —aitzinetik jakinarazia zuten ados zeudela—; eztabaida gehiago sortu duen puntuari ere oniritzia eman diote: armada eta funtzionarioak Kidalera itzultzeari. Hain zuzen, hauteskundeak egin aitzinetik itzuliko dira.MNLAren eta HCUAren gerrillariak, berriz, eremu batean elkartuko dituzte. Armadaren itzulera eta gerrillarien erretiratzea Nazio Batuen Erakundearen Minusma misioak gainbegiratuko ditu. Minusma uztailean ezarriko da, eta Afrikako Batasunaren misioaren eta Frantziako armadaren Serbal operazioaren tokia hartuko du.

«Erran dezakegu lan handiena bukatu dugula. Oinarrizko gaietan ados paratu gara», adierazi du Tiebile Drame Maliko Gobernuaren ordezkariak. Moussa Ag Attaher MNLAko bozeramaileak erran du bere erakundeak eta HCUAk «dena» eman dutela «bakearen alde».

Independentziarik ez

Gatazkaren mamiaren inguruko eztabaida, ordea, Azawaden estatusarena, hauteskundeen ondorenera gibelatu dute. Bertzeak bertze, Maliko Gobernuak iazko martxoko estatu kolpean baitu jatorria. Iazko apirilean aldarrikatu zuen MNLAk independentzia, baina ordutik jasandako galeren ondorioz federalismora mugatu du eskaria. MNLA nagusiki tuaregek osatzen dute, baina Azawadeko etnia guztien ordezkaritzat du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.