Egonkortasun politikoa bermatzea, Kanakyko mugimendu subiranistekin biltzea eta immigrazioa kontrolatzeko batzorde bat berrabiatzea. Horiexek dira François Bayrou Frantziako lehen ministroaren politikaren ildo nagusiak. Izendapena jaso eta hilabetera aurkeztu ditu bere agintaldirako gidalerroak, gaur, Frantziako Asanblea Nazionalean. Ez du zehaztu zer egingo duen pentsioen erreformarekin, baina jakinarazi du erabaki duela horren inguruko eztabaida berriro ere mahai gainean jartzea, «epe labur baterako eta gardentasunez». Negoziazio horiek hiru hilabete iraungo dute, eta sindikatuek, patronalek eta talde parlamentario batzuetako ordezkariek hartuko dute parte. Eztabaida horien arabera, gerta liteke ezkerreko talde batzuk NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koaliziotik aldentzea, eta Bayrou babestea.
Gobernua osatzen duen zentroko blokeak ez dauka gehiengorik parlamentuan. Hortaz, beste talde parlamentario batzuen babesa behar du gobernuari eusteko. Horretarako, ezkerreko talde batzuk limurtzen saiatu da Bayrou azken asteotan, batez ere PS alderdi sozialista, baina baita Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista ere. Beren babesa izateko baldintzen artean, talde horiek eskatu diote Bayrouri bertan behera utz dezala erretreta 62 urtetik 64ra atzeratu zuen 2023ko erreforma, argudiatuta herritarrak modu masiboan azaldu zirela horren aurka, eta posible dela beste neurri sorta bat diseinatzea.
Bayrouk Asanblea Nazionalean egindako diskurtsoak, ordea, ez ditu Berdeak konbentzitu. Talde parlamentarioko buru Cyrielle Chatelainek iragarri du Bayrouren aurkako zentsura mozioaren alde bozkatuko dutela, eta lehen ministroari leporatu dio hitzaldi «nagi bat» egitea. Are, iritzi dio «hainbat keinu» egin dizkiola RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarrari. PS alderdi sozialistak ez du zehaztu zentsura mozioa babestuko ote duen edo ez; halere, Bayrouren hitzaldia kritikatu du talde horrek ere, eta kargu hartu diote erretretaren erreforma bertan behera ez uzteagatik.
Eskuin muturraren blokera edo Fronte Popular Berriarenera erabat lerratu ordez, gobernuaren egonkortasuna lortzeko erdibideko apustua egin du Bayrouk: asmoa zuen ezkerreko hiru talderen babesa lortzeko, eta, horrela, ezkerreko blokea zatitzeko. PSk, Berdeek, PCFk eta haien aliatuek 120 diputatu inguru dituzte, eta haien aldeko botoek edo abstentzioek modua emango lukete aurrekontuak onartzeko, eta, finean, gobernua ez erortzeko. Are, Bayrouk diputatu horien nolabaiteko babesa izango balu, NFPk 73 diputatu baino ez lituzke izango. Gaur-gaurkoz gobernuaren blokeak 166 diputatu ditu, baina, 120 diputatu horien babesa lortuz gero, gehiengo osotik —289 diputatu— gertu egongo litzateke; ultraeskuinak 126 diputatu ditu, eta NFPk, 193. Berdeen ezezkoa jasota, ordea, Bayrouren blokeak zertxobait urrunago izango luke gehiengo osora iristea.
Aritmetika posible horren jakitun dira ezkerreko blokeko gainerako taldeak, eta horrek barne ika-mikak hauspotu ditu. LFI Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Melenchonek aurpegiratu izan dio PSko buru Olivier Faureri, asteotan herrialdeko hedabideei egindako adierazpenetan, NFPri «traizio» egitea. Faurek, berriz, leporatu izan dio Melenchoni egonkortasun politikoa lortzeko bideak eta eztabaidak oztopatzea. Zatiketa horren erakusle da, hain justu, NFP Bayrouren aurkako zentsura mozio bat aurkeztekoa dela gaur bertan.
Orain, ez dago argi zentsura mozio horrek zer-nolako ibilbidea izango duen. Aurrera egiteko, horren alde egin beharko lukete ezkerreko blokeko diputatu guztiek, sozialistek barne —66 eserleku dituzte—, baita Marine Le Pen buru duen eskuin muturreko blokeak ere. Egunotan egindako adierazpenetan, Faurek jakinarazi du beren eskakizunen harira Bayrourekin ados jarriz gero, ez dutela haren aurkako zentsura moziorik babestuko; edonola ere, esan izan du, halaber, zentsura mozio bat babestuko luketela etorkizunean Bayrou eskuin muturrarekin lerratzen baldin bada eta beren baldintzei muzin egiten badie.
Barne zein atzerri politika
Gobernuburu den artean defendatuko dituen politiken eta ikuspuntuen berri eman du Bayrouk. Besteak beste, neurri ekologistak sustatzearen beharra nabarmendu du, eta, immigrazioaren harira, aipatu du «afera arantzatsu bat» bihurtu dela mundu osoan, eta aitortu du halaxe dela Frantzian ere. «Immigrazioa proportzio kontua da», esan du, eta gehitu du: «Herrialdea uztera behartuta dauden migranteen %93k ez dute egiten. Hori ez dago soilik Frantziako Gobernuaren esku; erantzukizuna ere bada migrante horien jatorrizko herrialdeetako gobernuena». Horiek hala, proposatu du berriro abian jartzea migrazioa kontrolatzeko ministerio arteko batzordea.
Eta, horren ondoren, Kanaky izan du hizpide. Iragarri duenez, Parisera joan eta berekin biltzeko gonbita egingo die hango mugimendu subiranista politikoetako ordezkariei, eta Itsasoz Haraindiko ministroari eskatuko dio afera hori lehenesteko. «Kaledonia Berriak bere etorkizuna eraiki behar du», adierazi du.
Barne politikari ez ezik, atzerri politikari ere erreparatu dio Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalean egin duen aurreneko agerraldian. Salatu du gaur egungo munduan «indarraren legea» gailentzen dela, eta Ukrainako gerra jo du horren erakusle nagusitzat, iritzita azken 75 urteetan Europako lurretan izandako «gertakaririk larriena» dela.
Horrekin lotuta, «indarraren legea» hauspotzea leporatu die Txinari eta Ameriketako Estatu Batuei (AEB): batetik, Txinako agintariei egotzi die eurek kontrolatutako dominazio ekonomiko, teknologiko, diplomatiko eta militar bat eraikitzen aritzea; bestetik, Washingtoni egotzi dio «boterea eta dominazioa» beste bide batzuen bidez bilatzea, eta nabarmendu du hango presidente hautatu Donald Trumpen eta Xren jabe Elon Musken gisako figurak «mehatxu» horiek hauspotzen dituztela. Adibide gisa jarri ditu, hain justu, asteotan Trumpek Groenlandia, Panama eta Kanada anexionatzeari buruz egindako adierazpenak.