Espainiak, Norvegiak eta Irlandako Errepublikak, urratsa egin, eta maiatzaren 28an Palestinako Estatua aitortuko dutela iragarri dute, «gatazkari irtenbidea» emateko asmoz. Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian eman du horren berri Pedro Sanchez gobernuko presidenteak, eta azpimarratu du «bakeagatik, koherentziagatik eta justiziagatik» hartu dutela erabakia. Bi aldeek negoziatzea «ezinbestekoa» dela esan du; baina «baldintza berdinetan». Irlandak eta Norvegiak ere gauza bera jakinarazi dute. Jonas Gahr Store Norvegiako lehen ministroaren arabera, Israelek eta Palestinak nork bere estatua izatea da gatazkarako «irtenbide bakarra», eta azpimarratu du bakoitzak bere estatuan «bakean bizitzeko eskubidea» dutela. Simon Harris Irlandako Errepublikako lehen ministroaren esanetan, «bake iraunkorra» lortzeko helburuarekin egingo dute aitortza. «Irlandarentzat eta Palestinarentzat egun historikoa da gaurkoa».
Ikusi gehiago
Diputatuen Kongresuan txalo zaparradarekin hartu dute erabakia. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko abagunea da. Nahiz eta hormak sortu, herriak bonbardatu eta legez kanpoko kokalekuak eraiki, Palestinako lurrak eta identitateak existituko dira aurrerantzean ere». Sanchezek azpimarratu duenez, erabakia ez da Israelen aurkakoa, ezta Hamasen aldekoa ere, «bi estatuen arteko irtenbidearen aldekoa» baizik.
Antzera mintzatu da Irlandako Errepublikako lehen ministroa ere. Harrisen ustez, hartutako azken erabaki horren eraginez, Israelek ez du «ezer galtzen», eta baztertu egin du Tel Avivek dioena, errekonozimenduak «terrorismoa sustatzea» eragingo duela, alegia. Halaber, Irlandako Errepublikako Gobernuak adierazi du Palestina estatu gisa onartzeak «moderazioa» indartuko duela Israel erabiltzen ari den «gerra eta zapalkuntza» estrategiaren aldean.
Nazioartearen menia eskariei dagokienez, Sanchezek salatu du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu horiei «entzungor» egiten ari dela, eta eskolak, ospitaleak eta etxebizitzak bonbardatzen diharduela oraindik. Hots, «Gaza suntsitzen». Gogoratu du aste honetan Netanyahu atxilotzeko agindua emateko eskatu duela Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburuak: «Garbi dut Netanyahuk ez duela Palestinarako bake proiekturik». Hamasen aurka borroka egitea «beharrezkoa eta zilegi» dela esan du, baina Israel egiten ari den «suntsiketa» kritikatu du. «Israel egiten ari den erasoaldiak gorrotoa betikotzea besterik ez du eragingo, eta hori ezin da onartu».
Hiru herrialde europarren erabakiak askotariko erreakzioak izan ditu. Espero bezala, Israel haserre agertu da, eta Palestina bakarrik ez, «Hamas ere» aitortzea leporatu die Norvegiari, Espainiari eta Irlandako Errepublikari. Bide beretik jo dute AEB Ameriketako Estatu Batuek, hots; Etxe Zuriak uste du Palestinaren aitortza «negoziazio batzuen ondorio» izan beharko litzatekeela, eta ez «alde bateko» erabaki bat. Ekialde Hurbileko beste zenbait herrialdek, ordea, emandako pausoa txalotu dute, hala nola Saudi Arabiak, Qatarrek eta Jordaniak.
Aitortza sinbolikoa
Inplikazio praktikoak eta juridikoak baino, aitortzak gehiago ditu konnotazio sinbolikoak. Aitortza juridikoki praktikoa izateko, ezinbestekoa litzateke Palestinaren mugak zehaztuta izatea, eta aitortutako gobernu bat agintean izatea; gaur egun, PAN Palestinako Aginte Nazionalak agintzen du Zisjordanian, eta Hamasek Gazan, nahiz eta nazioarteak ez duen azken horren agintaritza aitortzen. Halere, urrats garrantzitsua da.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak erabakia txalotu du, eta, haren ustez, lagunduko du herri palestinarraren autodeterminazio eskubidea finkatzeko eta bi estatuen irtenbiderako neurriak hartzeko. «Munduko herrialde guztiei, batez ere europarrei, eskatzen diegu Palestinako Estatua onar dezatela, nazioartean onartutako bi estaturen irtenbidearekin bat etorriz».
PAE Palestina Askatzeko Erakundearen idazkari nagusi Hussein Al-Xeikhk esan du «abagune historikoa» dela hamarkada luzeetako palestinarren «borroka nazionalaren, sufrimenduaren, minaren, okupazioaren, arrazakeriaren, hilketaren, zapalkuntzaren, abusuaren eta suntsipenaren» ostean: «Hau da eskualdeko egonkortasuna, segurtasuna eta bakea lortzeko bidea». Arabiar Ligak ere «esker onez» hartu du iragarpena, eta Ahmed Abulgeit erakundeko idazkari nagusiak esan du hiru herrialdeak gatazkaren historiaren «alde egokian» jarri direla. Nazioarteko komunitateko gainerako herrialdeei eredu hori jarraitzeko eskatu die, «printzipio eta ausardia» urrats bat delakoan.
Hamasek ere hartu du hitza, eta komunikatu baten bidez, «urrats garrantzitsua» dela adierazi du. Era berean, gainerako herrialdeei dei egin die «eskubide nazional legitimoak aitortzeko, Palestinako herriak askapenaren eta independentziaren alde duen kausa babesteko eta okupazio sionista amaitzeko».
Europako gainerako herrialdeekin ere harremanetan izan direla azaldu dute Norvegiak, Irlandako Errepublikak eta Espainiak, eta asteon horietako batzuek ere Palestinako Estatua aitortuko dute. Hori espero du Sanchezek: «Espero dugu Mendebaldeko herrialdeek ere bide hori hartzea. Segituko dugu nazioarteko komunitatea presionatzen eta Palestina babesten».
Hain zuzen, herrialde batzuk hasi dira haien asmoak iragartzen. Esloveniako Gobernuak adierazi du laster egingo duela bat Palestinaren errekonozimenduarekin. Frantziak, berriz, esan du «abagune egokian» egin behar dela aitortza, «erabakigarria» izan dadin. Stephane Sejourne Atzerri ministroaren hitzetan, Palestinaren aitortza ez da «tabua» Frantziarentzat. Maltak ere «momentu egokia iristen denean» errekonozituko du.
Oraingoz, Nazio Batuen Erakundeko 140 herrialde inguruk errekonozitzen dute Palestinako Estatua, eta Europan, zehazki, zortzik: Bulgariak, Poloniak, Txekiar Errepublikak, Errumaniak, Eslovakiak, Hungariak, Ziprek eta Suediak. Datorren astean batuko zaizkie Espainia, Irlandako Errepublika eta Norvegia.
Suediak 2014an egindako aitortzak eztabaida piztu zuen EBko estatu kideen artean, eta hainbat ganbera legegilek ebazpenak onartu zituzten, Palestina estatu gisa onartzeko eskatzeko asmoz beren gobernuei. Halaber, 2014ko abenduaren 17an Europako Parlamentuak bat egin zuen Palestinaren errekonozimendu aldarrikapenarekin, gehiengoa zuten talde politikoen ebazpen bateratu bat babestuta: aldeko 498 boto, kontrako 111 boto eta 88 abstentzio lortu zituen.
EH Bilduk adierazpen politikotik harago egitera deitu du
VSona handikoa izan da hiru herrialdeek hartutako erabakia, eta Euskal Herriko zenbait alderdi politiko ere mintzatu dira horren inguruan. Kasurako, EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpuruak gobernuak hartutako erabakia babestu du, baina adierazi du adierazpen politikoa baino «zerbait gehiago» behar dela. «Albiste ona da. Palestinako herria hamarkadetan ari da hori eskatzen, eta estatu honek oraindik ez zion kasurik egin. Gustatuko litzaiguke errekonozimendu hau askoz lehenago iritsi izana, horretarako sarraski bat gertatu behar izan gabe». Neurriak hartzeko exijitu du; horien artean, Israelekin harreman ekonomiko eta politikoak etetea.
Aitor Esteban EAJko eledunaren ustez, berriz, nahiz eta aitortza sinbolikoa izan, balioko du Israel ohartarazteko: «Israeli laster iritsiko zaio ispiluan begiratzeko ordua, eta ez zaio gustatuko ikusiko duena».