KOLONBIA

Maiatzaren 16an hasiko dituzte elkarrizketak FARCeko disidentziarekin

Estatu Nagusi Zentrala gerrillak eman du negoziatzeko egunaren berri. Gobernuak ez du adierazpenik egin.

Estatu Nagusi Zentrala gerrillako buruak, atzo, Caquetan egindako agerraldian. ERNESTO GUZMAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 17a
12:06
Entzun

Bi negoziazio mahai ditu abian dagoeneko Kolonbiako presidente Gustavo Petroren gobernuak: ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin bata, eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileko talde disidente handienarekin bestea. Atzo jakinarazi zuen Estatu Nagusi Zentrala gerrillako bozeramaileak maiatzaren 16an hasiko dituztela elkarrizketak gobernuarekin. Aurrez, astebetez egon dira bilduta bi aldeetako ordezkariak. «Errealitate politikoak frogatzen du Kolonbiako herria esnatu dela lozorrotik, ezjakintasun politikotik, eta horren froga da Gustavo Petroren garaipena presidentetzarako bozetan, gobernutik kanporatuz 200 urte baino gehiago indarrez botereari eutsi diotenak. Orain guri dagokigu hura hartzea herriaren boterea baliatuta», esan zuen eledunak. Gobernuko ordezkaritza bat ere agerraldian egotekoa zen, baina azken orduan jakinarazi zuten ez zirela bertan izango.

Gerrillaren asmoa da «borrokan jarraitzea», baina «herri mugimendu zabal» bat sortuta, «bakea oinarrietatik eraikitzeko». Horretarako lehen pausoa litzateke aldebiko su eten bat hitzartzea, eta ondoren hura gainbegiratzeko batzorde bat osatzea. Izan ere, Estatu Nagusi Zentrala ez da FARCetik banandutako talde armatu bakarra, baina bai bake prozesu batean parte hartzeko prestasun handiena agertu duena. Horretaz gain, Indepaz Garapenerako eta Bakerako Institutuaren arabera, talde hori bera da urte hasieran hitzartutako su etena gehien urratu dutenetako bat.

Gerrillako buru Nestor Gregorio Verak deia egin zion atzo ELNri ere bi talde armatuen arteko gatazka amaitzeko: «Gure arteko borrokek elite boteretsuei soilik egiten diete mesede, eta aberastu egiten ditu arma salmentatik bizi direnak». Hala, iragarri zuen bi taldeak «gerturatzen» saiatuko dela, eta bitartekari lanen ardura John Mechas komandantearen esku utzi zuen —gerrillaburua ezaguna da duela bi urte Ivan Duque presidente ohia hiltzen salatu zelako—.

Guztiak ez

Gobernuak onetsi behar du oraindik elkarrizketak hasteko data, baina hori eginda ere askok dagoeneko aurreratu dute gerrillari guztiek ez dutela bat egingo bake prozesuarekin. Verak ere onartu zuen «sakabanaketak» zaildu egiten duela «guztientzako mesedegarri» izango diren erabakiak hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.