Maiatzaren 12a: zer dago jokoan Katalunian?

Proposamen politikoak zatikatu egin dira independentisten arteko liskarren ondorioz, eta baliteke subiranistek gehiengo osoa galtzea parlamentuan. Hiru adituk hauteskundeetako aukera guztiak aztertu dituzte.

Jordi Pacheco, Ismael Peña-Lopez eta Rita Gimenez, Bartzelonan egindako mahai inguruan. DANI CODINA
Jordi Pacheco, Ismael Peña-Lopez eta Rita Gimenez, Bartzelonan egindako mahai inguruan. DANI CODINA
Carme Porta.
Bartzelona
2024ko maiatzaren 12a
05:10
Entzun

Baliteke gaurko parlamenturako hauteskundeen ondorioz Kataluniako Gobernua aldatzea, eta gehiengoak ere aldatzea. 2012an prozesu independentista hasi zenean, alderdi independentistek batera jarduteko bidea jarri zuten, eta gizarte gehiengoa independentziaren alde agertu zen. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaz geroztik, ordea, batez ere independentzia aldarrikatu baina mamitu gabe geratu zenetik, proposamen politikoak zatikatu egin dira independentisten arteko liskarren ondorioz.

2015ean, independentismo katalanak hautagaitza transbertsal eta batua aurkeztu zuen, Junts Pel Si, eta hari esker osaturiko gobernua lanean aritu zen Kataluniak nazioarteko aitortza lortzeko eta independentziarako erreferenduma antolatzeko —harik eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zioten arte—. Oraingo hauteskundeetan, berriz, bost hautagaitza daude parlamentuan ordezkaritza lortzeko moduan: horietatik hiruk badute ordezkaririk gaur egun, eta beste biek ez dute eserlekurik lortzeko aukerarik.

Juntsen eta ERC Esquerra Republicanarenren arteko liskarren ondorioz, ERCk bakarrik gobernatu du orain arteko legealdian. Gehiengo independentista galduko da parlamentuan eta gizartean? Aukera guztiak aztertu dituzte aditu hauek: Jordi Pacheco, COLPIS Kataluniako Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Profesionalen Elkargoko dekanoak; Rita Gimenez, politologo eta nazioarteko politikaren eta gai publikoen alorreko aholkulariak; eta Ismael Peña-Lopez politologo eta ikertzailea, gaur egun Kataluniako Administrazio Publikoko Eskolako zuzendariak.

COLPISen aretoan izan da mahai ingurua, egun euritsu batean —zorionekoak, azken hilabeteetako lehortearen ondoren—. Pachecok egin du sarrera, mezenas gisa: «Nahiz eta gizartea bizirik dagoen eta zalantzan jartzen dituen egungo sistema eta estatua, erakundeek ezer gutxi egin dute, edo ezer ez; Kataluniako Parlamentuak lehengo eskumen berak ditu, eta gobernuak ere bai; erakundeen arteko harremanak ere, gutxi gorabehera, lehengo berak dira; agian izan dira aldaketa txiki batzuk, baina aldaketa esanguratsurik ez: besteak beste, alderdi independentistek onartu dutelako ez daukatela nahikoa indar halakorik aurrera eramateko». Haren arabera, «ezer gutxi aldatuko da luze gabe; agian, aldaketa bakarra zera izango da, ikusaraztea gaur egun ez dagoela gehiengo nahikorik».

Peña-Lopezek Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak konparatu ditu: «Beti erreparatu izan zaio Euskal Herriko proiektu independentistari, baina, azken hamar urteetan, Kataluniako prozesua gizarte antolatu eta indartsu baten ekimenez eta modu baketsuan eraman izan da aurrera, baina orain badirudi hori bukatu egin dela, eta Euskal Herrian, berriz, aurrera egin dela berriro ere».

«Kataluniako prozesua gizarte antolatu eta indartsu baten ekimenez eta modu baketsuan eraman izan da aurrera, baina orain badirudi hori bukatu egin dela».

ISMAEL PEÑA-LOPEZKataluniako Administrazio Publikoko Eskolako zuzendaria

Egiaztapen horretan oinarrituta, Peña-Lopezek azaldu du zergatik aurreikusten den independentismoak behera egitea hauteskundeetan: «Lehenik eta behin, aurrerapen txikiak gutxietsi egin dira; are, deabrutu egin dira politika autonomista gisa, eta horrek jarduera politikoa geldiarazi du. Lehen egiten ziren legeen erdiak egiten dira orain. Tarteko helburuei balio handiagoa eman behar zaie, eta ez azken helburuei bakarrik». Kataluniako Administrazio Publikoko Eskolako zuzendariak azpimarratu du bi faktore osagarri daudela, eta nabarmendu Euskal Herrian mundu abertzaleak proiektu bakar batean lotu dituela ardatz nazionala eta soziala: «Katalunian, berriz, horri ihes egin nahi izan zaio, eta banatu egin dira, guztiz independente bihurtuta.

Inkestetan adierazten diren defizit handienetako bat gizarte proiektua da: zer gertatzen den eta nola konpondu egunerokoa». Alde horretatik, politologoak baieztatu du bi arloak lotzeko jarrera horrek gizartearen babesa izan duela eta emaitza onak bildu dituela hauteskundeetan, eta ez Euskal Herrian bakarrik.

Gimenezek analisi bat egin du, eta aurreko ekarpenak osatu nahi izan ditu abiapuntu honekin: «Erakundeei eta alderdiei buruz hitz egin dugu, baina zer gertatzen da jendearekin?». Haren ustez, prozesua babestu duten herritarrak urrundu egin dira, ikuspegi sozial batetik begiratuta, eta baliteke orain «mugimendu sozialaren beste ziklo bat abiatzea, galduz joan den indarra berreskuratuko duena, eta lidergo berriak agertzea, pilatutako neke kolektiboa gaindituko dutenak. Azken urteetan dolu prozesu bat izan da; hasieran, prozesu berri eta itxaropentsu batek esperantza sortu zuen, baina, gero, negoziazio politikoak lausotuz joan dira, eta horrek desilusioa ekarri dio mugimendu independentistaren parte bati».

Interesik ez hauteskundeetan

Kontu garrantzitsu batek eragin zuzena du gehiengoaren galeran: erabaki politikoek eta kanpainak ez dute interes handirik pizten. Kanpaina hasi aurretik Iritziak Aztertzeko Zentroak (CEO) egindako inkesta zabal batean jaso zuenez, inkestari erantzun ziotenen %47k badakite noiz egingo diren hauteskundeak, eta hori datu esanguratsua da, baina inkestan nabarmendu zuten %4k baino ez zeukatela interes handia kanpainaurrean, eta %38k, berriz, ez zeukatela inolako interesik. Interes falta hori kezkagarria da, eta, gainera, askok ez dakite nori eman botoa.

Gimenezen ustez, testuinguru horretan «ilusio kolektibo indartsu bat» izan zen prozesua, ondoren «suntsitu» egin zena: «Aurrerantzean ere herritarrok parte hartu behar dugu ziklo politiko arruntean, eta oso kezkagarria da parte hartzeko interesik ez izatea. Herritarren %45 independentziaren alde badaude baina ez badago interesik gizarteari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko, hori oso kezkagarria da». Haren ustez, hauteskundeen inguruan utzikeria hori izateak eragin zuzena dauka proposamenek koherentzia politikorik ez izatearekin: «Orain arte hitz egin ez denez proiektu partekatu bati buruz eta ez dagoenez horretarako tokirik, litekeena da independentista askok —ezkerrekoek ziurrenik— botorik ez ematea hauteskunde hauetan».

«Azken urteetan dolu prozesu bat izan da; hasieran, prozesu berri eta itxaropentsu batek esperantza sortu zuen, baina, gero, negoziazio politikoak lausotuz joan dira».

RITA GIMENEZPolitologoa

Kanpainiaren erdialdean, inkestek iragarri dute oraingo gehiengoa galdu egingo dela, eta PSC izango dela lehen indarra, Junts bigarrena, ERC hirugarrena, CUPek lauzpabost eserleku galduko dituela —gorabehera asko ditu inkestetan—, Aliantza Katalana ultraeskuina parlamentuan sartuko dela, eta Vox indarberritu egingo dela ultraeskuin espainolista gisa, PPrekin oso berdinduta. Clara Ponsati kontseilari ohiak eta haren proposamen politikoak, Alhora izenekoak, ez dute ordezkaririk izango parlamentuan. Kontuan harturik zer akordio diren posible, eta zer akordio baztertu dituzten kanpainan bertan, espero izatekoa da bihar egoera bihurria izatea.

Gimenezek oharatarazi du: «Orain badugu modua herri proiektua berriz lantzeko, eta proiekturik gabe ez dago herritarrak motibatzerik». Izan ere, aldi berean arazoaren fruitua eta arazoaren parte dira independentismoari iragarritako emaitzak eta hautagaitzen atomizazioa. Peña-Lopezek hauxe azpimarratu du: «Ez dago inolako adostasunik urriaren 1ekoaren analisia egiteko orduan, eta, beraz, ezinezkoa da batasuna izatea eta herri proiektu batua osatzea baita gutxienekoetan edo ekintzetan, helburuetan edo mugetan ere. Kontua ez baita proiektua bizkorrago edo mantsoago egitea, ezkerreko aldera jotzea edo eskuineko aldera jotzea, baizik eta zehaztu gabe daudela denontzako moduko gutxieneko batzuk».

«2015eko irailaren 29an, parlamentuko deklarazioa bozkatu zen egunean, argi geratu zen independentismoak gaizki kalkulatu zuela zer-nolako hegemonia zuen benetan, eta hori ordaindu egiten da», nabarmendu du Pachecok. «Orain ikusten ari gara zein diren ondorioak: gehiengoa gal daiteke parlamentuan, eragin sozialak larriak dira, alde batera geratzen ari da oinarria zabaltzeko ideia, eta indarra galdu da gizartean». Eta irmo azpimarratu du: «Nolabaiteko arinkeriaz jokatu zuten gobernua egituratzeko orduan. Erbesteko gobernu bat osatzea erabakitzen bada, modu serioan egin behar da, ondorio guztietarako».

Motibatzailea eta gizarte talde askoren batzailea izandako prozesu hura presaka abiatu izanaren ondorio da, hiru politologoen ustez, independentismoaren zatiketa. Hirurak bat datoz desilusioa ekarri duela edo, behintzat, egoera batekin gehiegi lotutako motibazioa bultzatu zuela deklarazioak epe bat jarri izanak (18 hilabete), pentsatu gabe atzeraldiak eta gatazka instituzional eta sozialak izan zitezkeela. Pachecok gogorarazi duenez, «garai batean jende guztiak bere kabuz pentsatzen zuen nolakoa izan behar zuen herrialdeak, besteekin kontrastatu gabe, bakoitzak bere eredua amestuta».

«Erbesteko gobernu bat osatzea erabakitzen bada, modu serioan egin behar da, ondorio guztietarako».

JORDI PACHECOKataluniako Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Profesionalen Elkargoko dekanoa

«Koherentzia falta da, aspalditik, jardunaren eta diskurtso politikoaren artean», Gimenezen iritziz. «Egiaz non hitz egin zitekeen egitasmo bateratu batez aritzeko eta egitasmo hori sortzeko?». Politologo horren irudiko, herritarren mobilizazioa handia zen, baina nahikoa ez: «Izan ere, ez zegoen egituratutako ezer seriorik, halako indar handiko gizarte mugimendu bateko kideen ideiak, nahiak eta konpromisoak jasoko zituen ezer ez. Hori lortzeko saio bakarra izan zen, prozesu eratzailea, hain zuzen, baina oso motz geratu zen».

Batasun politikorik eza eta proiektu falta izan litezke parlamentuan gehiengoa galtzeko arrazoiak, baina eragina izango dute hurrengo akordioetan eta Kataluniako prozesu independentistaren bilakabidean ere. Peña-Lopezi garrantzizkoa iruditzen zaio: «Mugimendu independentista alternatiba gisa sortu zen —eta hala sortutako beste batzuk ere izan ziren Espainiako Estatuan— establishment-ek ez zuelako erantzuten, eta oinarri garrantzizkoa izan da eraikitzeko eta demokrazia sendotzeko prozesu bat abiatzea, baina ez da aurrera atera. Horrek galga egin dio, noski, eta tartean eskuin muturra sartu izanak eragotzi egiten du ados jartzea, eta ezinezko bihurtzen gehiengoa izatea. Traba jartzen die etorkizuneko proiektuari, adostasunari eta gehiengo demokratikoari».

Badirudi inkestak arrazoia ematen dietela analisi horiei. Bihar, beharbada, gehiengoa independentista galduko da, eta, kontuan harturik zein bihurria izan den egoera, eta zein zaila izango den akordiorik izatea parlamentuan, beste hauteskunde prozesu bat hasiko da beharbada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.