Emmanuel Macron Frantziako presidenteak koronabirusari aurre egiteko neurri gehiago iragarri zituen bart, 20:00etan, telebistaren bidez.
Hala, haren mezuaren arabera, orain arteko «baldintza beretan» Ipar Euskal Herriko itxialdia maiatzaren 11 arte luzatua izanen da, hau da «erabatekoa». «Deskonfinamendua posible izanen litzateke baldin eta birusaren hedapena emekituko balitz».
Egun horretatik aitzina, haurtzaindegi, eskola, kolegio eta lizeoak berriz ere zabalduko dituzte. Alta, unibertsitateak udara arte beha egon beharko dute irekitzeko.
Hogeita zortzigarren itxialdi egunean, Macronek azpimarratu du: «Publikoari harrera egiten dioten guneek -ostatu, jatetxe, zinema, antzoki, museo eta hotelek- zerraturik jarraituko dute maiatzaren 11tik aitzina ere». Egun horretatik aitzina, aste guziz «aztertuko» dute egoera, neurrien egokitzeko.
Maskei dagokienez, «estatuak ahalbidetu beharko du publiko zabalak maska eskuratzea. Haren erabilera sistematikoa bilaka daiteke».Onartu egin du sistema frantsesak «akatsak, eskastasunak eta hutsegiteak» izan dituela krisiaren kudeaketan: maska eta testen eskuratze eta banaketan, bai, orokorki, Frantziako Gobernuaren estrategia ere: «Zuek bezala, nik ere geldotasuneta prozedura inutil gehiegi ikusi dut». Oroz gain aitortu du estatuak ezin izan duela nahi bertze maska banatu osagarri langileei.
Koronabirusaren hotsa
Koronabirusa detektatzeko probak momentuz aski ez badira ere, maiatzaren 11tik goiti, «gaitasuna» ukanen da «sintomarik duen orori testa egiteko, anartean, lehenik osagarri langileei, adineko jendeari eta kalteberenei egiteko eskatu diet».
COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoaren geldialdiak bultzatuta, Macronek diru laguntzak hitzeman ditu haurrak eta ikasleak dituzten familia xumeentzat. Gisa berean, «soldatapekoak hunkitzen dituzten aldi baterako langabezia neurriak luzatu eta indartuko» dituela agindu du. Eskatu ere egin du bankuek ordaintzeko epeak orain arte baino gehiago gibela ditzaten.
Kultura eta kirola arloei dagokienez, uztailera arte «gutienez» aiduru egon beharko dute jende anitz biltzen duten ekitaldi guziek.
«Plan berezia» aipatu du, zeinean bereziki hunkiak diren sektore horien zergak ezeztatuko baitira, eta laguntza bereziak emanen.
Koronabirusaren geroko egoera ekonomikoa «berrasmatzera» deitu du, «soldatapekoei eta enpresei itxaropena berriz emate aldera». Laborantza, osasungintza, industria eta teknologia independentea «berreraiki» beharko dela erran du.
Birusak ez du mugarik
Ez du zehaztu noiz arte segituko duten itxita Europatik kanpoko herrialdeekiko mugak.
Birusak mugarik ez badu ikusten, Macronek bereak ezin argikiago markatu zituen. Bart eman duen hitzaldiak bazuen frantses nazionalismotik anitz: «Atera gaitezen ideologietatik [...], krisi hau izan dadila parada elkar berriz lotzeko,gure humanitatearen sentitzeko, eraikitzeko bertze proiektu bat konkordian, frantses proiektu bat, elkarrekin bizitzeko arrazoi sakona, gure nazioaren osagai guziekin. Horretara garamatzan bidea marraztuko dut».
Koronabirusa
Maiatzaren 11 arte luzatuko da itxialdia Ipar Euskal Herrian
Eskola eta haurtzaindegiak pixkanaka berriz zabalduko dituzte maiatzaren 11tik aitzina. Maskak biztanle ororen eskura izanen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu