Askotariko erreakzioak eragin dituzte Mahmud Abbas Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak berriki Israeli buruz esandakoek. Alemanian hitz egin du, Berlinen, Olaf Scholz kantzilerrarekin bildu ondoren eginiko prentsaurreko batean. Agerraldi horretan, palestinarren aurkako «50 holokausto» egin izana leporatu dio Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak Israeli.
«1947tik gaurdaino, Israelgo Gobernuak 50 sarraski egin ditu Palestinako 50 herritan», adierazi du Municheko 1972ko atentatuengatik barkamena eskatuko ote zuen galdetu diotenean. «50 sarraski, 50 holokausto», nabarmendu du. Halaber, erantsi du Israelgo Gobernuak eta armadako soldaduek palestinar ugari hiltzen dituztela oraindik gaur egun ere: «Ia egunero hiltzen dituzte». Eta mezu garbi bat utzi du: «Iragana miatzen jarraitu nahi badugu, egin dezagun».
Adierazpen horiek harrabotsa sortu dute Israelgo Gobernuan, eta Yair Lapid Israelgo jarduneko lehen ministroak sareen bidez azaldu du Abbasen adierazpen horiek «gezur izugarri bat» direla: «Alemaniako lurretan egonik Israeli ‘50 holokausto’ egin izana leporatze hutsa, lotsaizun morala ez ezik, gezur izugarria da». Palestinako alderdiak, berriz, nabarmendu du Israelgo Gobernuak krimen horiek aitortu behar dituela, eta hori egin dezala galdegin dio gobernuari.