arantxa elizegi egilegor

Magoa

2024ko abuztuaren 8a
19:20
Entzun

Txistea erraza da: Puigdemontek kaiolatik ihes egin die mossoei —Gabia (kaiola) izena jarri diote Carles Puigdemont presidente ohia atxilotzeko martxan jarritako operazioari—. Nola? Magia eginda. Houdiniren pare agertu da buruzagi independentista Kataluniako parlamentuaren parean bildutako jendetzaren aurrean. Bere estiloan, musika izar bat balitz bezala. Hala, parlamentuko atarian salatu du Espainiako justiziaren jarrera, esanez eurek onartutako legeak ere ez dituztela betetzen, Amnistia Legeari erreferentzia eginez. Eta, halaxe, hitzaldia amaituta, desagertu da jende artean, gehiago ez agertzeko.

Dena den, Puigdemonten hitzak bainoago, argazkia izan da esanguratsua, eta unea. Buruzagi erbesteratuaren aldamenean egon dira Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidentea —Generalitateko buruaren ostean, kargurik garrantzitsuena— eta Jordi Turull Junts Per Catalunyako idazkari nagusia. Baita, noski, alderdiko beste hainbat diputatu ere. Bere lidergoa berretsi nahi izan du Puigdemontek, eta lortu du. Atxilotze agindua gorabehera, itzala egin dio Salvador Illa sozialisten buru eta presidentegaiari. Bere alde izan du, gainera, Rull, zeinak iragarria zuen bertan behera utziko zuela inbestidura saioa buruzagi subiranista atxilotuz gero.

Ia bi hamarkadaren ostean, lehen aldiz buruzagi sozialista bat Generalitateko presidente aukeratu behar zuten egunean agertu da buruzagi independentista Kataluniako hiriburuan. Bere aurkako atxilotze agindua saihestu du, harrera egiteko bildutako jendetzaren aurrean hitz egin ahal izateko, baina ez da izan inbestidura eztabaidan. Bizkarra eman die Illari eta ERCri. Herriarengandik gertu dagoela irudikatu nahi izan du, baina baita azken urteetan arerio izan duen beste alderdi independentistatik urrundu ere. Hura da ekuazio honetako galtzaile nagusia. Illak baduelako bere kargua eta Puigdemontek titularrak, baina ERCk?

Hamahiru diputatu gutxiago eskuratu zituzten Esquerrakoek maiatzeko hauteskundeetan, eta horrek itxi zien presidentetzarako atea. Gerora, Illari babesa emanez itxi zuten eurek gobernurako atea. Illa babesteko akordioa onartu zuten, bai, militanteek, baina 550 botorengatik bakarrik. Egia da gobernuan ez egotea mesede dela ERCrentzat, gaizki egindakoak Illaren bizkar utz ditzakeelako oposizioan egonik. Baina halakoetan ere izango da gogoratuko dionik bere botoei esker dela sozialista bat presidente.

Magia egin du Puigdemontek, eta kanpaina hasierako ekitaldi bilakatu du inbestidura eguna behar zuena. Bere inguruan bildu ditu ehunka independentista, eta hilda zirudien garra piztu du. Bide batez, Illaren hitzaldia ere isildu du, gaur bera izango baita komunikabide nagusietako albistegiak zabalduko dituena, eta ez buruzagi sozialista. Datorren astean inor gutxi gogoratuko da Illak Amnistia Legea betetzeko konpromisoa hartu zuela edota ERC izan zela finantzaketa berezia hitzartu zuena, hau da, hari esker kudeatuko dituela Generalitateak Katalunian bildutako zergak. Aldiz, denek izango dute hizpide nola buruzagi erbesteratuak izkin egin zion Espainiako Auzitegi Gorenaren atxilotze aginduari mossoak ere barregarri utziz, eta politika espektakulu bilakatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.