Mafiako ustezko 92 kide atxilotu ditu Poliziak

Italian preso hartutakoen artean daude Stramaglia eta Di Cosola klanetako buruzagiak

Erredakzioa
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Talde kriminalen aurkako operazio zabal bat egin zuten atzo goizaldean Italian. Bertan mafiako ustezko 92 kide atxilotu zituzten, baita 40 kilo kokaina, hainbat pistola eta Kalashnikov fusilak atzeman ere. Hinterland izeneko operazioa Bari, Sizilia, Foggia eta Milan probintzietan egin zuten, eta bertan parte hartu zuten segurtasun indarretako 600 kide inguruk.

Italiako Gobernuko iturrien arabera, preso hartutakoen artean daude Stramaglia eta Di Cosola klanetako buruzagiak ere, Michele Stramaglia eta Giuseppe Barbetta. Biei egozten diete mafiarekin lotuta egotea, xantaia egitea eta droga trafikoan aritzea. Bi taldeak deseginda, haien antolaketari buruzko informazio zehatza lortu ahal izan dute segurtasun indarrek, baita, Roberto Maroni Barne ministroaren esanetan, Barin oso zabalduak zeuden ekintza kriminalak nabarmen murriztu ere. «Operazioa ezin hobeto joan da. Arrakasta izan dugu».

Taldeen arteko borrokak

Duela bi urte, 2008an, borroka gogorrak piztu ziren bi taldeen artean, droga trafikoaren gaineko kontrola bereganatzeko ahaleginean. Liskar horiekin lotuta hil zuten Martino Salatino, Stramaglia klaneko ustezko kidea. Poliziak uste du bi talde horiek direla Bari inguruko eraikuntza enpresei egindako xantaien erantzuleak. Azken hilabeteotan, gainera, ugaritu egin dira estortsioak, baita bi klanen arteko borrokak gogortu ere.

Segurtasun indarrek ikerketa hasi zuten Bari probintziako herritar batek jarritako salaketaren harira: gizon bat polizia etxera joan zen laguntza eskatuz, autoa erre ziotelako. Horren ostean, mafia klanetako ustezko kideak jarraitzen hasi zen Polizia, telefono entzuketen eta GPS sistemen bitartez.

Azken hilabeteotan mafiaren aurkako hainbat operazio egin dituzte Italian, baita dozenaka lagun atxilotu ere. Uztailean, esaterako, mafiako ustezko 300 kide hartu zituzten preso Calabrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.