Mae Sot, Myanmarko iheslarien hiria

Thailandiaren parte bada ere, Mae Soten birmaniera entzuten da thailandiera baino gehiago. Myanmarko iheslari ugari bizi dira bertan, eta kezkatuta daude beren herrialdeko gerrarekin eta aurreko hilabetean izandako lurrikararen ondorioekin.

Iheslari myanmartarrak, Myanmar eta Thailandia arteko ibaia gurutzatzen, Mae Soetetik hurbil, iazko apirilean. SOMRERK KOSOLWITTHAYANANT / EFE
Iheslari myanmartarrak, Myanmar eta Thailandia arteko ibaia gurutzatzen, Mae Soetetik hurbil, iazko apirilean. SOMRERK KOSOLWITTHAYANANT / EFE
Olatz Urkia
Mae Sot (Thailandia)
2025eko apirilaren 23a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Thailandia eta Myanmarren arteko mugan badago hiri berezi bat: Mae Sot. Thailandiaren parte den arren, erdiguneko merkatura joanez gero birmaniera entzuten da gehiago. Saltzaileak, jatetxeetako langileak… denak dira Myanmarko iheslariak. Hori bai, gehienak legez kanpoko immigranteak dira: gobernuak ez die errefuxiatu estatusa eman, eta, batzuek 10-20 urte Mae Soten pasatu dituzten arren, ez dute dokumentaziorik. Ezin dute negozio bat ireki, eta jabe thailandiarrentzat egiten dute lan; ezin dute Thailandiako beste hiri batera aukera hobeen bila lekualdatu ere.

Askorentzat jaioterrira itzultzea baino aukera hobea da Mae Soten geratzea. Izan ere, Myanmar, auzoko herrialdea, gerra zibilaren erdian dago duela lau urte junta militarrak estatu kolpea eman zuenetik. Asiako herri txiroenetarikoa are ahulago utzi du gatazkak: krisi humanitarioa dute, eta, gainera, martxoan 7,7 graduko lurrikarak suntsituta utzi du herrialdearen parte bat.

Bi herrien arteko mugan, iluntzean, haur eta gazte myanmartarrak baloi batekin jolasten ari dira. Ilea horiz tindatua duen gazte bat bere istorioa kontatzeko prest agertu da: «Duela bi urte etorri nintzen hona, ilegalki, erreka hori gurutzatuta. Ez zen zaila izan; militarrek ez ikusiarena egiten dute batzuetan». Kalean dago, ezkutatzeko beharrik gabe, lagunekin deskantsatzen; mugaren alboan dagoen zelaitxoa gustuko du, bere jaioterritik gertuago sentitzen delako. «Lasai nago, Poliziarekin akordio moduko bat dugulako. Hilero kantitate bat ordaintzen diegu, ez da asko, eta horren truke papertxo bat ematen digute, identitate dokumentu moduko bat. Polizia dokumentu eske etortzen zaigunean, hori erakutsita ez gaituzte deportatzen. Hori bai, batzuetan momentua aprobetxatu eta diru gehiago eskatzen digute».

Bitartean, gizon bat telefonoz ari da mugaren beste aldera begira dagoen artean; amaitu duenean, bere senideekin hitz egin ari zela azaldu du. Duela gutxi iritsi da Thailandiara, ez da urtebete, eta familia beste aldean utzi du. Azken urtean junta militarrak soldaduska derrigorrezko egin duelako ihes egin duten milaka gazte horietako bat da. Jaioterrian utzi ditu senide eta lagunak, baina itzuliz gero gerra zibilean borrokatzera behartuko dute.

Handik metro gutxira dago egunero muga zelatatzen duen militar thailandiarra. Eskuetan metraileta darama. Mugan irudirik ez hartzeko gomendatu du, eta jakinarazi arriskutsua dela, batez ere, iluntzean. Hala ere, zertxobait hitz egiteko prest agertu da: «Gaur bertan aurkitu dut talde bat Thailandiara gurutzatzeko ahaleginean. Segituan bueltan bidali ditut. Askotan saiatzen dira hona etortzen; erreka gurutzatzen dute iluntzean. Beste aldean oso egoera txarra dute, ulertzen dut, baina nik atzera bota behar ditut».

Gutxiengo etnikoak

Oso gertu ikusten da Myanmar, 100 bat metrora, erreka txiki baten beste aldean. Gainean dagoen zubi batek bi aldeak lotzen ditu, eta hiru pertsona ari dira maletekin Myanmartik Thailandiara pasatzen. «Horiek paperak dituzte», esan du Saw Aung Hto Lin, iheslari myanmartarrak. «Zubitik pasatzen dira paperak dituztenak, eta ezkutuan ilegalak».

Berak baditu paperak, eta, zubia gurutzatuta, bisitan joan liteke jaioterrira, baina ez du horrelakorik egingo, gerran amaitzearen beldur da eta: «Militarrek harrapatzen ez banaute ere, beste aldekoek, miliziek, borrokatzera behartuko naute».

Karen etniakoa da Aung Hto Lin, Mae Soteko iheslari asko bezala. Myanmarko gutxiengo etniko zabalenetan hirugarrena dira karenak; tradizioz erlijio animista dute, eta hizkuntza sino-tibetarra; Myanmarren hego-ekialdean bizi dira, Thailandiako mugatik gertu. Lau hamarkada inguru egin dituzte Myanmarko Gobernuarekin borrokan, independentzia lortzeko helburuarekin, eta azken lau urteotako gerra zibilean rol garrantzitsua jokatzen ari dira juntaren aurka. «Nire jaioterria, Myanmarren ekialdean, erabat suntsitua dago: ohiko borrokalekua da. Benetan polita da bertan natura, oso zona aberatsa da, baina gerrak erabat suntsitu du. Jaio nintzen herrixkan sarritan izaten dira eraso armatuak, eta ez da posible jada bertan bizitzea. Horregatik, senide guztiok alde egin dugu: batzuek, atzerrira; beste batzuek oraindik Myanmarren jarraitzen dute, baina beste eskualdeetan».

Mae Soten bizi direnek badakite jaioterritik iristen zaizkien albisteak txarrak izaten direla; ohitu dira. Hala ere, lurrikararen albistea gogorregia izan da askorentzat. Egunero entzun behar izatea: 1.700 hildako, 2.000, 3.000 baino gehiago. Beste askok bezala, Aung Hto Lingek dio inpotentzia dela sentsazio nagusia, junta militarraren aurkako ezintasun sentsazio hori: «Lurrikararen ondorena oso gaizki ari dira kudeatzen, eta ez da baliabiderik ez dutelako, baizik herritarren bizitza batere axola ez dielako. Atzerriko laguntza ere blokeatzen ari dira; Txinako Gurutze Gorriaren konboi bati ere eraso zioten. Atzerriak jakin beharra du zer egiten ari den junta militarra gure herriarekin; laguntza behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.