Venezuelako herritarren giza eskubideak urratzea egotzi dio Madurok Bukeleri

Presoak trukatzeko proposamenari uko egin dio Venezuelak, eta preso venezuelarrak «berehala askatzea» eskatu du.

Bukele irudikatzen duen panpina bat, sutan, Caracasen, igandean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Bukele irudikatzen duen panpina bat, sutan, Caracasen, igandean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko apirilaren 22a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

El Salvadorko presidente Nayib Bukelek proposamen bat egin zion Venezuelako presidente Nicolas Madurori igandean: CECOT Terrorismoaren Arloko Konfinamendu Zentroan dauden 252 venezuelarrak aberriratzeko, Venezuelan espetxeratuta dauden beste hainbeste «preso politiko» askatzea. Eskaera horri erantzunez, Madurok atzo adierazi zuen Bukele «askatasunaren eta giza eskubideen bortxatzailea» dela; «nazien estrategia eta sistemak» baliatzea leporatu zion, gainera. AEBek deportatutako presoak dira CECOTen dauden venezuelarrak, eta Tren de Aragua gaizkile taldeko kide izatea leporatuta atxilotu zituzten.

Bukeleri Venezuelako herritarrak «bahitzea» egotzi zion Madurok telebista saio batean: «Presoek ez dute abokatu bat edukitzeko aukerarik izan, ez diete senideei deitzen utzi, eta ez dute epaiketa justurik izan. Bahiketa bat da, El Salvadorko estatuak egindako bahiketa». Tarek William Saab Venezuelako fiskal nagusiak leporatu zion Bukeleri latinoamerikarrekin «trafikatzen» aritzea, presoak CECOTen edukitzeagatik dirua jasotzen baitu AEBengandik. AEBetako Gobernuak deportatutakoak jasotzeagatik, Washingtonek 20.000 dolar —bost milioi euro inguru— ematen dizkio Bukeleren gobernuari urtero preso bakoitzeko. Madurok eta Saabek presoak berehala askatzeko eskatu zuten.

«Bahiketa bat da [252 venezuelarren espetxeratzea], El Salvadorko estatuak egindako bahiketa bat»

NICOLAS MADUROVenezuelako presidentea

El Salvadorren dauden Venezuelako presoak «kontzentrazio esparruetan» daudela salatu zuen Madurok, eta «torturak eta tratu txarrak» jasaten dituztela. Saabek ohartarazi zuen «desagertze behartuak» direla, eta Bukelek «adimen artifizialez egindako zinta komiko bat» dirudiela.

Bloomberg AEBetako hedabideak argitaratutako analisi baten arabera, El Salvadorrera bidalitako venezuelarren %90ek ez zuten aurrekari penalik AEBetan. Soilik bosti egozten zizkieten delitu larriak.

Bukeleren proposamena

Bukelek X bidez iragarri zuen trukearen proposamena igandean. «Zuek preso politikoak dituzue, baina guk ez. Gure kartzeletan preso dauden venezuelar guztiak gaizkile taldeen aurkako polizia operazioetan atxilotuak izan ziren. Venezuelan dituzuen preso politikoak, aldiz, zure aurka egiteagatik daude kartzelan», txiokatu zuen Bukelek, Madurori zuzenduta. Venezuelako Gobernuari askatzeko eskatutako presoen zerrendan daude Roland Carreño kazetaria —Edmundo Gonzalez oposizioko politikariaren suhia—, Rocio San Miguel abokatua, eta Corina Parisca de Machado, Maria Corina Machado oposizioko buruaren ama, besteak beste. «Gure zerrendan Venezuelan preso dauden eta venezuelarrak ez diren 50 pertsona gehitu ditugu», adierazi zuen Bukelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.