Chavismoak eta oposizioak baztertu egin dute Venezuelan trantsizio gobernu bat eratzea, herrialdea murgilduta dagoen krisia dela eta: biak elkarlanean jardungo luketen «trantsizioko koalizio gobernu bat» ezartzea proposatu zuten atzo Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k eta Kolonbiako Gustavo Petrok, hurrengo hauteskundeak egin arte. Uztailaren 28ko presidentetzarako hauteskundeetan Madurok garaipena lortu zuenetik —CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordearen arabera—, oposizioaren haserreak eragindako krisian bitartekari gisa ari dira Brasil eta Kolonbia, besteak beste.
Esaterako, uztailaren 30ean Lulak eta Joe Biden AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak hauteskundeetako aktak argitaratzeko eskatu zioten CNEri, bozek «gardentasun osoa» eduki zezaten. Atzo eskaria errepikatu zuen Lulak, beste urrats bat eginez, Maduroren gobernuak «joera autoritarioak» dituela esan baitzuen: «Venezuelak erregimen oso desatsegina bizi du, joera autoritarioarekin».
AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaile John Kirbyk zehaztu zuen herrialdeak zer iritzi duen Venezuelako krisiaren gainean: «Ez dugu babesten Nicolas Madurok boterean jarraitzea. Hauteskundeen garailea Edmundo Gonzalez da [oposizioko hautagai nagusia]». AEBekin batera, Latinoamerikako hainbat herrialdek babestu egin dute oposizioak aldarrikatutako garaipena: Argentinak, Peruk, Ekuadorrek, Costa Ricak eta Uruguaik.
AEE Amerikako Estatuen Erakundea biltzekoa da gaur, Venezuelako hauteskundeen aktak «irekian» argitaratzeko eskatzen duen ebazpen baten inguruan bozkatzeko. NTN24 telebista katearen arabera, ebazpena, besteak beste, AEBek, Argentinak, Ekuadorrek, Kanadak eta Txilek idatzi dute, eta CNEri «subiranotasunaren funtsezko printzipioa errespetatzeko» eskatzen dio, hauteskunde prozesuaren «gardentasuna eta sinesgarritasuna» bermatzeko.
CNEk abuztuaren 5ean entregatu zizkion hauteskunde aktak herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenari, Hauteskunde Batzordeko buru Elvis Amorosok jakinarazi zuenez. NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako txosten batean, ordea, ondorioztatu zuen Justizia Auzitegi Gorenari entregatutako aktak ez zirela «zilegiak», hauteskundeetan ez baitziren bete «gardentasuna bermatzeko funtsezko neurriak».
Oposizioa kalera irtengo da
Oposizioak, hauteskundeen emaitzak jakin eta ondorengo egunetan egin bezala, Venezuelako kaleak hartuko ditu bihar. Gainera, Maria Corina Machado oposizioko buruak sare sozialetan atzo argitaratutako bideo batean adierazi zuen «mundu osoko 300 hiri» batuko direla chavismoaren aurkako protestetara: «Erregimenak ezin gaituela gelditu erakutsiko dugu». Machadok hauteskundeen emaitzak jakin eta 24 ordura aldarrikatu zuen haiek irten zirela garaile presidentetzarako bozetan, «akten %73 erreskatatu» baitzituzten. Haien datuen arabera, akta horietan Madurok 2.759.000 boto eskuratu zituen, eta Edmundo Gonzalez Urrutiak, 6.275.000.