Joan den astelehenetik desagertuta zeuden bi bilbotar atxilotuak dituztela baieztatu zuen herenegun Venezuelako Barne ministroak, Diosdado Cabellok, Venezolana de Television katean. CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin eta Venezuelako oposizioarekin «lotura» izatea leporatzen diete Jose Maria Basua Badovinosi eta Andres Martinez Adasmeri. Efe berri agentziaren arabera, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da bi euskal herritarren senideekin; babesa agertu diete, eta «behar duten guztian» laguntza eskaini.
Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du bi bilbotarrak CNI edo beste edozein taldetako kideak direla, eta Atzerri Ministerioak eta Caracasko enbaxadak eskatu dute atxilotuekin lehenbailehen harremanetan jarri ahal izatea, «akusazioak zehatz-mehatz» jakiteko eta behar duten laguntza eskaintzeko. Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du Espainiako Atzerri Ministerioa «kudeaketa egokia» egiten ari dela bi euskal herritarren egoera konpontzeko. Babesa helarazi die senideei eta lagunei.
Era berean, EH Bilduko diputatu Oskar Matutek adierazi du espero duela bilbotarren kasua «azkar konpondu ahal izatea» eta «haien eskubideak errespetatzea». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Matutek onartu du «informazio gutxi» dutela atxiloketaren inguruan, eta adierazi du Espainiako kontsulatuak pertsona horiek identifikatzeko aukera izan beharko lukeela. Behin identifikazioa eginda, esan du senideen eskura jarri beharko dituztela beharrezko zerbitzu juridikoak.
Bi kasuen artean «paralelismorik» ikusten ez duen arren, Matutek esan du espero duela oraingo kasua Pablo Gonzalezena baino azkarrago ebaztea. Erantsi du horrelako kasuetan herritarren eskubide guztiek «bermatuta» egon behar dutela, eta informazioa «funtsezkoa» dela, «benetan zer gertatu den» jakiteko eta «bi pertsona horien giza eskubideak errespetatuko dituen irtenbide bat bilatzeko».
Venezuelako Amazonas estatuko Puerto Ayacucho hiriburuan atxilotu zituzten bi euskal herritarrak, Kolonbiako mugatik gertu, baita hiru estatubatuar eta txekiar bat ere; zaintzapean dituzte orain, eta horiek itauntzen ari dira. CNIrekin eta herrialdeko oposizioarekin batera ekintza «terroristen» bidez gobernua «ezegonkortzeko operazio» batean parte hartzea egotzi diete; operazio horren helburua omen da Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzea. Basuak eta Martinezek aitortua zuten operazio horretan «parte hartze aktiboa» zutela, Cabelloren arabera, eta Espainiak «mertzenarioak» hornituko zituela ere erantsi zuen. Espainiako Gobernuak berehala gezurtatu ditu akusazio horiek.
Irailaren 2tik euren berririk gabe
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi atxilotuen familiek hilaren 9an salatu zuten desagertuta zeudela; astebete lehenagotik, hilaren 2tik, ez zuten haien berririk. Horrela, Ertzaintzak atzo baieztatu zuen Basua eta Martinez direla Venezuelan atxilotuak dituzten horiek. Abuztuaren 17an abiatu ziren Madrildik Caracasera, eta irailaren 5ean itzultzekoak ziren. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintzak irekia du ikerketa, desagerpen salaketa dela eta.
Telebistan egindako agerraldian, Barne ministroak adierazi zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetatik heldutako 400 armatik gora atzeman dituztela; AEBetako CIA inteligentzia zerbitzuak operazio horren «buru» direla ere adierazi zuen. AEBetako Estatu Departamentuak baieztatu du armadako kide bat atxilotu dutela, eta baieztatzen ari da beste bi herritar ere atxilotu ote dituzten.
Gobernuko iturriek EFEri azaldu diotenez, Kanpo Ekintza Sailaren bitartez bide diplomatikoa zabalik dago Andres Martinez Adasme eta Jose Maria Basoa Valdovinosen egoeraren berri izateko.