Katalunia. Burujabetzaren bidean (IV). Vicent Partal. Vilaweb atariko zuzendaria

«Madrilek badaki itxikeria utzi eta hitz egin beharko duela»

Alderdi politikoen dialektika barneratuta, askok ahaztu egin dute Kataluniako benetako protagonista herria dela. Horixe azpimarratu du Vicent Partal kazetariak. Garrantzia kendu die alderdi politikoek prozesua urardotzeko izan dezaketen tentaldiei.

DANI CODINA.
Ion Orzaiz.
Bartzelona
2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hurbiletik ezagutu ditu Vicent Partal kazetari eta Vilaweb-eko zuzendariak Ekialdeko Europako herrialdeen independentzia prozesuak. Eta burujabetzaren bidean atzera egitea ezinezkoa dela uste du. Kataluniako independentismoaren arrakasta herri mugimenduarengatik dela dio .

Une erabakigarrian daude Kataluniako herritarrek. Honen parekorik ezagutu al duzu?

Katalunian, ez. Aurrekorik gabeko egoera da. Atzerrian, bai. Antzekotasunak topa ditzakegu Eskozian, adibidez. Bertan, argi daukate nazio bat direla, eta estatu propioa izatea praktikotasun kontua da: komeni zaigu estatu propioa izatea ala ez? Hemen ere, Kataluniako herritar gehienek badaki nazio bat garela, eta hori lortzeko tresna egokiena bilatzen ari gara orain.

Mariano Rajoy ez da David Cameron, ordea...

Ez. Cameron izan balitz, agian independentismoa ez litzateke horren indartsua izanen Katalunian, baina Espainiak itxikeriaz jokatu du beti Kataluniarekin, eta hori da egungo egoeraren arrazoietako bat. Agintariak horren ustelak izan ez balira, hizkuntza eta kultura katalanari eraso egin ez baliote eta eskumen gutxi batzuk eman izan balituzte, egoera oso bestelakoa zatekeen, baina gaur egun atzerako biderik ez dago. Duintasun kontua da.

Baina gehiengoak independentzia eskatu arren Madrilek ezezkoa ematen badu, egoera ez al da blokeatuko?

Ekialdeko Europako herrialde askoren independentzia prozesuak zuzenean ikusteko aukera izan dut, eta Espainiako unionismoak erabiltzen dituen argudio horietako asko entzunak ditut. Finean, independentzia lortu nahi baduzu, bi gauza egin behar dituzu: alde batetik, independentzia aldarrikapena egin eta Hagako auzitegira jo, balioetsi dezaten; eta, bestetik, zure herrialdea kontrolpean mantendu, hau da, herrialdeko legezko gobernu legia zeu zarela frogatu. Halaxe egin zuten Lituanian, Eslovenian, Kosovon...

Aldi horretara heldu baino lehen, ordea, herritarrei galdetuko zaie. Plebiszitua 2016ra atzeratzeko aukera aipatu zuen berriki Artur Masek. Zer pentsatzen duzu horren inguruan?

Nire ustez, hanka sartu zuen. Eta berak badaki hori. Segur aski, ez zuen esandakoa jendeak ulertu zuen moduan ulertzerik nahi. Keinu bat egin nahi izan zuen, baina sute bat piztu zuten haren hitzek.

Keinua, nori?

Agerikoa da Espainiako Gobernua eta Artur Mas negoziatzen ari direla. Antza denez, independentzia hitza aipatzen ez duen erreferendum urardotu bat onartzeko prest legoke Rajoy. Testuinguru horretan egin zituen Masek adierazpenok.

Negoziaziorik izan dela ukatu egin du orain, ordea...

Negoziazio formalik izan dela ukatu du, baina hitz egin dutela aitortu du, eta horrek esan nahi du Madrilen itxikeria fasea amaitu dela, eta Espainiari berdintasunez hitz egitea beste erremediorik ez zaiola gelditzen. Segur aski, Europako Batasunak zeresan handia izan du horretan. Presioa egin dio Rajoyri, itxikeria albora dezan.

Masen eta Rajoyren arteko akordio batek independentzia prozesua kamustuko duela esan nahi al du horrek?

Ez. Askok ahaztu egiten dute aferaren oinarrian ez dagoela Mas, ezta CiU ere. Prozesuak aurrera eginen du Masekin edo bera gabe. Horren erakusgarri da ANC Biltzar Nazional Katalanak hartutako jarrera irmoa. Katalunian gertatzen ari dena ezin da ulertu alderdien ikuspuntutik, eta hori izan da Masen eta gainontzeko agintarien oker nagusia. Izan ere, egoera berri honek badu ezaugarri bereizgarri bat: inork kontrolatzen ez duen herri mugimendu bat, ANC izenekoa. Hortaz, alderdien arteko ohiko harremanak, trikimainak edo tratuak ezin dira erabili.

Zergatik egin du eztanda orain?

Berez, urte askoko bidea izan da. Trantsizio garaian, lan handia egin zuen Kataluniako Biltzarrak, baina prozesua amaitu aurretik desegin zen, eta herritarrek eskatzen zuten hartatik oso urrun gelditu zen onartutako autonomia. Oraingo aldarrikapenek garai hartan dute oinarria, eta, bide horretan, lan eskerga egin du independentismoak: Terra Lliure, La Crida, ezker marxistak, intelektualak... Horiek guztiek erein zuten gaur egungo errealitatearen hazia. Bestalde, Espainiarekin hitzarmen bat lortzeko azken ahalegina Pasqual Maragallek egin zuen: estatutuaren erreforma, eta interpretazio okerra egin zuen Madrilek. Ahaleginak porrot egitearekin batera, Espainiaren barruan jarraitzeko aukera oro desagertu zen. Independentziaren aldarrikapena gero eta ozenago hasi zen entzuten 2009ko kontsulta sortaren bitartez, eta horrek guztiak gora egin du orain.

Bihar: Carme Forcadell
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.