Macronistekin bere kabuz negoziatzeko prest agertu da PS, ezkerreko bloketik aldenduta

Frantziako Alderdi Sozialistak atea ireki dio makronistekin «behin-behineko gobernu bat» osatzeari, baina nabarmendu du ez dutela ezkerrekoa ez den lehen ministro bat babestuko. Frantzia Intsumisoak zera egotzi dio PSri, «traizio» egitea koalizioari.

PSko buru Olivier Faure, Asanblea Nazionalean, Parisen, urrian. YOAN VALAT / EFE
PSko buru Olivier Faure, Asanblea Nazionalean, Parisen, urrian. YOAN VALAT / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 6a
15:50
Entzun

Frantziako krisi politikoa desblokea dezakeen ezusteko urrats bat egin du PS Frantziako Alderdi Sozialistak. Talde horren buru Olivier Faure Frantziako presidente Emmanuel Macronekin bildu da gaur, eta, bilkuraren aurretik prentsari adierazi dionez, bere alderdia prest legoke LR Errepublikanoak alderdiarekin eta macronistekin «bere kabuz» negoziatzeko; hau da, NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koaliziotik kanpo. «Behartuta gaude Macronekin hitz egitera, berak izendatuko duelako lehen ministroa», argudiatu du Faurek; hori bai, zehaztu du macronistekin eta LRrekin gobernua osatzeko aukera bakarra dela presidenteak ezkerreko lehen ministro bat izendatzea.

PSren jarrera aldaketak NFPko kideak haserrearazi ditu. LFI Frantzia Intsumisoak leporatu dio «traizio» egitea; alderdi horretako buru Jean-Luc Melenchonen arabera, Faurek ez die Macronekin zuen bilkuraren berri eman koalizioko kideei. Bide beretik, LFIko kide eta eurodiputatu Manon Aubryk ohartarazi dio PSko buruari, gaur BFM-TV hedabidean egindako elkarrizketa batean, hartu duen erabakiak Macroni soilik egingo diola mesede, eta bere alderdia «bakartuta» geldituko dela.

LFIren kritikei erantzun ez ezik, koalizioko kideen aurka ere egin du Faurek: «Nik sozialisten izenean hitz egiten dut, ez ditut Melenchonen aginduak betetzen». Eta hartutako erabakia defendatu du, argudiatuta herrialdeak irtenbide bat behar duela, eta blokeo politikoak «ondorio larriak» izango dituela. Hain justu, PSren proposamena litzateke eskuinarekin «behin-behineko» gobernu bat osatzea, hurrengo ekainean berriz ere hauteskundeetara deitu ahal arte.

Horiek hala, irudi du macronistek lortu dutela beren helburu nagusia betetzea: PS «posizioz aldaraztea», eta horiek berengana gerturatzea. Hala egin asmo zutela ziurtatu zuen Sebastien Lecornu Defentsa ministroak, atzo RTL irrati katean egin zioten elkarrizketan. NFPk du aulki gehien Asanblea Nazionalean (182), eta horien artean 66 dira PSko diputatuak; hortaz, 66 horiek ezkerreko blokea utziz gero, NFPk eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak gehiengo osoa galduko lukete.

Izendapenaren zain

Beste lehen ministro bat izendatzekoa da Macron, herenegun NFPk eta RNk Michel Barnierren aurkako zentsura mozioaren alde bozkatu eta, ondorioz, hura kargugabetu ondoren. Atzo gauean agerraldia egin zuen Macronek, telebista bidez, eta jakinarazi zuen «datozen egunetan» iragartzekoa dela izen bat. Xehetasun handirik eman gabe, aurreratu zuen «alde guztiekin hitz egiteko gauza» den hautagai bat izango dela. Nolanahi ere, Frantziako zein nazioarteko hedabideak hasiak dira hamaika hipotesi kaleratzen. Horien artean, bi izen nagusitu dira: PSko Boris Vallaud eta Patrick Kanner.

Zurrumurruak baieztatu edo gezurtatu artean, hainbat alderdirekin eztabaidatzen jarraitzen du estatuburuak. Gaur arratsaldean, LRko talde parlamentarioko buru Laurent Wauquiezekin eta alderdi horren Senatuko taldeko buru Mathieu Darnaudekin biltzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.