Azkenean hamabi izango dira Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpainan lehiatuko diren hautagaiak, Laurent Fabius Konstituzio Kontseiluko presidenteak atzo emandako datuen arabera. Bozen lehen itzulia bost aste barru egingo dute, datorren apirilaren 10ean, eta bigarrena bi aste geroago, hil horren 24an.
Presidentegaiek bi baldintza bete behar zituzten bozetan parte hartzeko: 500 hautetsiren sinadurak biltzea, eta horiek gutxienez 30 departamendutan lortzea. Denera, 65 izen-abizen eta 13.672 berme aurkeztu dituzte, baina Konstituzio Kontseiluak horietako 13.427 onartu ditu, eta hamabik lortu dute kondizio guztiak bete eta sinaduren gutxieneko kopurura iristea.
Hamabi hautagaietatik erdiak ezkerrekoak dira: Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa), Yannick Jadot (ekologistak), Fabien Roussel (Frantziako Alderdi Komunista), Anne Hidalgo (Alderdi Sozialista), Nathalie Arthaud (Langileria Borroka) eta Philippe Poutou (Alderdi Antikapitalista Berria); Poutouk azken orduan lortu ditu beharrezko bermeak, iragan astean ez baitzegoen ziur helburu hori beteko zuenik.
Ezkerreko presidentegaien kopurua izan da kanpainaurreko eztabaidetako bat, gehiegi direlakoan, baina Melenchonek atzo uko egin zion ideia horri. «Hortaz, hamabi hautagai. Eskuineko sei, ezkerreko sei. 'Ezkerreko hautagaitzen leherketa' esketxaren amaiera. Platoetako analistei, berriz ere ederki egina», idatzi zuen Twitter sare sozialera igotako mezu batean.
Hain justu, hautagai horrek ziurrenik espero ez zuen sostengua jaso berri du: primario popularrarena. Christian Taubirak irabazi zuen herri ekinaldi horretako «inbestidura botoa», joan den urtarrilean, baina iragan astean jakinarazi zuen bere hautagaitza erretiratu zuela —ezingo zituelako 500 bermeak bildu—, eta, hortaz, primario popularreko zuzendaritzak larunbatean erabaki zuen Melenchonen alde egitea.
Ezkerreko sei presidentegai horiez gain, gainontzeko hautagaiak hauek dira: Emmanuel Macron estatuburua (Errepublika Martxan); Marine Le Pen (Batasun Nazionala), Eric Zemmour (Reconquete) eta Nicolas Dupont-Aignan (Frantzia Zutik) ultraeskuindarrak; Valerie Pecresse (Errepublikanoak) eskuindarra; eta Jean Lassalle (Resistons) diputatua.
Estatuburua, erraz garaile
Ipsos etxearen azken inkestaren arabera, Errusiaren Ukrainako inbasioak mesede egingo lioke Macroni babes elektoralean, egun botoen %30,5 bilduko bailituzke —duela hilabete baino 6,5 puntu gehiago—. Eta haren atzetik lau hautagaik izango lukete aukera bigarren itzulirako sailkatzeko: Le Penek (%14,5), Zemmourrek (%13), Melenchonek (%12) eta Pecressek (%11,5).
Hori bai, aurkaria edozein duela ere, Frantziako presidenteak aise irabaziko luke berriz ere presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian; 2017an Le Penen aurka aritu zen, eta botoen %66,1 bildu zituen.
Macronen kontra 11 hautagai lehiatuko dira bozetan
Poutou antikapitalistak azken orduan lortu ditu bozetarako 500 bermeak. Taubira erretiratu ondoren, primario popularrak Melenchonen alde egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu