Macronen alderdiak gehiengo osoa galdu du Asanblea Nazionalean

Hamazazpi diputatuk beste talde parlamentario bat sortu dute behe ganberan: ez dira «ez oposizioan ez gehiengoan» egongo. Frantziako presidenteak MoDem eta Agir aliatuen babesa du oraindik

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Eliseoan, herenegun emandako prentsaurreko batean. FRANCOIS MORI / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sinesgarritasuna eta autoritate politikoa galdu ditu, batez ere bere alderdikideekiko. Agintean dagoela hiru urte pasatu diren honetan, Errepublika Martxan (LREM) bere alderdiak kolpe gogorra jaso du Asanblea Nazionalean, 2017ko hauteskundeetan eskuratu zuen gehiengo osoa galdu baitu: LREMren zazpi diputatuk, alderdiaren bederatzi ordezkari ohik eta Alderdi Sozialistaren (PS) ministro ohi batek atzo jakinarazi zuten beste talde parlamentario bat osatu dutela, «Ekologia, Demokrazia, Elkartasuna» deiturikoa.

2016an eta 2017an Macronen alderdian sartu ziren politikari horietako batzuek osatu dute talde berria; batez ere PStik etorriak dira, eta LREMren sektorerik ezkertiarrena ordezkatzen zuten. Frantziako presidentearen alderdian oihartzuna izan duten diputatuetako batzuk dira: Matthieu Orphelin —Nicolas Hulot Macronen Trantsizio Ekologikorako ministro izandakoaren aliatua— eta Paula Forteza LREMren diputatu ohia izango dira taldearen presidenteak, eta Cedric Villani—Parisko udal hauteskundeetan LREMren hautagai disidentetzat zutena— eta Delphine Batho —PSren Ekologia ministro izandakoa— presidenteordeak.

Talde berria osatzen duten diputatu guztiek bat egiten dute zerbaitetan: une batean edo bestean kritiko agertu dira Frantziako presidentearen jarrerarekin edota agintaldian sustatu nahi izan dituen neurriekin, eta hori bera agerian utzi zuten atzo, datozen hilabeteei begirako euren lehentasunen berri ematerakoan.

Besteak beste, «aldaketa sozial eta ekologikoa lortzeko anbizio indartsua» izango dute: «Asanblea Nazionalean gehiago eta askoz hobeto egin dezakegu. Larrialdi ekologikoari erantzun behar zaio, demokrazia modernizatu, eta lurralde eta gizarte desberdintasunak txikitu», jaso du talde berriak bere sorrerako adierazpen politikoan.

Asanblean izango duten garrantziaz, ordezkari politikoek adierazi zuten ez direla «ez gehiengoan ez oposizioan» egongo, eta jarrera «eraikitzailea» izango dutela. Hau da, iradoki zuten kasuan-kasuan gobernuaren lege proiektuen alde egiteko prest daudela.

Taldea aurkezteko prentsaurrekoan, Orphelinek adierazi zuen zatiketa politikoak gainditzeko garaia dela, are gehiago koronabirusaren garaian: «Koalizio talde bat izango gara, proposamenen talde bat».

314tik 288ra

Duela hiru urteko hauteskundeetatik, LREMren diputatu kopuruak behera besterik ez du egin: orduko bozetan 314 diputatu eskuratu zituen, baina iragan asterako 295era jaitsi zen kopurua, eta, talde berriaren osaketarekin, Macronen alderdia 288rekin geratu da; behe ganberako gehiengoa osoa 289 ordezkari politikoren mugan dago.

Halere, taldearen presidenteordeak adierazi zuen datozen asteetan diputatu gehiago batuko zaizkiela, eta, hortaz, LREMren kopuruak behera egin beharko luke. Hasieran, talde berrian 50-60 ordezkari artean bilduko zirela zabaldu zen, baina, barne presioen ondorioz, azkenean diputatu gutxiagok eman dute pausoa, oraingoz bada ere.

Fortezaren arabera, datozen hilabeteetan hartu beharreko erabakiak «justizia sozialean» oinarritu behar dira, eta «ez soilik» neurri ekonomikoetan, Frantziako presidentearen joerari erreferentzia eginez adierazi zuenez: «Krisi honek ez ditu desberdintasunak handitu behar. Herritarrei ez zaie eskatu behar lan gehiago egiteko».

Esan horiekin, Eliseoaren bidea aldatzeko asmoa utzi dute agerian talde berriko diputatuek, erabakiak «modu bertikalean» har ez daitezen, baina, adierazpen politikoan argudiatu bezala, horrek ez du esan nahi gobernuaren alde jarri ezin direnik.

Hubert Julien-Laferriere talde berriaren eledunak, gainera, azaldu zuen «geroz eta zailagoa» izan zela bere ideiak defendatzea LREM barruan, eta horregatik atera dela Macronen alderditik: «Gu ez gara ari 2017ko promesetatik aldentzen. Bai, Macron Eliseora eraman zuen dinamikak hautatu egin ninduen, baina hori izan zen trantsizio ekologikoan eta ariketa demokratikoen sakontzean azkarrago joan behar zela zioen programa bati esker».

Gehiengo osoa galduta, Frantziako presidentearen etorkizuna François Bayrouren esku geratu da. Mugimendu Demokratikoa (MoDem) alderdiaren buruzagia Macronen aliatua izan da 2017ko hauteskundeetatik, eta, oraingoz, hura babesten jarraitzeko asmoa du.

MoDemek 46 diputatu ditu Asanblean, eta, hortaz, Frantziako presidenteak sinbolikotzat jo lezake atzoko galera, datozen hilabeteetan babes horrek bere horretan jarraitzen badu. Ez hori bakarrik: Agir alderdiaren hamar ordezkarien sostengua ere izan lezake agintaldian.

Irudia are kaltetuago

Halere, Macronen irudiari kalte egin dio talde berriaren osaketak, batez ere egungo testuinguruan, batasun itxura eman eta alde guztiak batu ditzakeela erakutsi nahi duenean. Horregatik, Richard Ferrand Asanbleako presidentea—LREMkoa— talde berriaren sorreraren kontra agertu zen, zatiketak egiteko «garai txarra» dela argudiatuta.

2017an agintera iritsi zenetik, Frantziako presidenteak hainbatetan errepikatu du bere helburua bozetako programa betetzea dela, baina, urteok erakutsi dutenez, arrazoi batengatik edo beste batengatik, ez da gai izan arrakastarik izateko: kasurako, erretreten erreforma etenda dago, baita konstituzioarena eta erakundeena ere.

Gehiengo osoa galduta, MoDem eta Agir alderdien eragiteko gaitasuna handitu egin da, eta litekeena da Macronek kontzesioak egin behar izatea halakorik eskatzen badiote.

Gobernuari dagokionez, Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroak deitoratu egin zuen talde berriaren osaketa, argudiatuta LREM barruan «sentsibilitate guztiak elkarrekin bizi» daitezkeela. Halere, Le Drianek garrantzia kendu dio gertakari horri, gobernuaren Asanblea Nazionaleko gehiengoa arriskuan ez dagoelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.