Frantziako Asanblearako bozak

MACRONEN AGINTALDIA JOKOAN

Frantziako presidentearen alternatiba eta oposizio gisa finkatzea lortu du ezkerreko aliantzak, eta horrek kolokan jarri du estatuburuaren helburua: gehiengo osoa berreskuratzea. Le Pen desagertu egin da.

MACRONEN AGINTALDIA JOKOAN.
ander perez zala
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Emmanuel Macronek berreskuratuko al du 2017an lortu zuen gehiengo osoa? Ezkerra oposizioko lehen indarra bilakatuko da, ala kohabitazio bat behartuko du, Frantziako V. Errepublikako laugarrena litzatekeena? Marine Le Penen RN Batasun Nazionala gai izango al da lehen aldiz talde parlamentario bat osatzeko? Eta LR Errepublikanoek saihestuko al dute hamaikagarren porrot elektorala?

Aurtengo Frantziako Asanblearako bozak azken mende laurdeneko garrantzitsuenak bilakatu dira, eta hauteskunde horrek aspaldian izan ez duen tokia bereganatu du eztabaida politikoan eta paisaia mediatikoan. Macronek ez du 2017an zuen ospe bera, jada ez du eragiten duela bost urte milioika herritarren artean sortu zuen itxaropena, eta ezkerreko hamar alderdi NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berrian elkartzeak ziurgabetasun puntu bat eman die behe ganberarako hauteskundeei. Kontakizun bat finkatu da kanpainan: Frantziako presidenteak ez duela ziurtatua karguan haren aurreko gehienek lortu zuten gehiengo osoa.

Finean, bost urteko bigarren agintaldia du jokoan Macronek astebeteko epe eskasean. Horrek zera esan nahi du: aulkien gehiengo osoa lortzea ezinbestekoa duela bere programa arazorik eta oztoporik gabe aplikatzeko. Gehiengo presidentziala deiturikoa, hau da, Macron babesten duten alderdiak, Ensemble aliantzan elkartu dira helburu horri begira, eta arrakastarako aukerak handitzeko.

Azken asteetako giroa ikusirik, baliteke Frantziako presidenteak bere aliatuen beharra izatea gobernatzeko eta erreformak onarrarazteko, eta, batez ere, horien menpe egoteko arriskua izatea. Tartean daude Edouard Philippe lehen ministro ohiaren Horizons eta François Bayrouren Modem Mugimendu Demokratikoa, zeinek talde parlamentario propioak osatzea erabaki duten, beren independentzia mantentze aldera; hori bai, Macronen Renaissancek —kanpainan aldatu du alderdiaren izena— itun bat sinatzera behartu ditu indar horiek, eta horren bidez bermatu nahi ditu Frantziako presidentearen neurrien alde bozkatuko dutela datozen bost urteetan.

Bi itzulien sisteman, Ensembleren hautagaiek badute abantaila bat: datorren iganderako, aliantza horretako diputatugaiak milaka herritarren hautua izango direla NUPESen edota RNren hautagaien aurrean. Kasurako, lehen itzulian LR-ren alde bozkatu dutenentzat, eta oro har ezkerra agintean nahi ez dutenentzat.

Horrek, halere, ez dio ezer bermatzen Macroni, are gehiago kontuan harturik ez direla aste errazak izan iragan apirileko presidentetzarako bozetan irabazi zuenetik. Elisabeth Borne aukeratu zuen lehen ministro, baina haren gobernuak ez du jende asko gogoberotu; eta, gainera, bi emakumek Damien Abad Elkartasunen ministroa bortxaketagatik salatu izanak are gehiago okertu du estatuburuaren egoera, Abadek karguan jarraitzea erabaki baitzuten.

Horiei gehitu behar zaie, batetik, Frantziako presidentearen proiektu ekonomiko eta soziala, herritarren artean ospe gutxi duena eta gatazka handia sortzen duena —tartean, bururaino eraman nahi duen erretreten erreforma—; eta, bestetik, maiatz amaieran Parisen jokatu zuten futboleko Txapeldunen Ligako finalaren atarian izandako istiluek nabarmen kaltetu dutela herrialdearen irudia eta Gerald Darmanin Barne ministroaren agintea.

Bozetara itzulita, gobernu berriaren etorkizuna ere jokoan dago, hamabost ministro hautagai gisa lehiatuko baitira gaur—eta, agian, datorren igandeko bigarren itzulian—. Macronek argi utzi du diputatu kargua lortzen ez duenak ministro postua utzi beharko duela, eta baldintza horrek kolokan jarri du Borneren etorkizuna ere.

Horiek horrela, inkestek denetariko paisaiak islatu dituzte Frantziako presidentea babesten duen aliantzarentzat. Baina, oro har, bada ordezkaritza kopuru tarte bat nahikoa errepikatu dena: Ifop etxeak, esaterako, 275 eta 310 aulki artean aurreikusi ditu Ensemblerentzat, eta Elabek, 275 eta 315 artean —gehiengo osoa 289koa da—. Hori gertatuz gero, 2017an baino 35 eta 75 diputatu artean gutxiago lortuko lituzke.

Hiru aukera

Kopuruak eta testuinguruak gorabehera, batez ere hiru aukera daude mahai gainean emaitzei dagokionez: batetik, Ensemblek gehiengo osoa lortzea; bigarrenik, aliantza horrek lortzea ordezkaritzarik handiena, baina gehiengo osorik gabe beste alderdiekin negoziatu behar izatea—batez ere LR-rekin—; eta, hirugarrenik, NUPESek jasotzea aulki gehien, eta, beraz, kohabitazioa behartzea —Jean-Luc Melenchon lehen ministro bilakatzea—.

Agertoki horiek agerian utzi dute Le Pen ez dela Frantziako presidentearen hauteskundeotako lehiakide nagusia, ezkerraren aliantza baizik. Eta, beraz, Melenchon bera. Presidentetzarako bozetan lorturiko emaitza argudio hartuta —400.000 boto falta izan zitzaizkion bigarren itzulirako sailkatzeko—, LFI Frantzia Intsumisoaren buruzagia ezkerraren lider gisa egonkortu da, eta horrek balio izan dio haren inguruan elkartzeko, besteak beste, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista.

Macronek, baina, kanpainan ezetz erantzun dio Melenchoni, argudiatuta «inolako alderdi politikok» ezin diola «inposatu abizenik presidenteari» —nahiz eta Konstituzio Kontseiluak iradoki duen hori egiteko beharra izango lukeela—. Frantziako presidenteak eskualdeetako hedabideei hilaren hasieran emandako elkarrizketa batean egin zituen adierazpenok, eta kontraerasoa egiteko baliatu zuen aukera hori, argudiatuta «arraroa» dela hautagaitzarik gabeko «hauteskunde batean irabaztea».

Melenchonen estrategiari begirako erreferentzia bat izan zen hori, LFIren buruzagia, Macronen moduan, ez baita zuzenean parte hartzen ari kanpainan, diputatu kargurako berriz ez aurkeztea erabaki baitzuen.

Inkestei erreparatuta, Ensemble eta NUPESek antzeko babesa lortuko lukete gaur, baina horrek ezkerreko aliantzari ez dio ziurtatzen Frantziako presidentearen aldeko alderdiei aurrea hartzea, ezta bigarren itzulian ere. Sistema elektoralaz gain, ezkerreko alderdien aliantzarentzat hauek baitira arazoak: oinarri elektoralaren desmobilizazioa eta botoaren kontzentrazioa.

Presidentetzarako bozetan milioika boto lortu zituzten ezkerreko hautagaiek; gehienak, eremu urbanoetan. Eremu horietatik kanpo, berriz, babes askoz ere txikiagoa izan zuten, eta horrek agerian utzi du NUPESek duen erronka erraldoia gaurko eta datorren igandeko bigarren itzulirako. Erronka eta zailtasuna.

Oinarri elektoralaren abstentzioa ere kezkagarria da ezkerreko aliantzarentzat; kasurako, Ipsos etxearen aste honetako inkesta baten arabera, joan den apirileko presidentetzarako bozetan Melenchonen alde egin zutenen erdiak besterik ez du erabaki botoa ematera joatea. Inkestek, behintzat, esan dute NUPES oposizioko lehen indarra izango dela, 170 eta 205 diputatu artean lortuta.

Dena den, abstentzioaren joera hori ez da soilik agintari ezkertiarraren oinarrian gertatuko, aurten ere parte hartzerik txikienaren errekorra gainditzea aurreikusi baitute; %44 eta %48 artekoa espero da —2017ko lehen itzulian %48,7koa izan zen, eta bigarrenean, %42,64koa—.

Eskuina, ahul eta ezinean

Ezkerrak 2017an baino ordezkaritza askoz ere handiagoa lortuko du, baina eskuin tradizionalari kontrakoa gertatuko zaio: ziurrenik, duela bost urte lortu zuen diputatu kopuruaren erdia bilduko du aurten, 35 eta 55 aulki artean.

LR-ren itxaropena du bere hautagaien sustrai lokalek balantza haren alde mugituko dutela, baina Valerie Pecresseren presidentetzarako bozetako emaitzak (%4,78) eta boto emaile asko Macronengana joan izanak ia ezinezko bilakatzen dute helburu hori. Hortaz, badirudi alderdi eskuindarrak oposizioko lehen indarra izateari utziko diola, eta barne krisia handituko zaiola.

Eta datorren agintaldian garatu beharko duen estrategiak zeresan handia izango du horretan, Ensemblek ez badu gehiengo osoa lortzen, Macron LR-ri begira jarriko baita neurriak eta erreformak onartzeko; alderdi eskuindarrak hori bere mesederako balia lezake, baina, aldi berean, oposizioko alderdi izaerari kalte egin liezaioke. Finean, ahulduta eta ezinean aurkeztuko da LR, bere etorkizuna batere argi ez duen honetan.

Eskuinerago, bi hilabeteko epe eskasean, nabarmen aldatu dira Le Penen helburuak. Presidentetzarako hauteskundeetan inoizko emaitzarik onenak lortzetik helburu xume batera pasatu da RN alderdia Asanblearako bozetan: talde parlamentario bat osatzera —horretarako gutxienez hamabost diputatu behar dira—.

Le Penen alderdiak zortzi aulki lortu zituen 2017an, eta aurten uste du 100 eta 150 hautesbarruti artean irabaziko dituztela; edo hori da, behintzat, kanpainan saldu nahi izan duen mezua. Inkestek, berriz, bestelako testuinguru bat aurreikusi diote haren alderdiari, hogei eta 50 aulkiren artean lortuko dituelakoan.

Gainera, ezkerrak bezala, bere oinarri elektorala mobilizatzeko arazoak izaten ari da ultraeskuina —Le Pen desagertuta egon da kanpainan—, eta RNk eta Eric Zemmourren Errekonkista alderdiak zerrenda bateraturik ez negoziatu izanak are gehiago txikitu ditu ultraeskuinaren arrakastarako edo pisuzko eragina izateko aukerak.

Eskuina eta eskuin muturra zatituta aurkeztu dira; ezkerra eta ezker erradikala, berriz, elkartuta. Horrek eta kanpainaren garapenak presidentetzarako bozetako hiruko lehia bira mugatu du, eta NUPESek lortu du Macronen aurrean bere burua alternatiba eta oposizio gisa finkatzea. Frantziako presidenteak uste zuen ziurtatua zuela gehiengo osoa; «Melenchon lehen ministro» esloganak, baina, hori zaildu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.