Macronek uko egin dio ezkerreko aliantzaren gobernuari

Frantziako presidenteak «egonkortasun instituzionala» argudiatu du erabakia azaltzeko, eta bihar elkarrizketak hasiko ditu berriz; Fronte Popular Berriak ez du horietan parte hartuko. LFIk esan du estatuburua kargugabetzeko mozio bat aurkeztuko duela.

Lucie Castets ezkerreko aliantzaren lehen ministrogaia —irudiaren erdian—, NFPko alderdien buruzagiak inguruan dituela, joan den ostiralean, Emmanuel Macronekin bildu aurretik, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
Lucie Castets ezkerreko aliantzaren lehen ministrogaia —irudiaren erdian—, NFPko alderdien buruzagiak inguruan dituela, joan den ostiralean, Emmanuel Macronekin bildu aurretik, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 26a
20:20
Entzun

Behin elkarrizketak amaituta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du blokeo politikoa bideratu. Aldiz, aukera bat baztertu du: NFP Fronte Popular Berriak lehen ministro kargua izan eta gobernu bat osatzearena. Ezkerreko aliantzak du ordezkaritzarik handiena Asanblean, baina ez eserlekuen gehiengo osoa, eta beste alderdiekiko indar harreman hori baliatu du Macronek NFPk proposaturikoari uko egiteko. Hau da, «egonkortasun instituzionalaren» izenean hartu du erabakia Frantziako estatuburuak.

Macronek esan du bere «erantzukizuna» dela «herrialdea blokeatuta eta ahulduta» ez egotea, eta, ezkerreko aliantzatik kanpoko alderdiek egunotan adierazi diotenez NFPren balizko gobernuaren kontrako zentsura mozio baten alde bozkatuko luketela, Frantziako presidenteak argi ikusi du zer egin, Eliseoak gaur arratsalde amaieran kaleraturiko komunikatu baten bidez azaldu duenez. Berez, egoera desblokeatzeko, Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoaren buruzagiak joan den larunbatean LFIren ministrorik gabeko NFPren gobernu bat osatzea proposatu zuen, haien presentzia oztopo zelakoan, baina, halere, ezezkoa eman diote beste indar politikoek.

Beraz, hori guztia aintzat harturik, Macronek erabaki du ezkerreko aliantzaren aukera baztertu, eta beste proposamenak aztertzea, nahiz eta printzipioz ez duten arrakastarako aukerarik. Horretarako, Frantziako estatuburuak jakinarazi du bihar berriz abiatuko dituela elkarrizketak, eta horien bidez asmoa du asteotan hainbatetan aipatu duen «ahalik eta gehiengorik zabalena eta egonkorrena» osatzeko. Edonola ere, ikusteko dago beste blokeek zer-nolako jarrera izango duten negoziazioetan, eta NFPk osatu zezakeen baino gehiengo zabalagoa eratu dezaketen; eta, batez ere, nola lor dezaketen Asanblean botoen gehiengo osoa bermatzea —gutxienez 289 diputatu—.

Horretaz, Eliseoak kaleraturiko komunikatua aztertuz gero, Macronek aukera bat iradoki du: bere alderdiak eta aliatuek —Ensemble, Horizons, Modem Mugimendu Demokratikoa eta UDI Demokraten eta Independenteen Batasuna—, eta LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindi eta Lurraldeak talde parlamentarioak osatzea. Frantziako presidentearen arabera, egunotako elkarrizketetan indar politiko horiek izan baitira «sentsibilitate politiko desberdinen arteko lankidetza komun eta koaliziorako bideak marraztu» dituztenak, eta, gainera, prest leudekelako haien alderdietatik kanpokoa den lehen ministro baten gobernua babesteko.

Presioa NFPko alderdi batzuei

Eta bide batez, aukera hori legokeenez, Macronek, Eliseoak kaleraturiko oharraren bitartez, presio egin die ezkerreko aliantzako alderdiei, batez ere PS Alderdi Sozialistari, ekologistei eta PCF Frantziako Alderdi Komunistari —hiru horiek aipatu ditu Eliseoak kaleraturiko komunikatuan—, «beste indar politikoekin elkarlanean aritzeko bideak» proposa ditzaten bihartik aurrera, iradokiz indar horiek ere balizko gehiengo osoaren parte izatea nahi duela.

Sozialistek, ekologistek eta komunistek, ordea, ez dute bide hori egin nahi, Frantziako presidentearen erabakiaren berri jakin ondoren izandako lehen erreakzioen bidez jakinarazi dutenez. Kasurako, EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiaren idazkari nazional Marine Tondelierrek X sare sozialean adierazi du Eliseoaren komunikatua «lotsagarria» dela, eta «borrokan» jarraituko dutela «frantziarren nahia errespetatzeko», argudiatuta horien «hiru laurdenek macronismoarekiko haustura politikoa» nahi dutela.

LFIren koordinatzaile nazional Manuel Bompard ere kritiko agertu da Macronen erabakiarekin, eta jakinarazi du asteotan adierazitakoa beteko dutela: hura kargugabetzeko mozio bat aurkeztuko dutela Asanblean. «Bereak ez diren botereak usurpatzen ditu», esan du Bompardek; eta Fabien Roussel PCFren idazkari nazionalak, berriz, «mobilizazio popular handi batera» deitu ditu herritarrak datozen egunetarako.

NFPko alderdiek, hortaz, ez dute parte hartuko bihartik aurrera Macronek berriz hasiko dituen elkarrizketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.