Macronek proposatu du EIren aurkako koalizioa Hamasen kontra ere aritzea

Israelgo armadak 704 palestinar hil ditu 24 orduan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo. CHRISTOPHE ENA / EFE.
ander perez zala
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mendebaldeko gobernuburu eta estatuburuak txandaka bidaiatzen ari dira Israelera eta Palestinara, hango agintariekin batzartu eta hilaren 7an hasitako erasoaldiaz aritzeko. Atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidentea joan zen hara, eta proposamen bat egin zuen arlo militarrari dagokionez: EI Estatu Islamikoaren kontra Iraken, Sirian eta Kurdistanen borrokan ari den nazioarteko koalizioa Hamasen aurka ere aritzea.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela, Macronek azaldu zuen bere herrialdea, behintzat, prest dagoela horretarako; adierazpen horrekin, Frantziako presidenteak elkartasuna eta sostengua helarazi zizkion Israeli Gazako milizia palestinarren kontrako borrokan. Estatuburuaren arabera, Frantziak eta Israelek «etsai bera» baitute, hau da, «terrorismoa». Netanyahuk eskerrak eman zizkion, eta berriz ere esan zuen helburua «Hamas suntsitzea» dela.

Hori bai, aldi berean, Frantziako estatuburuak esan zuen ezinbestekoa dela gatazka militarra Ekialde Hurbilera ez zabaltzea, eta Israelgo lehen ministroari ohartarazi zion eskualdeko egonkortasuna lortuko bada ezinbestekoa dela Israelek «ikuspegi politiko bat» erabiltzea gatazka bideratzeko. Horretan zerikusia izango du, Frantziako estatuburuaren ustetan, Hamasen kontra borroka egiteko moduak: «Errukirik gabea izan behar du, baina ez legerik gabea».

Macronen bidaiaren helburua da, besteak beste, bahituak askatzea —frantziar nazionalitatea duten bederatzi lagun daude tartean—, eta bermatzea Tel Avivek lan egingo duela bi estaturen konponbidea egia bilaka dadin, Eliseoak jakinarazi zuenez. Frantziako presidentea Isaac Herzog Israelgoarekin ere batzartu zen, baita Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionalekoarekin ere, Ramallahn (Zisjordania).

Dimisio eskaera Guterresi

«Milizia palestinarrek urriaren 7an egindako erasoak ez ziren ezerezetik abiatu»; horixe esan zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Antonio Guterresek atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilkuran. Iruzkin horien harira, Guterresen «berehalako dimisioa» eskatu zuen Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek.

Gerra frontean, Hamasek salatu zuen Israelgo armadak «operazio handi bat» egin zuela Gazan, astelehen gauean eta atzoko ordu txikietan. Tel Avivek gero baieztatu zuen «400 helburu militarren kontra» egin zutela. Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 700 palestinar hil zituzten operazio horretan, 24 orduko epean, eta beste 50 bat bart iluntzean. Israelek gutxienez 5.791 lagun hil eta 16.297 zauritu ditu hilaren 7az geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.