Kaledonia Berriaren deskolonizazio prozesua bera adostu bezala amaitzea eta, finean, uhartediko oreka politikoak errespetatzea, hori guztia jarri du kolokan hautesle errolda handitzeko Frantziako Gobernuaren asmoak. Bake hauskorra da Kanakyn dutena, mende honetan aurrerapausoak egin dituzten arren, oraindik ere ez baitituzte bete finkaturiko helburuetako asko. Eta errolda moldatzeak, hortaz, ez luke horretan lagunduko. Afera horren ondorioz, bi egunez eta gauez jarraian istiluak izan dira Noumea hiriburuan eta horren aldirietan, eta, Defentsarako eta Segurtasun Nazionalerako Kontseilua bildu ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erabaki du, gaur eguerdian, larrialdi egoera jartzea.
«Ordena errepublikanoa berreskuratzea» helburu duen ezohiko prozedura horrek gutxienez hamabi egun iraungo du, eta, horren bidez, askatasun indibidual eta kolektiboak murrizteko aukera izango dute agintari politikoek. Besteak beste, manifestazioak debekatzea, babes perimetroak finkatzea, bilkura publikoak debekatzea eta miaketa administratibo deiturikoak egitea. 1985eko urtarrilean ere larrialdi egoera ezarri zuten Ozeaniako uhartedi hartan; garai hartan, independentisten eta loialisten arteko borrokengatik. Aurten, berriz, boto emaileen zerrendak eragin du krisia.
Frantziako Senatuak iragan apirilean eman zion oniritzia hautesle errolda handitzeari, eta Asanbleak gaurko ordu txikietan hartu du erabaki bera. Hortaz, azken pausoa falta da, Frantziako Kongresuak ere alde bozkatzea, errolda handitzea konstituzioaren erreforma bat delako —diputatuak eta senatariak elkartzen dira—. Hain justu, asmo horrek eta bozketa sorta horrek eragin dituzte liskarrak Kaledonia Berrian, eta gutxienez lau lagun hil —horietako bat, jendarmea— eta «ehunka» zauritu dituzte, Eliseoak gaur eguneraturiko datuen arabera.
2007an egindako konstituzioaren erreformaz geroztik, soilik hauek dute botoa emateko aukera Kaledonia Berriko Kongresurako hauteskundeetan: Noumeako Akordioari buruzko erreferendumeko —1998ko azaroaren 6an egin zuten— erroldan izena emanda zuten herritarrek eta haien ondorengoek. Asanblean onartu berri duten lege proiektuak, berriz, aurreikusten du zerrenda hori zabaltzea, eta uhartedian jaio direnek eta gutxienez han hamar urtez bizi direnek ere izatea botoa emateko eskubidea; hau da, beste 25.000 lagun inguru sartuko lirateke erroldan, Frantziako Gobernuaren kalkuluen arabera.
Independentistentzat, ordea, hori Noumeako Akordioan adosturiko helburuen aurka doa, eta abantaila emango lieke loialistei bozetan, Frantziatik Kaledonia Berrira hamarkadotan joandako ia denak independentziaren kontrakoak baitira. Hau da, praktikan, oreka politikoak hautsiko lirateke, migrazio horren eta erreformaren bitartez. Uhartediko Kongresuak ere eskatu zuen, atzo, konstituzioaren erreforma hori bertan behera uzteko.
Hautesle erroldaren afera oso labainkorra da Kaledonia Berrian, eta eztabaida ugari eragin ditu. Ez, ordea, azken urteotakoak bezalakoak, behin deskolonizazio prozesuko hiru erreferendumak eginda loialistek abagune hori baliatu baitute presio handiagoa egin eta aldaketa lortzeko. Berez, prozesu horretan, Frantziako Estatuari inpartziala izatea dagokio, baina konstituzioaren erreformak agerian utzi du egiteko hori utzi duela.
Eta tentsioa handitu den honetan, adostasunerako tartea badela jakinarazi dute gaur Kaledonia Berriko alderdi independentista eta loialista garrantzitsuenek. Macronen erabakiaren berri izan aurretik, komunikatu bateratu bat argitaratu dute bost indar politikok, eta esan dute bide onean daudela akordio bat lortzeko hautesle erroldaren aferaren inguruan. «Konbentzituta gaude elkarrizketaren eta erresilientziaren bitartez egoera honetatik kolektiboki aterako garela», adierazi dute testuan.
Sinatzaileak hauek dira: UC Kaledoniar Batasuna eta UNI Independentziarako Batasun Nazionala independentistak; Loialistak eta Batasuna-Errepublikanoak loialistak; eta EO Ozeaniako Esnaldia —Wallis eta Futunako herritarren interesak defendatzen ditu—.
Lasaitasunerako deiak
Komunikatu horren aurretik, uhartediko koalizio independentista nagusia, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka —UC eta UNI daude hor, besteak beste—, gaur mintzatu da lehen aldiz egunotako gertakariez. FLNKSk Frantziako Asanblearen erabakia kritikatu du, baina, aldi berean, uste du errolda zabaltzearen aferak eragindako «egoera sozial eta politikoak» ez duela «justifikatzen bakea arriskuan jartzea», eta, horregatik, kritiko agertu da egunotan gertatzen ari denarekin, eta lasaitasunerako deia egin du, bezperan Louis Mapou uhartediko gobernuko presidenteak egin bezala.
Elkarrizketei dagokienez, Macronen gonbita onartu, eta Parisekin berriz hitz egitea erabaki du FLNKSk. Adostasunerako keinu gisa interpretatu du Frantziako presidentearen erabakia, erroldari buruzko aldaketak oraindik ere Frantziako Kongresuaren oniritzia behar duelako indarrean sartzeko, eta estatuburuak ez duelako berehala antolatu bozketa hori —datorren hilabetean antolatu lezake—.
ikusi gehiago
Bilkura hori, aldaketarik ezean, Parisen egingo dute. Horri begira, Macronek beste keinu bat egin die independentistei: bilera Matignonen egingo dute, eta, beraz, Gabriel Attal lehen ministroa arduratuko da horietaz, eta ez Gerald Darmanin Barne eta Itsasoz Haraindikoa. Darmanin asko kritikatu dute subiranistek, eta batez ere asteotan, Frantziako Senatuan adierazi baitzuen independentisten baiezkoa jaso zuela errolda zabaltzeko; FLNKSk erantzun zuen ezetz, hori ez zela egia, eta horrek are gehiago okertu zuen bien arteko harremana.
Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuaren afera, hortaz, Frantziako gobernuburuaren esku egongo da, berriz ere —2020ra arte hala izan zen—.