Kaledonia Berria

Macronek «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat proposatu du Kaledonia Berrirako

Frantziako presidentea Ozeaniako uhartedian izan da, eta baieztatu egin du konstituzioaren erreforma egingo dutela estatus berria jasotzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, gaur, Kaledonia Berriko hiriburuan eman duen hitzaldian. KALEDONIA BERRIKO HEGOALDEKO PROBINTZIA
ander perez zala
2023ko uztailaren 26a
12:34
Entzun

Nahita edo nahi gabe, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Kaledonia Berriko hiriburuan eman duen hitzaldia uhartediaren etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioen isla izan da. Parean, oro har, europar jatorriko herritarrak eta haien ondorengoak izan ditu, Frantziako banderak astintzen ari zirela, segurtasun agentez jositako eta erabat itxitako Kokondoen plazan; hortik kanpo, Macronengandik urrun, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak deituta, protestan aritu dira kanakak, independentisten banderak eskuan zituztela. Egoera horretan proposatu du Frantziako presidenteak «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat uhartediaren geroaz ados jartzeko. Izena ere jarri dio: «Noumeako Hitzarmena», hiru independentzia erreferendumak eta eskumen gehiagoren eskualdatzea jaso zituen 1998ko Noumeako Akordioari erreferentzia eginez.

Macron duela bost urte izan zen Ozeaniako uhartedian, deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferendumaren aurretik, eta orduan adierazi zuen Frantzia ez litzatekeela «hain polita» izango «Kaledonia Berria gabe». Aurtengo bisitan, berriz, esan du kolonia «frantsesa» dela, hala «izaten jarraitzea» erabaki duelako; 2018an, 2020an eta 2021ean egindako galdeketetan ezezkoak irabazi zuen, baina azken kontsultaren emaitzak eztabaida eta haserrea piztu zuen, independentistek hori boikotatzea erabaki baitzuten —abstentzioa %56,13koa izan zen—, koronabirusaren pandemia betean egitea ez zela egokia argudiatuta.

Halere, Frantziako Gobernuak urteotan behin eta berriz esan du ez dutela hirugarren erreferendumik egingo beste behin, eta, harrezkero, subiranistekin eta loialistekin mintzatzen ari da Kaledonia Berriaren etorkizun instituzionalaz. Macronentzat, estatus berri hori modu bat izango da gaur jakinarazi dituen «barkamen» eta «etorkizun» ideiak biltzeko, baina orain arteko bidea ez da ona izan: ez dute hiruko bilerarik izan, eta, are, alderdi independentista guztiak ez dira joan Frantziako presidenteak hitzaldiaren aurretik deitu zuen bilkurara.

Afera horretaz, Macronek agerraldian esan du «minduta» zegoela, baina, aldi berean, adierazi du «elkarrekin» adostu behar dutela uhartediaren «etorkizuneko proiektua, anbizio handiagoa duen gizarte baterako». Frantziako presidenteak, oro har, lankidetzan oinarrituriko hitzaldia eman du, eta, aldi berean, argi utzi du konstituzioa aldatuko dutela —estatus berria jasotzeko—, datorren urteko Kaledonia Berriko Kongresurako bozen hautesle errolda irekiko dutela —independentistak horren kontra daude— eta uhartediko erakunde politikoak erreformatuko dituztela.

Finean, zeharkako mezu bat bidali die subiranistei: haiekin edo haiek gabe egingo duela aurrera Frantziako Gobernuak. Horrek, hortaz, agerian utzi du Macronen bisitak, ziurrenik, ez duela lagunduko egoera lasaitzen, ezta adostasunera hurbiltzen ere; eta hori kontuan harturik Frantziako presidenteak negoziazioak, adostasuna eta bide komuna irudikatzen duen estatua bat zuela atzean hitzaldia eman duenean, Jean-Marie Tjibaou independentistak eta Jacques Lafleur loialistak elkarri eskua eman ziotenekoa, 1988an, Matignongo Akordioa sinatzean.

Independentistak, kritiko

Frantziako presidenteak deituriko bilkuran parte hartu ez duenetako bat UC Kaledoniar Batasuna izan da, FLNKSn pisu handiena duen alderdia. Macronen hitzaldiaren aurretik, UCko presidente Daniel Goak komunikatu bat argitaratu du, eta horretan kritiko agertu da Parisekin, uste baitu uhartedia bilakatu nahi duela Indo-Pazifikorako duen estrategiaren «puntu minbera».

Goaren arabera, «anbizio» horrek «hilzorian utzi du Kanakyko biztanleria», eta, are gehiago, kontuan harturik ez diola jaramonik egiten uhartediko herritarren parte handi baten iritziari: ez dutela aitortzen hirugarren independentzia erreferendumaren emaitza.

Adierazpen moderatuagoa egin du Louis Mapou-k, Kaledonia Berriko gobernuburu independentistak. Frantziako presidentearen hitzaldia entzun ondoren, esan du Macronek «[Frantziako] errepublika eta Kaledonia Berria engaiatzen dituzten auzi historikoez eztabaidatzeko beharra» aipatu duela, eta horretarako «elkarrizketaren bidea» hartu duela. Hori bai, Mapou zalantzati agertu da: «Ikusi beharko dugu hori guztia nola egin dezakegun».

Frantziako presidentearen asmoa da konstituzioaren erreforma 2024 hasieran egitea, Kaledonia Berriko hauteskundeak, printzipioz, maiatzean egingo baitituzte. Ikusteko dago, hortaz, independentistek zer jarrera izango duten negoziazioetan, eta, batez ere, zer eskatuko duten estatus berrirako, «subiranotasun osoa» nahi baitute.

Hautesle erroldaren aferak ere talka handiak eragingo ditu, uste baitute hori «irekitzeak» pisu handiagoa emango diela europar jatorrikoei eta haien ondorengoei. Egun, hiru errolda daude —bozen araberakoak—, eta Asanblearako hauteskundeetan botoa eman ahal izateko hiru baldintza bildu zituzten Noumeako Akordioan, baina gutxienez horietako bat bete behar da; kasurako, Kaledonia Berrian bizi izana 1988 eta 1998 artean, edo 1998ko hautesle zerrenda orokorrean egotea eta bozen egunerako gutxienez hamar urtez bizitzea uhartedian.

Irizpide horien ondorioz, hamarkadotan Kaledonia Berrira bizitzera joan diren herritar askok ez dute botoa emateko eskubiderik. Gehienak Frantziakoak dira, eta, boto dinamikak ikusirik, ia denek loialisten alde egingo lukete, bozkatzeko aukera izanez gero; hori saihesteko adostu zuten hautesle errolda bertan behera uztea, independentistek esan ohi duten modura, «kolonialismoa gehiago ez indartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.