FRANTZIA

Macronek jakinarazi du polizia gehiago mobilizatuko dituela protestei aurre egiteko

Frantziako presidenteak «ardura» eskatu die istiluetan parte hartzen ari diren gazteen gurasoei. Gutxienez 875 pertsona atxilotu dituzte bart izandako liskarretan. Eliseoak esan du segurtasun neurriak egokitzeko prest dagoela, «taburik gabe». 17 urteko gaztea hiltzeagatik nahita egindako homizidioa egozten dioten agenteak barkamena eskatu dio haren familiari.

Polizia agenteen eta manifestarien arteko istiluak, bart, Nanterren, Parisko aldirietan. JULIEN MATTIA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 30a
12:30
Entzun

Frantziako Poliziaren eta manifestarien arteko istiluek ez dute etenik. Parisko aldirietako Nanterre hirian auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz hil zuen asteartean Poliziako agente batek, eta gertakari hark haserre olatua eragin du herritarren artean. Herrialdeko zenbait hiritan liskarrak izan ziren atzo gauean ere, hirugarren egunez jarraian, eta, Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninen arabera, gutxienez 875 pertsona atxilotu dituzte bart, aurreko egunean halako lau; horietatik gehienak 14 eta 18 urteko gazteak dira. Horregatik, Emmanuel Macron presidenteak «ardura» eskatu die protestetan parte hartzen ari diren gazteen gurasoei, «etxean gera daitezen». Eskaera bera egin die sare sozialak kudeatzen dituzten plataformei ere, «irudi delikatuak» kontrola ditzaten. Eta egoeraren aurrean esku hartzeko asmoz, estatuburuak iragarri du polizia gehiago mobilizatuko dituela.

Beste egun batez, Nanterre izan da protesten epizentroa. Bertan, herritarrek hainbat bankuri eta eraikin publikori su eman diote; zenbait ikastetxek ere kalte handiak izan dituzte. Gainera, Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, molotov koktelekin eraso zioten atzo Sena Saint-Denis departamenduko Aubervilliers hiriko RATP autobus zentro bati, eta gutxienez hamabi ibilgailu kiskali dira. Horiek horrela, gaur goizean, 350 autobus lineatik 23 etenda egon dira. Parisen bertan, halaber, manifestariek arpilatzeak eta kalte material ugari eragin zituzten denda handietan.

Montreuilen, Roubaixen, Lillen, Lyonen, Okzitaniako Tolosan eta Marseillan ere liskarrak egon dira, baita Akitania Berrian ere. Bada, Ile-de-France eskualdeko zenbait herritako alkatek etxeratze agindua ezarri dute. Guyana Frantsesan, berriz, pertsona bat hil da gaur goizaldean, Poliziak jaurtitako balak eragindako zaurien ondorioz. Frantziako hedabideek Eliseoko iturriak aipatuta jakinarazi dutenez, Frantziako Babes Zibilaren arabera, bostehun bat eraikin publiko eta 2.000 ibilgailu erre dituzte, eta, orotara, 3.880 sute izan dira Frantzia osoan. Darmaninek nabarmendu du agenteak «ausardiaz» lanean ari direla «ohikoa ez den indarkeriaren aurka».

Nahel gaztearen hilketak harrabotsa eragin du Frantziatik kanpo ere; Bruselan, esaterako, kontzentrazioak eta protestak izan ziren atzo, harik eta estatuko indarren eta manifestarien artean liskarrak piztu ziren arte. Le Soir egunkariaren arabera, Belgikako hiriburuko Poliziak 64 lagun atxilotu ditu; horietatik 48 adingabekoak dira. Operazioa egin eta gutxira, agintariek «berehalako neurriak» ezarri zituzten indarrean, «ordena» jartzeko.

Garraio publikoak, zerbitzutik kanpo

Frantziako lehen ministro Elisabeth Borne Parisko aldirietan izan da gaur goizean, eta, ondoren, ezohiko gobernu bilera batera deitu du; Macronek ere bertan parte hartu du. «Lehentasuna da batasun nazionala bermatzea, eta hori egiteko modua da ordena lehengoratzea», esan du Bornek batzarraren atarian, eta erantsi «hipotesi guztiak» aztertuko dituztela. Era berean, Macronek gaitzetsi egin du «desordenaz» baliatu izana erakunde publikoei erasotzeko.

Bestalde, estatu osoan larrialdi egoera ezarriko duten galdetuta, Eliseoak erantzun du segurtasun neurriak egokitzeko prest dagoela, «taburik gabe», azken egunetan izaten ari diren protestei erantzun ahal izateko, AFP berri agentziak gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez. Gobernuak hartutako neurrien artean, Barne ministroak prefeturei agindu die garraio publikoak 21:00etatik aurrera geldiarazteko eta zerbitzurik ez emateko. Horrez gain, Bornek iragarri du jendarmeriaren ibilgailu blindatuak hedatuko dituztela, baita «indar mugikor osagarriak» ere. Gaineratu duenez, debekatu egingo dituzte «tokiko egoeren arabera ordena publikoarentzat arriskutsuak izan daitezkeen ekitaldi jendetsuak».

Bien bitartean, behin-behineko espetxealdian dago 17 urteko gazteari tiro egin zion agentea, eta nahita egindako homizidioa egozten diote. Epaileak delitu hori ezarri aurretik, Nanterreko Fiskaltzak ondorioztatu zuen «legezko baldintzak» ez zirela bete gertakari horretan arma erabiltzeko, eta, beraz, espetxeratzeko eskatu zuen. Bada, agenteak gaur barkamena eskatu dio hildakoaren familiari. Hain zuzen, atzo, gaztearen amak deituta, manifestazioa egin zuten Nanterren —6.200 lagunek parte hartu zuten, Nanterreko prefeturaren arabera—, gaztearentzat «justizia» eskatzeko. Nahelen amak, Mouniak, Poliziaren aurkako «errebolta» aldarrikatu zuen, baina, gero, esandako zuzendu eta eskatu zuen agenteari espetxe zigorra ezartzeko.

Ikusi gehiago: «Justizia» eskatu dute hildako gaztearentzat Nanterren

Bide horretan, NBE Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoak Frantziari eskatu dio hel diezaiola «arrazakeriaren eta diskriminazioaren arazo sakonari», bulegoko bozeramaile Ravina Shamdasanik esan duenez. Era berea, 17 urteko gaztearen hilketagatik kalera atera diren milaka pertsonei ere eskatu die protestak «modu baketsuan» egin ditzatela.

Antzeko gertaera bat, 2005ean

2005eko urrian antzeko gertaera batek ere istilu handiak eragin zituen Frantzia osoan. 17 eta 15 urteko bi gazte —Zyed Benna eta Bouna Traore, hurrenez hurren— azpiestazio elektriko batera igo eta elektrokutatuta hil ziren, Poliziarengandik ihes egiten ari zirela, Parisko aldirietako Clichy-sous-Bois hirian. Hirugarren gazte bat gertaera berean kaltetua izan bazen ere, bizirik atera zen. Heriotzen berri izan eta gutxira piztu ziren liskarrak. Poliziak ia 3.000 lagun atxilotu zituen estatuko hainbat hiri nagusitan izandako istiluetan, eta gutxienez hiru lagun hil ziren. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen azaroaren 8an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.