Macronek Frantziako Asanblea desegin du

Legegiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 30ean izango da, eta bigarrena, uztailaren 7an.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, botoa ematen, gaur, Parisen. HANNAH MACKAY / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, botoa ematen, gaur, Parisen. HANNAH MACKAY / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 9a
21:30
Entzun

Eskuin muturra hauspotuta irten da hauteslekuetatik. Europako Parlamenturako hauteskundeetan emaitza «historikoa» lortu du Frantzian Marine Le Penen RN Batasun Nazionala alderdiak. Behin-behineko emaitzak dira oraindik, baina Jordan Bardella buru zeraman zerrendak botoen %31,5 eskuratu ditu. Hori dela eta, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Asanblea desegitea erabaki du, eta legebiltzarrerako hauteskundeetara deitu du. Lehen itzulia ekainaren 30ean bozkatuko da, eta bigarrena, uztailaren 7an.

%52 inguruko parte hartzea izan da, inoizko handiena Europako Parlamenturako hauteskunde batzuetan. Eta, Le Penen %31,5en aldean, Macronen Renassaince alderdiak %14,7 lortu ditu; bozetan bigarren indarra izan da. Horregatik, eta, bere «bokazioa Frantziako herritarrentzako lan egitea» dela argudiatuta, hauteskundeak aurreratzea erabaki du. Bere sare sozialetan zabaldutako mezuan, Macronek adierazi du bere alderdiaren emaitzak ez direla onak «Europa defendatzen» duten alderdientzat. Are gehiago, gaurko hauteskundeetan eskuin mutur «demagogoak» izandako gorakada dela eta, Frantziako presidenteak bere iritzia plazaratu du: «Arrisku bat da Frantziarentzat, Europarentzat eta Frantziak Europan eta munduan duen tokiarentzat».

Le Penen ustez, Frantziako herritarrek mezu argi bat helarazi diote Macroni: beren historia «ezeztatzen» duen Europa baten aurka daudela. «Frantsesek ez dute bere historia ukatu nahi, ez dute nahi bere oinarrizko prerrogatibak mespretxatu eta eragina, identitatea eta askatasuna galdu dituen Europa teknokrata, azaleko eta gero eta basatiago bat», adierazi du eskuin muturreko buruzagiak X sare sozialean, Macronen erabakia jakin aurretik. Gero, ordea, eta Macronek egin bezala, sare sozial hori erabili du, eta zera adierazi: «Herritarrek bozkatzen dutenean, herritarrek irabazten dute».

2022ko hauteskundeetan oposizioko buru bihurtu zirela azpimarratu du Le Penek, eta iritzi dio gaurko hauteskundeetan baieztaturik geratu dela RN dela «aldaketarako indar nagusia» direla. «Boterea izateko prest gaude», nabarmendu du.

«Frantziaren aldeko akordioa»

Macronen erabakiak goitik behera astindu du Frantziako jokaleku politikoa, eta, eskuin muturrak garaipena ospatzen duten bitartean, ezkerra indarrak batzearen alde egin du; hala adierazi du Frantziako Alderdi Komunistaren buru Fabien Rousselek, eta «Frantziaren aldeko akordio» baten alde lan egiteko eskatu: «Nire ezkerreko lagunei dei egiten diet errealitatea azkar ikus dezagun, elkarrekin lan egin dezagun eta Frantziaren aldeko itun batean jar ditzagun politika sozialak, soldatak, erosteko ahalmena eta aberastasunaren banaketa». Antzera hitz egin du Raphael Glucksmann Frantziako alderdi sozialista PS-Plaza publikoa zerrendako buruak, «alternatiba ekologiko, sozial, demokratiko eta Europaren aldekoa» eratzeko eskatu baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.