Emmanuel Macron Frantziako presidentearentzat, «ordena berreskuratzea» da lehentasuna Kaledonia Berrian. Baina uhartedira egindako bisita azkarraren amaieran, Macronek agerian utzi du, zuzenean eta zeharka, ohartu dela badirela beste helburu batzuk ere, beste metodo batzuk ere, egunotako liskarrei aurre egiteko. Finean, alderdi independentistekin eta loialistekin hitz egin behar izan du, jendarmeekin eta poliziekin bildu behar izan du, aurrez aurre, beste modu batera heltzeko aferari. Eta hilaren 13an indarkeria handitu zenetik gaur arte izandako iragarpenik garrantzitsuena egin du: «engaiatu» egin da hautesle erroldaren erreforma «bortxan ez onartzera».
Gaur Kaledonia Berrian egin duen azken agerraldian esandakoak aintzat hartuz gero, Frantziako presidenteak «zenbait asteko» epea finkatu du egoera «baretzeko», eta Kaledonia Berriko alderdien eta Parisen arteko elkarrizketak «berreskuratzeko». Horretan jarri du arreta, eta badirudi, hortaz, jaramon egin diela independentistei, «konfiantza berreskuratze» aldera, nahiz eta orduotan ere argi geratu zaion oraindik badirela desadostasunak. «Erantzukizuna, zeina gu guztiona baita, erraldoia da. Abiapuntua ez da orri zuri bat», adierazi du Macronek.
EN DIRECT | Déclaration du Président @EmmanuelMacron depuis la Nouvelle-Calédonie. https://t.co/l325HRWIr4
— Élysée (@Elysee) May 23, 2024
Elkarrizketak berreskuratzea eta, beraz, negoziazioei berriz ekitea da Frantziako estatuburuak jarri duen erronka, eta hori guztia lortzeko «bitartekari talde bat» eratuko du. Hori litzateke lehen pausoa, gerora Kaledonia Berriaren etorkizunari buruzko «akordio global bat» adosteko. Baina hori guztia egin aurretik, zenbait baldintza ezarri ditu Macronek: «Ardurak dituzten guztiak deitzen ditut zera eskatzera: [hiriburuko kaleetan dauden] hesiak kentzeko. Hori gertatzen denean, larrialdi egoera indargabetuko dugu. Eta, hirugarrenik, elkarrizketa politikoa berehala abiatu behar litzateke berriz».
Azken pausoa, hortaz, itun hori adostea litzateke. Eta Frantziako presidenteak nahiko luke «gutxienez hautesle erroldaren afera» jasotzea hartan, baita «boterearen antolaketa», «aulkien banaketa», herritartasuna, «kontratu sozial berria» eta «autodeterminazio bozketaren afera» ere, besteak beste. Adierazpen horiekin, Macronek erreferentzia egin dio Kaledonia Berriaren deskolonizazio prozesurako aurreikusita zegoen afera bati: hiru independentzia erreferendumen ondoren, uhartediaren hurrengo estatusa adostearena, eta herritarrek botoa ematea horretaz negoziaturikoaren inguruan.
«Erantzukizuna, zeina gu guztiona baita, erraldoia da. Abiapuntua ez da orri zuri bat».
EMMANUEL MACRONFrantziako presidentea
Frantziako presidenteak esan du, gainera, bere «nahia» dela Kaledonia Berriko herritarrek aukera izatea akordio horretaz iritzia emateko. Baina galdetu diotenean hori beste erreferendum baten bidez egingo litzatekeen, ez du argitu formatu hori berriz erabiliko lukeen. Aldiz, argi utzi du ez dutela deskolonizazio prozesuko azken galdeketa berriz egingo, kanak independentistek boikotatu zuten hura.
Erreferendum horretaz geroztik nabarmen gaiztotu dira Frantziatik ateratzearen aldekoen eta Parisen arteko harremanak, eta egoera egunotan lehertu da, Kaledonia Berrian liskarrak hasi zirenean. Independentistek Macroni eskatzen diote bertan behera utz dezala hautesle errolda handitzeko lege proiektua, eta loialistek, aldiz, euts diezaiola.
Frantziako Asanbleak eta Senatuak jada eman diote oniritzia aldaketa horri, eta Frantziako Kongresuko bozketa falta da testua onarrarazteko; Frantziako presidenteak atzeratu egin du saio hori, elkarrizketei «aukera bat» emateko, baina, gaur, galdetu diotenean eutsiko dion ala bertan behera utziko duen, ez du erantzun argirik eman.
269 atxilotu egunotan
Hautesle errolda handitzeko asmoagatik dituzte liskarrak Kaledonia Berrian, hilaren 13tik. Eta egunotan gertatzen ari den hori deskribatzeko, Frantziako presidenteak gaur esan du «inoiz ez bezalako matxinada mugimendu bat» dela; gutxienez sei lagun hil dituzte —zibilak eta poliziak—, eta 269 atxilo eraman.
Gainera, hainbat eraikin eta denda kaltetuta daude, eta, horrekin lotuta, uhartediko gobernuak gaur jakinarazi du prezioak kontrolatzeko «neurri zorrotzak» hartuko dituela, «bezeroak gehiegikerietatik babesteko». Komunikatu baten bidez kritikatu duenez, «zenbait saltzaile» egunotako «egoera baliatzen» ari dira produktuen salneurria «itxurarik gabe handitzeko»; gobernuarentzat, baina, inflazio hori «onartezina eta jasanezina» da.
Frantziako presidenteak afera hori ere izan du hizpide, eta esan du lehentasunen artean duela «ohiko arta, elikadura eta hornidura berreskuratzea».