Korsikako Asanblearen aurrean mintzatu da gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Alderdi nazionalistak gehiengoa dira han, eta Macronek autonomia eskaini die, Frantziaren barruan.
«Izan dezagun ausardia Korsikaren autonomia bat eraikitzeko, [Frantziako] errepublikaren barruan». Agintari frantsesak azaldu duenez, «autonomia hori izango da tresna etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, estatutik askatu gabe. Ez da estatuaren aurkako autonomia bat izango, ez eta estaturik gabeko autonomia bat ere, baizik eta Korsikarentzako autonomia bat errepublikaren barruan».
Estatutu berezia Frantziako Konstituzioan idatzi beharko litzatekeela adierazi du Macronek, «berezko artikulu batean». Horretan «komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kulturala» onartuko litzateke.
Epeak ere ezarri ditu Macronek. Korsikako Asanbleari sei hilabete eman dizkio Frantziako Gobernuarekin «testu konstituzional eta organiko bat» hitzartzeko, Korsikako estatutua aldatzeko. Horretan oinarrituta, konstituzioa aldatzeko prozesuari ekingo liokete, eta, gero, Korsikan erreferendum bat antolatuko lukete.
Lerro gorririk gabe
Macronek agindu du ez dela «lerro gorririk» egongo, baizik eta «errepublikaren ideala». Korsikarren erakundeek «transferituriko eskumenen inguruko arauak» erabakitzeko aukera izan dezatela «aztertzearen alde» dagoela gaineratu du. Baina arautzeko ahalmen hori Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren «kontrolpean» legokeela ohartarazi du.
Euskaldunentzat ezaguna da Macronek erabilitako terminologia, baina Frantziako agintariak ohartarazi die korsikarrei «ez inportatzeko Europako beste erreferentziarik».
Ele biko hezkuntza
Macronek esan du «korsikera gehiago» erakutsi beharko litzatekeela. Iradoki duenez, «elebiduntasunaren aldeko hezkuntza zerbitzu publiko bat» sortuko litzateke. «Leku gehiago eman behar diogu korsikerari, hezkuntzan zein eremu publikoan».
Gilles Simeoni Korsikako Gobernuko presidenteak gogoratu dio Macroni zein testuinguruan hasi duen Parisek autonomia emateko prozesua: Yvan Colonna preso independentista 2022ko martxoan kartzelan hil ostean uhartean sorturiko «indarkeria sinestezinaren» barruan. Buruzagi autonomiazaleak berretsi dionez, «eskatzen dugun autonomia estatutua Frantziako Errepublikaren barruan txertatzen da».
Nazionalistek eserlekuen hiru laurdenak okupatzen dituzte Korsikako Asanblean, eta, uztailaren 5ean, ados jarri ziren autonomia egitasmo baten inguruan. Besteak beste, korsikera frantsesarekin batera ofiziala izatea eskatu zuten, eta Frantziako Konstituzioan «Korsikako herria» kontzeptua idaztea.