Mundua sutu zaio Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteari, Amazoniako egoerak kezkatuta. Sutea «nazioarteko larrialdia» da, Europako agintari nagusien ustean. «Gure etxea sutan dago», idatzi zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Twitterren, ostegunean. G7koen bileraren atarian hartu dute indarra Amazoniako suteek, eta Macronek gaiaz hitz egin nahi du asteburuan Miarritzen (Lapurdi). Haren gobernuak adierazi du «proposamen zehatzekin» joango direla bilerara. Bolsonaro ez da Miarritzen izango, Brasil ez baita G7 taldeko kidea, eta Macroni leporatu dio «etekin politikoa» ateratzeko erabili duela gaia, eta «pentsamolde kolonialistarekin» jokatu duela G7ra eramatean.
Macron ez da izan gaiari buruz kezka adierazi duen bakarra; Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak bat egin du harekin. Merkeli sutea «ikaragarria eta beldurgarria» iruditu zaio, eta hark ere nabarmendu du G7koek landu beharreko gaia dela. Bolsonarok behin eta berriz adierazi du ez duela gainontzeko herrialdeak tartean sartzerik nahi.
Frantziak eta Irlandak EB Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza ituna bertan behera uzteko asmoa adierazi dute, eta Finlandiak EBri proposatu dio utz diezaiola Brasilgo haragia inportatzeari, Bolsonarori erantzute aldera. Dena dela, EBk suteei aurre egiteko laguntza eskaini die Brasili zein Boliviari. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere «kezka handia» du gai horren inguruan: «Klima larrialdi betean, onartezina da munduko biodibertsitate eta oxigeno iturri handi bat alferrik galtzea».
Nazioarteko presioari erantzunez, Bolsonarok atzo adierazi zuen armada bidaliko duela Amazoniara. INPE Brasilgo Espazioaren Ikerketarako Institutu Nazionalak zabaldutako datuen arabera, Brasilen suteak %83 ugaritu dira aurten, iazko datuekin alderatuta. Amazonian suteak ohikoak dira urteko sasoi honetan, baina aurtengo igoerak alarma guztiak piztu ditu nazioartean. Brasilen bertan ere liskarrak sortu dira: Rede Sustentabilidad alderdiak Ricardo Salles Ingurumen ministroa auzipetzeko eskatu dio Auzitegi Gorenari, ingurumen politiketan arduragabekeriaz jokatzea leporatuta.
Bolsonarok GKE gobernuz kanpoko erakundeen kontra egin du hasieratik, iradokita haiek direla sutearen erantzuleak. GKEk, ordea, gogor erantzun diote presidenteari. Amazon Watch erakundeak deforestazioa zuzenean lotu du Bolsonaroren «ingurumen diskurtsoarekin», Amazonia esplotatzearen eta gune babestuen zaintza jaistearen alde agertu izan baita hura. «Nekazariek eta abeltzainek uler dezakete presidenteak basoei su emateko lizentzia ematen diela, inpunitate osoarekin».
Lur-jabeak jopuntuan
Amazoniako sutearekin, ingurumen erakundeek hauspoa eman diete hainbat teoriari. Zenbait erakundek jasotako informazioaren arabera, dozenaka ekoizlek su eman zieten beren lurrei aldi berean, Bolsonarori babesa adierazteko. Raul do Valle WWF Naturarentzako Mundu Funtseko Brasilgo Gizarte eta Ingurumen Justiziako zuzendariak kontatu zuen hori: «Lur-jabeek erabaki zuten Suaren eguna sortzea, eta basoei su ematea, ganaduarentzat bazka landatzeko lekua izateko gero».
Bien bitartean, Kolonbiako Gobernuak proposatu die Brasili, Boliviari, Ekuadorri eta Peruri proiektu bat egitea guztien artean, suteari aurre egin, eta prebentzio lanak koordinatzeko. Agenda bateratu bat sortu nahi dute klima larrialdiari eta deforestazioari elkarrekin aurre egiteko, Ricardo Jose Lozano Kolonbiako Ingurumen ministroaren esanetan.
G7koen goi bilera Miarritzen. Agenda
Macronek Amazoniako suteei heldu nahi die G7koen goi bileran
Bolsonarok Macroni leporatu dio «pentsamolde kolonialarekin» jokatzea. EBko zenbait herrialdek presioa egin diote Brasiliari. GKEek lur-jabeak jo dituzte suteen erantzuletzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu