Ezkerreko Frantzia Intsumisoa eta eskuin muturreko Batasun Nazionala baztertuta, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak parlamentuko beste alderdi politikoetako buruak Eliseora gomitatu ditu astearte arratsalde honetan, denen arteko bilera batera. Nahiz eta joan den ostegunean lehen ministro berria laster izendatuko zuela hitzeman, ez du oraindik halakorik egin Macronek. Frantziako lehendakaritzak adierazi du «hautsi-mautsi logika batean diren talde parlamentarioak» gomitatu dituela, «interes orokorreko gobernu bat osatzeko» helburuarekin. Gaur, 14:00etan, zentro-eskuineko Macronen aldeko diputatuen ordezkariak eta Errepublikanoak biltzekoak ditu, eta ezkerreko Fronte Popular Berritik, Alderdi Sozialista, EELV Europe Ecologie Berdeak eta Alderdi Komunista.
Intsumisoak eta Batasun Nazionala baztertu ditu Macronek solas horietarik «eskuin muturra eta ezker muturra fronte antirrepublikano batean elkartu direlako» Parisko lehendakaritzak adierazi duenez. Baina, sozialistak, ekologistak eta komunistak gomitatu ditu bilkurara, alta, haiek ere Michel Barnieren gobernuaren kontrako zentsura mozioa bozkatu zutelarik, joan den asteazkenean. Hiru alderdi horiek «borondate ona erakutsi» lukete. Joan den ostiraletik atzo artean Macronek banaka ikusi dituen alderdiak dira. Intsumisoek ez zuten onartu joatea, denbora galtzea baitzaie, eta haien ustez uztaileko diputatu hauteskundeetan lehen atera zen Fronte Popular Berriak osatu behar baitu gobernua.
Ez da argi zer helburu daukan astearte arratsalde honetako bilerak. Eliseoak jakinarazi du gobernu berri baten izendatzeko «metodo bat adosteari buruz aitzinatzea» dela asmoa. Zehazkiago, gobernu berria ez zentsuratua izateko akordio bati buruz joatea litzateke jokoa.
Eskuineko Errepublikanoek baieztatu dute hori dela helburua, eta iradoki dute, Barnierren gobernuaren gisan, Renaissance, MoDem, Horizons eta Errepublikanoen oinarri komunaren inguruko gobernua osatzea litzatekeela ideia, LIOT taldearekin eta sozialistekin adosturik; ezen, azken bi alderdi horiekin batuz, zentro-eskuineko blokea gehiengo absolutura irits daiteke Frantziako legebiltzarrean.
Intsumisoen buru Jean-Luc Melenchonen ustez joko horrek «ez du deus emanen». Batasun Nazionaleko Marine Le Penek adierazi duenez, Macron «ez balitz herrestan ibiltzen, ari den bezala, lehen ministro bat jada izendatua litzateke» joan den ostegunetik.
Ezkerreko diputatuen artean ez dira denak fida Macronen bilkura horrekin. Dudak dituzte joko horretan parte hartzearekin, hala nola Sandrine Rousseau diputatu ekologistak. «Ez dut nehondik ere sinisten [Macron] ezkerrari eskua luzatzeko prest dagoenik. Ez nuke nahi jendeak pentsa dezan bere jukutria horren petzeroak garela», adierazi du.
Ikusi beharko da, beraz, sozialistak, ekologistak eta komunistak zenbateraino prest diren Frantziako lehendakariarekin hautsi-mautsietan aritzeko eta Fronte Popular Berria aldi berri horretarik osorik aterako den.