Emmanuel Macron Frantziako presidentea jendez osaturiko zirkulu baten erdian dago, mikrofonoa eskuineko eskuan duela. Atorraren mahukak ukondoraino ditu bilduak. Publikoa adi-adi dago, eta interes handiz aztertzen ari da, isiltasunean, Frantziako presidenteak dioen hitz bakoitza, esaldi bakoitza, keinu bakoitza; Okzitaniako alkateak dira, 600 inguru. Lau ordu igaro dira saioa hasi dutenetik. Hitzaldia bukatzean, alboan duen eserlekuan eseri da Macron, eta publikoko alkate batek hartu du hitza: landa eremuez mintzatu zaio, batez ere horietako eskolen egoeraz. Bitartean, Frantziako presidentea oharrak hartzen ari da. Jarraian, publikoan dauden beste hiru alkatek hartu dute hitza; horietako batzuek ere landa eremuetako eskoletan jarri dute arreta. Macroni dagokio erantzutea, eta mahai gainean jarri dizkioten gai guztiez aritu da.
Terapia kolektibo batean murgildu du herrialdea Frantziako presidenteak, hauteskunde-kanpaina zantzuekin; Eztabaida Nazional Handia da. Helburua zera da: herritarren kezkak, ideiak eta kexak entzutea, 2017an presidentetzara eraman zuen izpiritua eta giroa berreskuratzeko. Izan ere, hiru hilabete barru hauteskundeak dituzte berriz Frantzian, oraingoan Europako Parlamenturakoak, eta Macronek asko izango du jokoan, hautagai europazalea baita, hautagai europazaleena; eta horretan oinarritu baitu bere agintaldia, Marine Le Pen ultraeskuindar eta euroeszeptikoaren aurrean. Gainera, beharrezkoa du itxura aldaketa: Jaka Horiek eragindako krisi politikoari aurre egiteko ere baliatu nahi du eztabaida sorta, protesta horiek are kalte handiagoa egin baitzioten haren irudiari. Abenduko bigarren astea izan zen, batez ere, haren agintaldi laburreko inflexio punturik handiena.
Zer da Eztabaida Nazional Handia? Frantziako presidentea eta haren ministroak herrialdea gurutzatzen ari dira, alkateekin eta herritarrekin eztabaidatzeko. Aldi berean, herritarrek euren eztabaidak antolatu dituzte, hainbat gaiz hitz egiteko eta eztabaidatzeko; saio horietako ondorio guztiak gobernuari helaraziko dizkiote, eta Frantziako presidenteak apiril erdialdean emango du ondorioen berri. Horrekin batera, litekeena da neurri batzuk ere iragartzea, eta erreferendum batera deitzea erreforma horien zilegitasuna lortzeko, ekainean edo irailean—tartean, gainera, konstituzioaren erreforma du—.
Ipsos inkesta etxearen arabera, frantziarren %30 daude Eztabaida Nazional Handiaren ondorioei buruzko galdeketa baten alde, eta %19k ez dute beharrezko ikusten; gainontzekoentzat, ideia ona da hori egitea, baina ez dute beharrezko ikusten. Eztabaida sortaren ondorioez erreferendum bat egiten bada, fiskalitateari buruzko galderek dute lehentasuna frantziarren artean (%67).
Urtarrilaren 15ean abiatu zuten Eztabaida Nazional Handia, eta bi aste barru amaituko da, datorren hilabeteko 15ean. Gobernuak hautatuak ditu lau eztabaidagaiak: fiskalitatea eta gastu publikoak; estatuaren eta zerbitzu publikoen antolaketa; trantsizio ekologikoa; eta demokrazia eta herritartasuna. Herritarrek ez dute horietatik ateratzerik, eta, gainera, gobernuak antolatzen ditu eztabaidak, ministerioen eta prefeturen bidez. Herritarrei hitza eman dien arren, dena kontrolpean nahi du Parisek; horretarako, eztabaidak ; eta, aldi berean, otsailaren 5ean Asanblea Nazionalak oniritzia eman zion «manifestazioetan ordena publikoa indartzeko eta bermatzeko» lege proposamenari, praktikan manifestazio eskubideak murrizteari.
Horregatik, eztabaida sorta hori irudi garbiketa eta bozen kanpaina bilakatu du Eliseoak: bilkura handiak dira, ministerioek eta prefetek antolatuak, sare sozialetan zuzenean emititzen dituztenak. Macron dago erdian, Macron da protagonista eta Macronen dirdira da garrantzitsuena.
Frantziako presidentearen ekimenak beste gako bat ere badu, hauteskundeei begira: haren alderdi Errepublika Martxan-ek (LREM) oraindik ez duela parte hartu udal hauteskundeetan, eta, beraz, Frantziako presidenteak ez duela zuzeneko modurik herrien egunerokoaren berri izateko; Frantzian ez dago ez LREMren auzapezik, ezta hautetsirik ere —hurrengo udal bozak 2020ko martxoan izango dira—. Eta, Europako Parlamentukoei begira, Le Peni aurrea hartu nahi dio, azken inkestetan parez pare baitaude; Cevipofenak dio, esaterako, botoen %23 lortuko dituela LREMen eta Mugimendu Demokratikoaren (MoDem) aliantzak, eta %19,5 Le Penen Batasun Nazionalak (RN) —alderdi ultraeskuindarrak 2014an baino puntu eta erdi gehiago lortuko lituzke—.
Zer lortu du?
Bi gauza lortu ditu hilabeteotan Frantziako presidenteak. Batetik, espero zitekeena: Jaka Horiak manifestatzearen aldeko babesa jaistea; zehazki, %69tik %43ra, azken inkesten arabera. Eztabaidaz gain, joera horren arrazoietako bat dira iazko abenduan iragarritako neurriak —erregaiaren zerga aurten igotzeko asmoa, eta gutxieneko soldata hilean 100 euro handitzea, esaterako—.
Bestetik, eztabaida sortari esker, Macronek bere ospearen beheranzko joera eten du, eta gorabidean jarri, nahiz eta oraindik oso txikia den. 2017ko maiatzean, presidente hautatu zutenean, %58ko babesa zuen; urte bereko urrian %44ra jaitsi zen, eta abenduan %54ra igo. Harrezkeroztik, beheranzko joera izan du: 2018ko abenduan %25ekoa zen, Jaka Horien unerik onenean, baina, eztabaida abiatu zenetik, gora egin du: %32an da egun. Eta hori kontuan hartzekoa da, bozak bi hilabete barru baitira, eta 2017an askok Le Penen presidentetza eragozteko bozkatu baitzuten Macronen alde.
Macronek abian jarri du kanpaina
Frantziako presidenteak bi helburu ditu jomugan hilabeteotan: Jaka Horiek sorturiko krisi politikoari aurre egitea, eta Le Peni aurrea hartzea maiatzaren 26ko Europako bozetarako. Xede horiek lortzeko, tresnatzat erabiltzen ari da urtarrilean hasi eta martxoan amaituko den Eztabaida Nazional Handia. Lehen emaitza positiboak lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu