Emmanuel Macron Frantziako presidentea hirugarrenez izango da Kaledonia Berrian. Gobernuaren bozeramaile Prisca Thevenotek gaur goizean jakinarazi duenez, Macron gauean joango da Ozeaniako uhartedi horretara, eta «erantzukizuna» izango du oinarri, Eliseoa «irtenbide politiko bat eraikitzen» ari den honetan. Horretaz gainera, Thevenotek ez du azaldu Frantziako estatuburuak zehazki zer egingo duen —«misio bat» aipatu du—, ezta norekin bilduko den eta bidaiak zenbat iraungo duen ere.
Macron 2018ko maiatzean izan zen lehen aldiz Kaledonia Berrian, deskolonizazio prozesuko lehen erreferendumaren aurretik, eta bigarrenez iazko uztailean joan zen, behin hiru galdeketak eginda. Aurten, ordea, egoera erabat desberdina da, Frantziako Gobernuak uhartediko Kongresuko hauteskundeetarako hautesle errolda handitu nahi baitu —Frantziako Kongresuaren oniritzia falta da indarrean sartzeko—, eta horrek independentisten haserrea eta protestak eragin baititu. Astebete pasatxoko epean, gutxienez sei lagun hil dira; tartean, zibilak eta poliziak.
Erlazionatuta
Kaledonia Berriko egoerari begira, Frantziako Gobernuko bozeramaileak gaur ere adierazi du Parisen helburua eta lehentasuna «ordena berreskuratzea» dela, eta hori baldintza bat dela elkarrizketei berriz ekiteko. Horretarako, iragan astean mila polizia eta jendarme bidali zituzten uhartedira; atzo armadako soldaduak «aldi baterako» mobilizatu zituzten «eraikin publikoak babesteko»; eta gobernuaren uhartediko ordezkaritzak gaur jakinarazi duenez, agente gehiago bidali dituzte Noumea Handira —hiriburura eta haren inguruetara—, eta 22 lagun atxilotu dituzte. Erabaki horien guztien ondorioz, «bakea itzultzen ari da, baina egoera ez da erabat normalizatu», Thevenotek gaur argudiatu duenez.
Eta larrialdi egoerari dagokionez, berez, datorren astelehenera arte egongo da indarrean, baina bada hori luzatzeko aukera, betiere Frantziako Asanblearen eta Senatuaren baiezkoa jasoz gero. Horretaz galdetu diotenean, gobernuaren eledunak erantzun du ez dutela gaia aipatu gaur goizean egin duten Ministroen Kontseiluan; BFMTV telebista kateak, berriz, gaur argitaratu du lege proiektu bat aurkeztu diotela Estatu Kontseiluari, badaezpada, baina Macronen lehentasuna ez dela egoera hori luzatzea.
Frantziako presidenteak Kaledonia Berrian egingo duenari buruzko xehetasunen zain, Thevenotek gehitu du «datozen asteetan» Gabriel Attal lehen ministroa ere uhartedira joango dela.
Australiaren eta Zeelanda Berriaren ebakuazioak
Kaledonia Berriko hiriburuan dagoen nazioarteko aireportua itxita dago, eta erabaki hori larunbatera arte luzatu dute hegaldi komertzialentzat. Horregatik, uhartedian dauden turistak aberriratzeko hegazkinak bidali dituzte Australiak eta Zeelanda Berriak, eta gaur goizean iritsi dira hara, bi herrialde horietako gobernuek jakinarazi dutenez.
Atzo, Anthony Albanese Australiako lehen ministroak esan zuen Kaledonia Berriko egoera «oso kezkagarria» dela.