Duela bost urteko lehia bera izango da aurten ere Frantziako presidentetzarako bozen bigarren itzulian: Emmanuel Macron estatuburuaren eta Marine Le Pen eskuin muturrekoaren artekoa. Behin betiko emaitzen arabera, Macronek botoen %27,84 bildu ditu, eta Le Penek, %23,15. Bi presidentegaiek gora egin dute 2017ko emaitzekin konparatuz gero, baina bien arteko tartea duela bost urte baino askoz ere txikiagoa da, behin-behineko datuen arabera.
Frantziarentzat eta Europako Batasunarentzat bi ikuspuntu kontrajarriren, bi ideia desberdinen arteko borroka espero da, hortaz, datozen asteetarako. Hilaren 24an egingo dute bigarren itzulia, eta baliteke datorren kanpaina sakonagoa eta mamitsuagoa izatea azken hilabetekoa baino. Apirilaren 20ko eztabaida erabakigarria izan daiteke, ultraeskuindarraren irudia zurituen dagoen honetan.
Macronek berak horretan jarri du arreta zundaketen emaitzak jakin osteko agerraldian. Eskuin muturraren aurrean, eta «desberdintasunen gainetik», presidenteak dei egin du «batasunaren eta ekintzaren mugimendu politiko handi bat» osatzera. Ohartarazpena ere egin du: ezer ez dagoela erabakita, bigarren itzuliko garaipena ez duela ziurtatua. «Ez zaitezte tronpatu», adierazi die haren jarraitzaileei.
Ifop etxeak gaur gauean bertan egindako inkesta baten arabera, Macronek gutxigatik irabaziko lioke Le Peni hilaren 24an: %51-49. Ipsosek, berriz, tarte handiagoa eman dio estatuburuari, baina ez litzateke 2017koa bezalakoa izango; %54-46koa litzateke aurtengoa. Duela bost urte 32,2 puntukoa izan zen estatuburuaren alde —%66,1-33,9—.
Frantziako presidenteak ez du ia kanpainarik egin lehen itzuliaren aurretik, eta askok kritikak helarazi dizkiote horregatik. Macron jakitun da datozen asteetan ezingo duela estrategia hori errepikatu, eta gaur azaldu du falta diren egun guztietan saiatuko dela herritarrak konbentzitzen. Horri begira, adierazi du badakiela haren alde egingo duten askok ez dutela bozkatuko bere proiektuarengatik; hortaz, beharrezkotzat jo du «metodo berri bat» jendea erakartzeko; batez ere ezkerreko boto emaileentzako adierazpenak izan dira horiek, denek ez baitute argi ikusten haren aldeko botoa ematea.
Macronen aurkaria, Le Pen, presidentearen aurretik atera da bere jarraitzaileen aurrera, pozarren, eta Macronen alde bozkatu ez dutenei dei egin die haren alde egitera: «Berriz josiko ditut, serioski, haustura sozialak, instituzionalak, lurraldeetakoak». Hautagai ultraeskuindarra bigarren itzulira begira jarri da jada, eta esan du egun horretan «gizartearen eta zibilizazioaren arteko hautua» egongo dela jokoan; hala, zin egin du hautatua izanez gero Frantzian «ordena ezarriko» duela datozen bost urteetan.
Macronekin eta Le Penekin batera, Jean-Luc Melenchon ezkertiarra da bigarren itzulirako sailkatzea espero zena eta horretarako aukerak zituen beste hautagaia. Ordea, 2017an bezala, gutxigatik ez da pasatu hurrengo bozketara: Melenchonek botoen %21,95 bildu ditu, duela bost urte baino 2,37 puntu gehiago.
Hautagai ezkertiarraren arabera, «borrokaren orri berri bat» ireki da orain, «borroka ez baita amaitu». Melenchonek kanpainan hainbatetan esan du aurtengoak izango direla haren azken presidentetzarako bozak hautagai gisara, eta bere jarraitzaileei argi utzi die orain haiei dagokiela lanean segitzea: «Bete dugun eginkizuna Sisiforen mitoarena da. Harria menditik erori da, eta berriz igoarazi behar da. Hurrengo borrokarako baliabideak dituzue. Eta horren hurrengorako ere bai».
🔴 Prise de parole de @JLMelenchon après l’annonce des résultats du #1ertour. #Melenchon2022#Presidentielles2022
— Jean-Luc Mélenchon (@JLMelenchon) April 10, 2022
Suivez également ce direct sur YouTube : https://t.co/Ze7TLz8cLJ
Et sur Twitch : https://t.co/y0r5kBTfb9
https://t.co/CSTEBCZVkn
Paisaia ideologikoaren beste aldean, Le Penen eta Eric Zemmourren emaitzak kontuan harturik, eskuin muturra sendotuta aterako da lehen itzulitik, inoizko indartsuen baitago. Le Penen %23,15az gain, Zemmourrek botoen %7,07 jaso ditu presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, behin-behineko emaitzen arabera.
Polemistak gora egin zuen kanpainaurrean, baina Errusiaren Ukrainako inbasioaz geroztik ez du lortu beheranzko joera etetea, eta, beraz, «eskuin guztia» elkartzeko helburua betetzea presidentetzarako bozetan. Bigarren itzulira begira, Zemmourrek Le Penen alde bozkatzera deitu du, eta polemistaren aliatu Marion Marechalek esan du «eskuinaren batasuna» helburu izan behar duela datozen asteetan.
Duela bost urteko bozekin konparatuz gero, eskuin tradizionalaren hautagaia da goiko postuetan falta dena. LR Errepublikanoek nabarmen egin dute behera, Valerie Pecressek botoen %4,78 bildu baititu; 2017an, LR-ren presidentegai François Fillonek babesen %20,01 jaso zituen. Pecressek, hortaz, ia hamasei puntu gutxiago lortu ditu. Zundaketen kopuruak jakin eta berehala, LR-ren hautagaiak esan du emaitzak «etsigarriak» direla, eta jakinarazi du herrialdeko presidentearen alde bozkatuko duela hilaren 24an; hori bai, ez du boto agindurik eman.
LR-ren emaitza horren arrazoietako bat Macronen agintaldia da. Estatuburuak eskuinera biratu du azken urteetan, eta horri esker lortu du LR-ren boto emaile asko erakartzea —batez ere moderatuagoak eta europazaleagoak direnak—.
Beste arrazoi bat Pecressen kanpaina izan da: eskuinera begirakoa egin du —ultraeskuinaren ideia batzuk ere aipatu ditu—, eta horrek ohiko boto emaile batzuk uxatu ditu; gainera, estrategia hori ez da eraginkorra izan, LR-ren hautagaia tokirik gabe geratu baita presidentearen eta Le Penen artean. Eskuin tradizionala, hortaz, bigarren aldiz jarraian geratu da presidentetzarako bozen bigarren itzulitik kanpo.
J’ai construit mon engagement politique contre tous les extrêmes.
— Valérie Pécresse (@vpecresse) April 10, 2022
Ainsi, et malgré les profondes divergences que j’ai martelées tout au long de la campagne, je voterai en conscience E.Macron pour empêcher l’arrivée au pouvoir de M.Le Pen et le chaos qui en résulterait. pic.twitter.com/gfQLSCwyIJ
LR-ren hondoratzeaz gain, PS Alderdi Sozialistarena ere nabarmena da. Inkesta guztiek bere inoizko emaitzarik txarrenak aurreikusi dizkiote, eta behin-behineko emaitzek hori berretsi dute: Anne Hidalgok botoen %1,75 bildu ditu, 2017an Benoit Hamonek lorturiko %6,36 baino gutxiago. Hidalgok berehala deitu du Macronen alde bozkatzera.
Horiek horrela, Frantziako bi alderdi tradizionalak, 2017ra arte herrialdeko boterea partekatu zutenak, inoizko emaitzarik txarrenak jaso dituzte, eta datozen asteetan eta hilabeteetan barne eztabaida handiak izango dituzte etorkizunari eta politikoki bizirik irauteari begira.
Ekologisten kasuan, Yannick Jadotek botoen %4,63 bildu ditu, eta Fabien Roussel Frantziako Alderdi Komunistakoak, %2,28; biek ala biek deitu dute «eskuin muturrari aurre egitera» bigarren itzulian. Hau da, fronte errepublikanoa berriz osatzera eta Macronen alde bozkatzera.
Abstentzioa izan da gaurko bozen beste protagonistetako bat, azken bi hamarkadetako handiena izan baita. Behin-behineko zenbaketaren arabera, %26,31koa izan da.
Kanpainarik bitxiena
Frantzian azken hamarkadetako presidentetzarako hauteskunderik bitxienak izaten ari dira. Herritarrak ez dira erabat sartu kanpainan, edo berandu sartu dira, azken unean. Oporrak gertu daude, eta bi itzuliak Aste Santuaren inguruan egiten ari dira.
Eta asteotako egoera, giroa ez da batere erakargarria izan: koronabirusaren pandemia eta Ukrainako gerra bete-betean. Finean, ziurgabetasuna eta egonkortasunik eza nagusi diren honetan eman dute botoa gaur, etxean eta nazioartean tentsioa handia den honetan.
Hori, ezinbestean, nabarmen baldintzatzen ari da aurtengo kanpaina. Lehen itzuliaren aurretik inork ezin izan dio aurre egin Macroni plato berean; Frantziako estatuburuaren ingurukoek argudiatu zutenez, okupatuegia dagoelako Ukrainako gerrarekin eta diplomazia lanak egiten. Egungo agintariak, inoiz baino gehiago, presidente-hautagaiaren profila sustatu du.
Le Penen kasuan, presidentegai ultraeskuindarra duela bost urtekoa baino kanpaina hobea egiten ari da. Oraingoan, immigrazioaz eta gerra kulturalaz aritu beharrean, bizitzeko zailtasuna eta egunerokoaren garestitzea jarri ditu diskurtsoaren erdigunean, batez ere Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenetik, eta horrek mesede egin dio; hori bai, bere programa eskuin muturrekoa da oraindik ere.
Zemmour aurkeztu izanak ere lagundu dio zeregin horretan eta bere burua zuritzeko helburuan, eta inoiz baino indartsuago egingo dio aurre Macroni datozen asteetan.