Macron, eta «beste kultura politiko bat» asmatzearen aitzakia

Frantziako presidenteak bihar abiatuko ditu elkarrizketak alderdi politikoekin, lehen ministroaren aferaz hitz egiteko. Ezkerreko aliantzaren hautagaiari ezezkoa eman dio jada, argudiatuta «gehiengorik zabalena» osatu nahi duela gobernabidea bermatzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, iragan larunbateko ekitaldi batean, Bormes-les-Mimosasen (Okzitania). MANON CRUZ / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, iragan larunbateko ekitaldi batean, Bormes-les-Mimosasen (Okzitania). MANON CRUZ / EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 22a
05:15
Entzun

Frantziako Asanblearako bozak egin eta ia bi hilabetera, Emmanuel Macronek ez du lehen ministrorik izendatu. Iragan uztailaren 10ean argudiatu zuen modura, «beste kultura politiko bat» asmatu nahi baitu, babes ahalik eta handiena biltzeko.

Gehiengo osoetara eta egonkortasun politikora ohituta dagoen sistema politikoa desegonkortasunean eta aliantzen beharrean dago 2022az geroztik, eta aurtengo Asanblearako hauteskundeek ez dute egoera hori bideratu. Are, testuingurua geroz eta zailagoa da joan den uztaileko bozetatik, eta kohabitazioa, ezusteko handirik izan ezean, ezinbestekoa. Hori bai, Macronek ez du ohikoa egin, ordezkaritzarik handiena lortu duen indar politikoaren hautagaia gobernuburu izendatzea —NFP Fronte Popular Berria ezkertiarrekoa—, eta horrek zalantzak, eztabaidak, haserreak eta kritikak ugaritu ditu asteotan alde guztietatik.

Baina behin Parisko Olinpiar Jokoak amaituta, Frantziako presidenteak ez du aitzakia gehiagorik ezer ez egiteko lehen ministroaren aferaren inguruan. Horregatik abiatuko du bihar alderdi politikoekin elkarrizketa sorta bat, gobernuburu karguaz, eta, batez ere, «ahalik eta gehiengorik zabalena eta egonkorrena» osatzeaz aritzeko, Eliseoaren arabera. Hori baita Frantziako presidentearen argudioa: ordezkaritzarik handiena duen indar politikoak ez duela gehiengo osorik Asanblean, eta, beraz, lehentasuna eman behar dietela babesik handiena biltzeari. Eta hori ez da zertan NFPren hautagai Lucie Castets izan, Macronek zeharka esan duenez.

Ezkerreko aliantzak hilabeteotan argudiatu du hark duela hurrengo lehen ministroa proposatzeko eskubidea, diputatu gehien dituen indar politikoa delako —talde parlamentarioetatik, RN Batasun Nazionalak du ordezkaritzarik handiena—; Frantziako presidenteak, ordea, orain arte egindakoak eta esandakoak aintzat harturik, argi utzi du ez duela nahi kohabitaziorik politikari ezkertiar batekin. Are, joan den uztailaren 23an France 2 telebista katean egin zioten elkarrizketa batean, Macronek ezezkoa eman zion Castets gobernuburu izendatzeari, zera argudiatuta: «Auzia ez da izen bat, baizik eta zer gehiengo aurki dezakegun Asanblea Nazionalean, Frantziako Gobernuak erreformak eta aurrekontu bat onar ditzan, eta herrialdea aitzinaraz dezan». NFPren hautagaiak «gehiengoak eta adostasunak sortzeko» gai izango direla erantzun dio, Libération egunkariak atzo argitaraturiko elkarrizketa batean.

Edonola ere, Frantziako presidenteak jakin badaki gehiengo argirik ez dagoela, eta egoera hori baliatzen ari da, bien bitartean, ezkerreko aliantza osatzen duten alderdien arteko harremanak hausteko. Horren helburua litzateke Macronentzat NFPn onargarriak diren alderdiak erakartzea, eta haiekin batera gobernabide bermatzea; Frantziako hedabideen arabera, haren asmoa da, esaterako, LR Errepublikanoekin eta PS Alderdi Sozialistarekin ados jartzea 289 aulkiko gehiengo osoa iristen saiatzeko.

Kargugabetze prozeduraren zalaparta

Ezkerreko aliantza, behintzat, ez da egoerarik egokienean iritsiko biharko elkarrizketetara. Bilkuraren bezperan ere NFP izan baita protagonista, eta, batez ere, hori osatzen duten alderdien arteko desadostasunak: LFI Frantzia Intsumisoak Macroni leporatu zion, iragan igandean, «estatu kolpe instituzional bat» egitea Castets lehen ministro ez izendatzeagatik, eta hura kargugabetzeko prozedura abiatzeko mehatxua egin zuen, konstituzioko 68. artikulua erabilita.

Proposamenak, ordea, ez du lortu aliantzakideen babesik —LFI kritikatu dute—, ezta Castetsena ere, joan den astelehenean BFMTV telebista kateari emandako elkarrizketa batean adierazi baitzuen bere helburua ez dela Macron kargugabetzea, harekin batera kohabitazioan gobernatzea baizik —V. Errepublikako laugarrena litzateke—. «Zera da erabat premiazkoa: Frantziako herriak espero dituen politikak aplikatzea, eta zerbitzu publikoak indartzea», argudiatu zuen NFPren lehen ministro izateko hautagaiak.

LFIk aliantzako gainontzeko alderdien babesa jaso izan balu ere, prozedurak oso zail luke arrakasta izatea, oposizioko indar politikoen babesa ere beharko bailuke; besteak beste, botoen bi herenera iristeko Asanbleako eta Senatuko bozketetan —gerora bozketa gehiago egin beharko lituzkete, gainera—. Hori guztia aintzat harturik, NFP osatzen duten alderdien buruzagiak barne gatazka betean bilduko dira, bihar, Macronekin —Castetsek ere parte hartuko du bileran—.

Datorren astelehenean, besteak beste, RNren txanda izango da —Marine Le Pen eta Jordan Bardella elkartuko dira Frantziako presidentearekin—, eta alderdi guztiekin bildu ostean jakinaraziko du Macronek nor proposatuko duen lehen ministro kargurako, Eliseoak iragan astelehenean ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.