Ez da ia tarterik izan arnasa hartzeko, trantsizio bat egiteko. Frantziako presidentetzarako bozetako bigarren itzuliaren emaitzak jakin eta berehala, hauteskundeetako protagonistek argi utzi dute egoera gainditu dutela, eta ekainean egitekoak diren Asanblearako bozetara begira jarri direla jada. Jean-Luc Melenchon ezkertiarra izan zen hori egiten lehena, iragan astean, eta, herenegun gauean, Emmanuel Macron garailea eta Marine Le Pen garaitua, biak ala biak aritu ziren hirugarren itzulitzat jotzen duten topaketaz. Batez ere, estatuburu hautatua: herritarren «mezuak entzun» dituela esanda, agerian utzi nahi izan zuen badakiela milioika herritarrek eskuin muturraren garaipena eragozteko egin dutela haren alde. Eta, beraz, berriz ere borrokatu beharko duela ekainean aulkien gehiengoa lortzeko, boto emaileak konbentzitzeko.
Frantzia hiru bloketan zatitu da, eta horietako bi Macronen aurkako herritarrek osatzen dituzte; horretaz jakitun dago agintaria, eta, herenegun gaueko hitzaldian, adierazi zuen datorren legealdian aintzat hartuko duela errealitate hori. Are, abstentziora jo dutenen «isiltasuna» ere entzungo duela esan zuen —%28 ingurukoa izan da—:«Hemendik aurrera ez naiz alde baten hautagaia izango; guztion presidentea naiz».
Frantziako eta Europako banderez apaindutako ekitaldia egin zuen Macronek Parisen, Eiffel dorrearen alboan, eta, hain justu, bere herrialdea eta Europako Batasuna izan zituen mintzagai: «Frantzia independenteago baten eta Europa indartsuago baten aldeko proiektua» sustatuko zuela jakinarazi zuen, beste behin ere. Horrekin batera, hitzeman zuen «nazio ekologiko bat» eraikiko duela, kanpainan hainbatetan berretsi moduan: «Datozen bost urteak ez dira lasaiak izango, baina historikoak izango dira; denok batera idatziko ditugu belaunaldi berrientzat. Gutako bakoitzak izango du ardura». Ekologismoaz, Macronek asteotan aurreratu du lehen ministro berriak izango duela auzi horren ardura, eta iragan agintaldian eman ez zion garrantzia eman nahi diola afera horri.
Lehenik, baina, agintariari komeni zaio ekaineko Asanblearako bozetan gehiengo osoa biltzea, 2017an egin zuen modura. V. Errepublikan bada presidentearen alderdiari eserlekuen erdiak baino gehiago emateko ohitura, eta joera horri bere horretan eustea nahi du Macronek. Ez du, ordea, dena aldeko izango: aurten, presidentetzarako eta behe ganberarako hauteskundeen arteko tartea aurrekoetan baino handiagoa da, eta horrek kalte egin diezaioke Frantziako presidenteari, dinamika pixkanaka ahuldu baitaiteke asteek aurrera egin ahala.
Asanblean gehiengo osorik lortuko ez balu, eta beste alderdiekin akordio batera iritsiko ez balitz, gobernabidera begira testuinguru zail batean ikusiko luke bere burua Macronek.
«Proiektu txikitzailea»
Le Penen herenegun gaueko hitzaldiak ez zirudien amore ematearen diskurtsorik. Are, porrota ia aipatu ere ez, eta, horren ordez, borroka politikoan jarraitzeko nahia adierazi zuen hainbatetan buruzagi ultraeskuindarrak, borroka hori «abandonatzeko» asmorik ez duela berretsita. Finean, Le Penek ere gehiengo osoa nahi du Asanblean, eta, horregatik, Macronen «proiektu txikitzailea» gelditzeko eskatu zuen. «Frantziako eta Europako agintarientzako mezua izan da hau, eta ezin dute beste alde batera begiratu», ohartarazi zuen eskuin muturreko buruzagiak.
Le Penen estrategia Melenchonen bera da. Agintari ezkertiarrak iragan astean esan zien boto emaileei lehen ministro aukera dezatela, haren indarrari —edo ezkerreko alderdiek osatu dezaketen aliantzari— eserlekuen erdiak baino gehiago emanda ekaineko hauteskundeetan.
Melenchoni eta Le Peni dagokienez halakorik gertatuko balitz, kohabitazio garaia izango lukete Frantziako politikan, zenbaitetan gertatu bezala: presidentea alderdi eta ideologia batekoa izatea eta lehen ministroa beste batekoa, gobernuburuaren indarrak duelako gehiengoa behe ganberan.
Horretarako, Melenchonek ezkerra elkartu nahi du barrutietan zerrenda bateratuak aurkezteko, eta, lehen informazioen arabera, badaude aukera handiak LFI Frantzia Intsumisoa, EELV Europa Ekologia-Berdeak, PCF Frantziako Alderdi Komunista eta NPA Alderdi Antikapitalista Berria ados jartzeko. PS Alderdi Sozialistarekin zer gertatuko den, hori izango da ezkerrarentzat gakoetako bat; negoziazio horietan parte hartzeko prest agertu dira, eta bihar izango dute lehen bilera LFIrekin.
Eskuin muturrari dagokionez, Eric Zemmourrek «eskuinen batasunera» deitu du, baina badirudi Le Penek ez duela horretarako asmorik, ezta LR Errepublikanoek sektore horretara hurbiltzeko nahirik ere. Hortaz, oraingoz, badirudi Macronen oposizioa, alternatiba izateko lehia, eskuin muturraren eta ezkerraren artekoa izango dela datozen asteetan.
Epe laburrerako lana izango da ekaineko bozen kanpaina, baina alderdi guztiek badute lana datorren agintaldirako. 2017ko hauteskundeetan, sozialisten oinarriaren gehiengoa Macronengana joan zen, eta, aurten, LR-rengana. Mugimendu horiek, presidentearen eboluzioa islatzeaz gain, beste galdera bat jartzen dute agerian: estatuburuaren azken legealdia izango dela kontuan harturik, zer egingo dute haren boto emaileek urteotan?
Presidentetzarako bozak Frantzian. Bigarren itzulia
Macron Asanblearako bozetara begira jarri da jada, herritarren «mezuak entzunda»
Frantziako presidentearen bigarren garaipenak ekaineko hauteskundeetako lehia abiatu du. Le Penek esan du ez duela borroka politikoa «abandonatzeko» asmorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu