Macriren lorratza ezabatzea helburu

Lau urtez oposizioan egon ostean, peronistak boterera heldu dira berriz ere. Etxe Arrosean ez ezik, kaleetan ere txaloka hartu dute Alberto Fernandezen garaipena. Emakumeen, Generoaren eta Aniztasunaren Ministerioa sortzea eta argindarraren eta erregaiaren prezioak izoztea izan dira gobernu berriaren lehen neurrietako bi.

Ospakizunak kalean. Milaka lagun bildu ziren Etxe Arrosaren kanpoaldean, Fernandezi babesa emateko. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Hogei urterako zen proiektuak lau urte iraun dio Mauricio Macri zentro-eskuineko buruzagiari. Izan ere, Argentinan duela 70 urte bi agintaldi osatzeko aukera zabaldu zutenetik lehen aldiz, estatuburu batek ez du bigarren legealdia osatzeko adina babes lortu —zortzi punturen aldea atera zion Alberto Fernandez buru zuen Frontea Denontzat koalizioak—.

Kirchnertarrak agintean zirenean oposizioan zirenekin bat egin izanak —egungo presidente Alberto Fernandez izan zen Cristina Fernandezen aurkari nagusia hura agintean zenean— eta herriak Macriri dion haserreak ahalbidetu zuen peronistak boterera itzuli ahal izatea. Izan ere, zentro- eskuinak ez zuen asmatu alor ekonomikoan, eta, egun, Argentinako herritarren %40 pobrezia tasaren azpitik daude. Hari gertatutakoa berriz ez gertatzeko helburuarekin, lehentasun argiak jarri dizkio gobernu berriak bere buruari. Hemen nagusiak:

GOBERNUA

Hitzaldi neurtu baina indartsu batean, eta Cristina Fernandez aldamenean zuela, bigarren maila zuhur batean, Alberto Fernandezek bere gobernu kudeaketaren lehentasunak xehatu zituen abenduaren 10eko kargu-hartze ekitaldian. Ordubeteko hitzaldian, psikoanalisiaren eta olatu feministaren herrialdean, inoizko akatsik txalotuena egin zuen presidente berriak, eta «volveremos para ser mujeres» esan zuen(emakumeak izateko itzuliko gara), «volveremos para ser mejores» esan beharrean (hobeak izateko itzuliko gara). Osasun ministro entzutetsua, Gines Gonzalez Garcia, zeina askok pozez gogoratzen duten osasun publikoaren arloan bultzatutako politiken izaera dela medio, bat-bateko txalo zaparrada batekin hartu zuten alor horretako langileek; eta berretsi zuen berea Ministerio berde bat zela, abortu segurua eta doakoa legeztatzearen aldeko kanpainaren koloreari keinu bat eginez. Alde horretatik, presidenteak berak hurrengo urtean hura legeztatzea ahalbidetuko duen lege proiektua aurkeztea espero den arren, Gonzalez Garciak ez zuen 24 ordu ere itxaron Haurdunaldia Borondatez Etetearen Protokoloa berritzeko prozedura bideratzeko —egoera jakin batzuetan legezkoa da abortua—, macrismoak bere azken txostenetako batean debekatu zuena.

Gobernu berriak oso soslai desberdina du bere aurrekoenaren aldean: badu marka berezi bat ardatza auzi publikoan duena. «Macriren gobernuak kargua hartu zuenean, testuingurua manipulatzeko ahalegin handia egin zuten, esanez ezen bizitza pribatuan arrakasta izan zuen jendea—zuzendari exekutibo edo enpresari arrakastatsu izandakoa—, alor publikora igarotzen zenean, egungo funtzionarioak baino merezimendu handiagoz igarotzen zela. Hori porrot izugarria izan zen, eta beldurgarria izango zatekeen eredu horrek arrakasta izan balu, herrialdea multinazional baten gisara kudeatu zitekeela esan nahiko baitzuen», azaldu du Diego Sztulwark irakasle eta filosofia eta politikako ikerketa taldeetako koordinatzaileak.

«Argentinako garai berriaren helburua da, oraingoz, macrismoak bultzatutako neurririk okerrenak geldiaraztea», azaldu du Sztulwarkek. «Egoera okertu ez dadin egindako akordio horren testuinguruan, azaltzen ari dira definizio garrantzitsu batzuk, hala nola krisia ezin dutela behekoek ordaindu, edota borroken garrantziaren aitortza: besteak beste, feministena eta maputxeena».

FEMINISMOAK

Azken urteetan mugimendu feministak esponentzialki haziz joan diren herrialde batean, espero izatekoa zen oihartzunen bat izango zutela egindako eskaerek, baina inork ez zuen espero Emakumeen, Generoaren eta Aniztasunaren Ministerio bat sortzea, bai herrialde osorako eta baita Buenos Aires erkidegorako ere. Feminismoaren bi erreferentek zuzenduko dituzte bi instituzioak. Herrialdean, Elizabeth Gomez Alcorta abokatua izango da buru, eta, Buenos Airesen, Estela Diaz sindikalista. Gomez Alcortak esan zuen azken egunetan feminismoen garaipen bat zela ministerio hori, eta bere sakoneko helburua zela «genero politikak gobernuaren kudeaketa orokorrera eramatea, modu transbertsalean», eta bilatuko zuela indarkeria matxistaren auzia kudeatzeko modu orokor bat, macrismoak ezarritako zigor ikuspegitik urrunduz.

Sztulwarkek estatuko azpiegiturak berez zalantzan jartzen dituen arren, baikor ikusten ditu zenbait izendapen. «Gobernua nola osatu den irakurtzen baduzu, ikusiko duzu badirela ministro garrantzitsuak, Elizabeth Gomez Alcorta kasurako, zeina luxuzko ministro bat den. Milagro Salaren eta Jones Huala maputxearen abokatua izan zen, eta baita gizateriaren aurkako delituen auzietan aritutakoa ere, Ford enpresaren aurkakoan, adibidez. Hau da, izen horiekin frogatzen dute gobernu honen borondatea Macrirenaren erabat aurkakoa dela», ondorioztatu du. «Ikusteko dagoena da nola moldatuko duten gizarte mugimenduen eta estatuaren arteko harremana».

EKONOMIA

Gizarte elkartasunerako eta larrialdi ekonomikoaren barruko ekoizpenaren erreaktibaziorako lege proiektua izenez ezagutzen den egitasmoan islatzen dira gobernu berriaren lehen neurriak. Markak hausteko bezain azkar osatu zuten lege proiektua, eta kargu-hartze ekitaldia egin eta astebete baino gutxiagora bidali zuten Kongresura. Bertan jasotzen dira Martin Guzman Ekonomia ministro berriak eta haren lantaldeak lehentasuntzat dauzkaten ardatzak, %40ko pobrezia tasa duen herrialde horretan aurrera egin ahal izateko.

Bestalde, aipatutako lege proiektuak larrialdiko hainbat neurri biltzen ditu, eta proiektu osoa bateratzen duen puntua da macrismoak maila ekonomiko eta sozial guztietan eragindako larrialdi egoera. Egitasmoa bi ganberek onartu zuten arren, puntu bakoitzaren inguruan egindako eztabaida amaiezinen ostean, Macriren aldekoek erabaki zuten hura onartzeko quorumik ez ematea Kongresuan, eta ofizialistek aliantzak egin behar izan zituzten beste sektore batzuekin beharrezko babesa eskuratu ahal izateko.

Zergen atalean, hamaika erreforma handi biltzen dira, eta haietatik nabarmentzekoak dira sojaren, artoaren eta gariaren gaineko atxikitzeak, banakoen ondasunen gaineko zerga eta dolarrekin egindako erosketen gaineko emendatzeak. Salneurriei dagokienez, argindarraren eta erregaiaren prezioak izoztuko dituzte, eta esku hartuko dute argindarra eta gasa kudeatzen dituzten erakunde publikoetan.

Zorrarena beste atal batean jorratzeko gaia da, zeinean hurrengo ordainketak berrantolatzeko elkarrizketak hasiko dituzten. «Guztiak dira betetzeko moduko promesak», ziurtatu zuen Guzmanek.

Hain zuzen ere, nekazariei eta klase ertainekoen dolarrei egindako atxikitzeak izan ziren Cristina Fernandezen gobernuari arazo gehien eragin zioten neurrietako bi. 2008an, haren gobernuak %35etik %48,7ra handitu zituen nekazaritzaren gaineko atxikitzeak, eta alor horretako patronalak lau hilabete iraun zuten protestekin erantzun zion; besteak beste, bideak itxiz.

Kargua hartu eta berehala, gobernuak hartu zituen beste neurrietako bat izan zen kaleratzeak gutxitzeko dekretu bat onartzea, langabezia %10,6raino handitu den herrialde batean. Datozen sei hilabeteetan, legeak ezarritako kalte-ordaina halako bi ordaindu beharko da arrazoirik gabeko kaleratzeak egiteko.

Aurrez azaldutako neurriak egungo presidenteak eta Martin Guzman Ekonomia ministroak berretsi zituzten. Joseph Stigliz Nobel saridunarekin elkarlanean aritutakoa da Guzman, eta bi agerraldi egin zituen astebete baino gutxiagoan bere programaren oinarri nagusiak azaltzeko. Aldi horietan ohartarazi zuen neurri sortak lehentasuntzat daukala «sektorerik ahulenak babestea, eta aldi berean parametro makroekonomikoak berrezartzea».

Alor ekonomikoan kezka gehien eragiten duten gaietako beste batek lotura du zorra ordaintzeko epeekin. Bai Guzmanek eta bai Fernandezek behin baino gehiagotan esan izan dute Argentinak ezin dituela horiek bete nahiz eta ordaintzeko borondatea duen, eta bere ahalmenen neurrian egingo dituela ordainketa horiek, baina hori ez dela izango herriak gosea igarotzearen bizkar. «Herrialde batek bere zorra horrenbeste handitzen duenean, baina zor hori ekoizpenaren oinarrietan inbertitzeko erabiltzen ez denean, gertatzen ari zaiguna gertatzen da. Gure ekonomia eta gizartea gain behera doaz», adierazi zuen Guzmanek.

LATINOAMERIKA

Inguruko herrialdeen testuinguruari dagokionez, irudia ez da oso adoregarria bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batentzat. Boliviako estatu kolpearen eta Uruguaiko azken hauteskundeen emaitzaren ondorioz, babesa eskain zezaketen azken bi gotorlekuak erori egin ziren. «Nazioarteko eta Hego Amerikako testuingurua nahiko zailak dira. Eta, hala ere, apur bat poztu gaitezke. Zergatik? Behetik kontatu daitekeen guztiagatik», argudiatu du Sztulwarkek. Hark gizarte mugimenduetan eta herrietan du itxaropena.

«Niri gehien interesatzen zaidana da gobernu honetan asko direla gizarte borroketatik datozenak, eta, alde horretatik, oso baikor nago. Ez horrenbeste estatuko burokrazia profesionalizatu egingo delako gaitasun handiagoko jendearekin, baizik eta gizarte mugimenduenganako gerturatze txiki bat dagoelako eta horrek herriaren nahiak entzutea ekar dezakeelako». Sztulwarken arabera, ordea, bada arrisku orokor bat. «Ez dugu behar mugimendu horiek dena estatuaren esku uzterik. Halakoetan, zera gertatu ohi da: estatua aurrerakoiago bilakatzen dela bere hitzaldietan, baina gero gizartean badirela sektore oso erreakzionarioak baldintza egokiak sortzen dituztenak hurrengo gobernua eskuinekoa izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.